Euskaraz izango den hitzordua Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak aurkeztuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net).
“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran jasoko ditu datorren asteartean, IRAILAREN 20an, euskaraz idatzitako literaturari eta askatasunari buruz berba egiteko, termino horren esanahi zabalenean. “Euskal literatura eta askatasuna” topaketa Goizalde Landabaso kazetariak moderatuko du.
Ohikoa denez, euskaraz izango den topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren.
Jasone Osoro (Elgoibar, 1971) Informazio Zientzietan lizentziatua da. Kazetari gisa egin du lan, eta telebistako aurkezle, laguntzaile eta gidoilari gisa ere aritu da, eta hainbat urte daramatza prentsa idatziko zenbait mediotan kolaboratzen. 1998an argitaratu zuen bere lehenengo kontakizun liburua, Tentazioak, eta bere lan ezagunena, bere lehenengo haurdunaldia lehen pertsonan kontatzen duen Bi marra arrosa (2009) da. 2014an umeei zuzendutako Muma mamua liburua argitaratu zuen, eta iaz, “XVI. Agustin Zubikarai” beka irabazi ostean, 12etan bermuta eleberria argitaratu zuen.
Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974) musikari ere bada idazle izateaz gain, eta azpimarragarria da euskarazko oinarrizko kultura bultzatzeko egin duen lana. 2010ean Errotik eleberria argitaratu zuen. Argitaratu zituen lehenengo lanak poema liburuak izan ziren: Arrakalak (2004) eta Katamalo (2008). Poemak musikatzen, abesti bilakatzen eta musikaren bitartez eta hipokrisiari, beldurrari, maitasunari, zoriontsu izateko ezintasunari, lotsari edo harropuzkeriari buruz berba egiten duten testuen bidez gogoeta bultzatzen aritzen den “Bihotz bakartien klubaren” sortzaileetako bat da.
HAMARGARREN EDIZIOA
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 9.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.