BREAKDANCEA DANTZATUKO DU BACHEK BILBON

Konpositore alemaniar bikainaren musikaren erritmoan egingo den dantza urbanoko ikuskizun txundigarriaz gozatzeko aukera izango da herritar guztiei zuzendutako doako saioan.

Euskalduna Jauregiak Red Bull Flying Bach ikuskizunaren bi emanaldi hartuko ditu. Horietan, break dantzaririk onenek J.S. Bachen musikarekin egingo dute dantza.

Bilboko ikusleek aukera paregabea izango dute Red Bull Flying Bach dantza-ikuskizun zirraragarriaren zati batez doan gozatzeko. Bertan, Flying Steps, lau aldiz munduko txapeldun izan den breakdance taldeak, Johann Sebastian Bachen musika barrokoa, kaleko dantza eta erritmo elektronikoak bateratuko ditu. Ikuskizun horrek dagoeneko milaka ikusle txunditu ditu mundu osoan.

Flying Steps taldearen ikuskizunaz gain, Bilboko saio berezian Chey-k ere hartuko du parte, estatuko B-Boy (breakdance dantzari) ezagunenetariko bat nazioartean. Bestalde, Cray Hospitals-ek taldeko break erakustaldia egingo du. Halaber, Emilio ere ikusi ahal izango dugu, poppingean aditua (dantza urbano mota bat da eta muskuluak musikaren erritmoan uzkurtzean eta ondulatzean datza). Kaos breaker-ak aurkeztuko du ikuskizuna, Yimby aretoan (Ercilla, 24), ostiralean, 19:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da tokiak bete arte.

Ikuskizun publiko horren ondoren, Red Bull Flying Bach Euskalduna Jauregian ikusi ahal izango da hilaren 17an eta 18an. Estatura heltzen den lehen aldia izango da, eta Bilbon eta Madrilen baino ezingo da ikusi. Show txundigarri horretan, bederatzi break dantzariren itzulipurdi eta koreografiek bat egiten dute dantzari klasiko baten dantzarekin eta konpositore alemaniar bikainaren melodiekin, Christoph Hagel musikariak berrikusitakoak.

30 herrialde inguruko entzunaretoak bete eta 370.000 pertsona baino gehiagoren aurrean aritu ostean helduko da Red Bull Flying Bach Bilbora. Viena, Stockholm, Mosku, Praga, Copenhaguen, Tokio, Txileko Santiago, Chicago edo Sydney bezalako hirietan publikoak dagoeneko ikuskizun honetaz gozatzeko aukera izan du.

Red Bull Flying Bach 2010. urtean sortu zen, Vartan Bassilek munduko dantza urbanoko eskolarik garrantzitsuenetakoa den Flying Steps akademia ireki eta ikuskizun berezi bat sortzea erabaki zuenean. Bertan, break dantzariak ondo tenperatutako klabearen erritmora mugitzen dira, Johann Sebastian Bachek konposatutako fuga eta preludioen bi ziklo biltzen dituen lanaren erritmora, alegia.