BADEK – ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIAK, BILBOKO ETA SANTANDERREKO PROFESIONALEI ZUZENDUTAKO TAILERRAK ESKAINIKO DITU BERE PRESTAKUNTZA ESKAINTZAREN BARRUAN, BI HIRIEN ARTEKO KULTUR LANKIDETZARAKO “TAN CERCA” PROGRAMAREN BARRUAN

Bilboko Kultura Sailak antolatzen duen jaialdia urriaren 20tik 29ra ospatuko da.

Tailerretan parte hartzeko inskripzioa www.badbilbao.eus webgunearen bitartez egin daiteke dagoeneko

Urriaren 20tik 29ra ospatuko den BADek – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, arte eszenikoetako Bilboko eta Santanderreko profesionalei zuzendutako bi tailer eskainiko ditu, 2012tik bi hirien artean indarrean dagoen kultur lankidetzarako akordioaren barruan. Tailer horietako bat Ruido Interno konpainiak (Santander) eskainiko du. Konpainia horrek berak Un cuerpo ikuskizuna ere aurkeztuko du gure hirian, urriaren 28an, Bilborocken.

“Bilbao – Santander. Tan Cerca” programak hainbat jarduera eskaintzen ditu urtero, txandaka hiri bakoitzean, bi hirietako kultur eragileen eta artisten partaidetzarekin. Aurten Bilboren txanda da, eta proposamenak Arte Eszenikoen eremuan ari dira zentratzen. Hori dela eta, BADen prestakuntza eskaintzaren parte bat esparru hori kontuan izanda egituratu da, Bilboko eta Santanderreko profesionalei zuzendutako bi tailerrekin, indarra hartzen ari diren teknologia berriei eta eszena garaikidean bideoak betetzen duen lekuari buruzkoak, hain zuzen ere.

Lehenengo tailerra Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin – ATAErekin lankidetzan eskainiko da, urriaren 20an Burtsako Udaltegian, eta Paola Guimerans, Koldo Belloso eta Iván Blascoren hiru hitzaldi jasoko ditu. Hitzaldi horiek, ehun argitsuek, sentsoreek eta 3D inprimagailuek eszenarako eskaintzen dituzten aukera berrietan zentratuko dira, hurrenez hurren.

Bideoari buruzko ikastaroa urriaren 27an eta 28an egingo da San Frantziskoko Udaltegian, eta Santanderreko Ruido Interno konpainiak eskainiko du. Tailerra osatuz, bere azken lana, Un cuerpo ikuskizuna, aurkeztuko du Bilbon. Gero eta gehiago dira euren lanetan bideo emanaldiak edo elementuak sartzea planteatzen duten Arte Eszenikoetako konpainiak edo sortzaileak. Hori dela eta, ikastaroan zenbait alderdi tekniko eta Modul8, MadMapper edo Millumin bezalako programak landuko dira.

BESTE TAILER BATZUK
Tailer horiez gain, jaialdiaren prestakuntza eskaintza osatzeko, Albert Quesadak dantza profesionalei eta ikasleei zuzendutako tailerra eskainiko du “La FuNdicIOn” aretoan igandean, urriaren 23an, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Tailer horren xedea inprobisatutako dantzan erabiltzen dugun musikaz eta sortzen dugun erritmoaz konsziente izatea izango da. Horretarako dantza landuko da, dituen era guztietan: bakarkakoak, bikoteak, hirukoteak, etab. jolasen eta mugitzen ari diren partituren bitartez, elkarrekin jolasteko eta dantza egiteko.

Dantzertin, Euskadiko Arte dramatiko eta dantza Goi Mailako Eskolan eskainiko den tailer batek osatuko du eskaintza. Bertan, Igorrek & Morenok, bakoitza norbanako gisa abiatuz eta gure gertuko ingurunea hedatuz, aldaketa soziala gure eguneroko bizitzako esku-hartze koreografien bitartez has daitekeela aztertuko dute. Daily Dances horretan, koreografia, adierazteko tresna gisa proposatzeaz gain, gizarte ekintzako tresna gisa ere proposatzen da.

Ikastaroen edukiari, prezioei eta izena emateko egin beharrekoari buruzko informazio guztia eskuragarri dago jadanik jaialdiaren webgunean: www.badbilbao.eus

SARRERAK SALGAI “LURRAK” IKUSKIZUNAREN AURRE-ESTREINALDIRAKO
BADen hurrengo ediziorako programazio eszenikoari dagokionez, programatu diren ikuskizunen artean, Bilboko eta Gasteizko Udalek aurkeztu duten “Lurrak” euskal zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia jasotzen da. Adrian Schvarzsteinek zuzentzen duen ikuskizunaren kaleko bertsioa Kaldearten eta Bilboko Kalealdian estreinatu zen ekainean, baina aretoko bertsioa URRIAREN 28an estreinatuko da Campos Antzokian. Sarrerak salgai daude dagoeneko Campos Antzokiko txarteldegietan.

Euskal kulturan sustraitutako zirku garaikide ikuskizun gisa ulertzen den ikuskizun horretan, bost antzezle eta lau musikari izango dira bere dimentsioa eta tipologia direla eta euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna eszenaratuko dutenak. Izan ere, formatu handiko ekoizpen lana da, muntaketa teknikoarengatik eta, batez ere, ikuskizunean parte hartzen duen profesional kopuruarengatik.

Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatzen duten bikotea dira. Musikariei dagokienez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castrok, hori ere santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak jotzen dituenak, osatzen dute taldea.