Nazioarte mailako Cheikhou Ba artista plastikoak, XIX. mendearen amaierako Parisko zirkuko artista garrantzitsuenetakoa izan zen, 8 urte baino ez zituela Bizkaira heldu zen eta Bilboko kaietan lan eginez askatasuna lortu zuen ‘Chocolat’-en oroimenari eskaintzen dio erakusketa.
Erakusketa OSTIRALEAN zabalduko da ikusle guztientzat, baina BIHAR, arratsaldeko 19:30etan, kalejira bat antolatu da Hiriaren erdialdean, Kalao Galeriatik (Arbolantxa kalea) Martzaako kairaino, Sapali talde senegaldarrarekin eta pailazoaren papera beteko duen Mbaye Sène antzezlearekin.
Bilbon, 2015eko urtarrilaren 14an. Arte afrikarrean espezializatuta dagoen Kalao Panafrican Creations galeriak, lehenengo clown beltzaren, Rafael ‘Chocolat’-en, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako Parisko zirkuko artista garrantzitsuenetakoa izan zenaren, omenez Cheikhou Ba artista senegaldarrak prestatu duen banakako erakusketa inauguratuko du OSTIRAL honetan (19:30etan). Rafael esklabo gisa heldu zen Kubatik Bizkaira, 8 urte baino ez zituela, eta kaietako eta meategietako bizimodu gogorraren bitartez lortu zuen askatasuna. Gure Hirian debutatu zuen –1885 inguruan– Tony Grice clown ingelesarekin arituz.
Joan den mendeko nazioarteko zirkuko artista nagusietakoa eta Bilboko historiaren parte ere badena ahanzturatik berreskuratzeko helburua duen ekimen horrek Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntza du. Erakusketa gaur goizean aurkeztu da, Cheikhou Ba artista senegaldarraren, Jesús Ahedo erakusketaren komisarioaren eta Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Zuzendariaren presentziarekin.
Artea eta oroimena biltzen dituen egitasmoak jai izaerako aurrekari herrikoiagoa izango du bihar. Horrela, 19:30etan, Chocolat buru izango duen kalejira egingo da Hiriaren erdialdean, Kalao Galeriatik (Arbolantxa kalea, 6) Martzaako kairaino –bertan aritu izan zen Rafael lanean–. Kalejiran Sapali perkusio talde senegaldarrak, eta Bilbon ‘El Rubio’ ezizenez ezaguna zen pailazo beltzaren papera beteko duen Mbaye Sène antzezle baita senegaldarrak hartuko dute parte.
Cheikhou Ba, (Senegal 1971) Dakarreko Arte Ederretako Eskolatik (2000) sortutako sortzaile polifazetikoenetakoa da. Eskulturagile eta margolaria da, eta bere lanaren adierazpide nagusietakoa instalazioa da. Bere sorkuntza lanak objektuaren itxuraren lehen maila interpretatzen du, bere funtsezko forma subjektiboan. Bere artelanetako asko berreskuratutako elementuekin eraikitzen ditu, plastikoa, kartoia, alanbrea edo zura, eta horiek erabiltzen ditu adierazpide gisa, askotan, giza esperientziaren sentimendu tragikoarekin sustraitutako gaiak landuz.
AURREKARIAK
Kasualitatez, eta Kalao Panafrican Creations izenekoa duela zenbait urtetik egiten ari den lan ildoaren barruan, Jesús Ahedo bertako zuzendariak, hamarka urte ahaztuta egon ostean Gerard Noiriel historiagile frantziarrak argitara atera zuen biziraupen eta superazio historia bat aurkitu zuen. Frantziako eszenako lehenengo artista beltza izan zenaren, Rafael ‘Chocolat’ clownaren, biografia da. Esklabo bihurtutako eta Kubara deportatutako Afrikako familia batean jaio zen.
Tratulari portuges batek La Habanan esklabo gisa erosi ostean, 8 urte zituela Bizkaira heldu zen –badirudi Abanto-Zierbenan bizi izan zela– granja batean lan egitera. 12 urte zituela bertatik ihes egin eta Bilboko kaietara heldu zen eskale gisa. Bertan askatasuna eta garai hartako meategietako eta kaietako bizimoduaren miseria aurkitu zituen.
Baina 1885ean bere zoria aldatu egin zen, kasualitatez, hirian ari zen Tony Grice clown ingelesa aurkitu zuenean. Pailazo ingelesa liluratuta geratu zen Rafaelen fisikoa eta mugimenduak ikusita, eta berarekin laguntzaile gisa aritzeko proposamena egin zion. Bilbon debutatu ostean, Londonera joan ziren elkarrekin. Handik denbora gutxira bira bat egin zuten Europan, eta garai hartako Pariseko ikuskizun garrantzitsuena zen Le Nouveau Cirque de Montmartre izenekoak kontratatu zituen. Denbora gutxira, La nocce de Chocolat lanean bakarkako lana eman zioten Rafaeli, eta une hartan jarri zioten izen hori.
Tony Gricerengandik bereiztu ondoren, garai hartako clown ingeles garrantzitsuena ezagutu zuen: Footit. Belle Èpoque hartako pailazo bikote ezagunena osatu zuen harekin. Lumière anaiek ere bien sketchak errodatu zituzten 1895 eta 1990 artean, eta hainbat grabatutan eta marrazkitan betiko irudikatu zuen Toulouse Lautrec-en adiskide ere izan zen. Baina 1910etik aurrera, Gizakiaren Eskubideen Adierazpen Unibertsala dela eta, Footitek ‘Chocolat’-i tratu txarrak ematen zizkion eta irrigarri uzten zuen ikuskizuna harrera txarra jasotzen hasi zen klase intelektualaren artean. Ikuskizuna baztertu eta ‘Chocolat’ miseria gorrira itzuli zen berriro ere.
1917an zirku ibiltari frantses batek berarekin bat egiteko gonbidapena egin zion, eta azaroko goiz hotz batean, Bordelen zegoela, hilda agertu zen. Bere gorpua hobi komun batera bota zen. Arrakastaz betetako garaitik ia hil arte, astero joan zen Pariseko umeen ospitaletara, bertan zeuden umeak alaitzera. Bilboko ikusleek bere estilo eta gag bereziak ezagutzeko aukera izango dute, pailazo beltzaren papera beteko duen Mbaye Sène antzezle senegaldarraren eskutik.