BILBOKO UDALAK AMAIERA EMANGO DIE IRALABARRI AUZOAREN MENDEURRENA OSPATZEKO JARDUEREI, ABENDUAN ANTOLATUKO DIREN PASEALDI GIDATUEKIN ETA GABONETAN EGINGO DIREN FAMILIA OSORAKO ANTZEZTUTAKO BISITEKIN

“Irala, auzo bat baino gehiago” izeneko helduentzako ibilbide gidatuak abenduaren 1etik 20ra izango dira, eta familiei zuzendutako “Harino Panadera, Iralaren bihotza” bisita antzeztuak abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra.

Jarduerak doakoak izango dira, eta ondarearen hedapenerako Bilbao Izan udal programaren barruan daude. Plazak bihartik aurrera erreserbatu ahal izango dira telefono zenbaki honetan: 94 401 00 10 / 010.

Iralabarri auzoaren mendeurrena ospatzeko antolatu diren jarduerei amaiera emateko, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programaren barruan, oraingoan ere, Bilboko Udalak pasealdi gidatuak eskainiko ditu abenduan, gure hiriko gune berezi hori ezagutzeko eta, Gabonetako oporraldian, familia guztiari eskainitako bisita antzeztuak eskainiko dira.

Beraz, urte amaiera honetarako eskaintza bikoitza da. Alde batetik, helduentzako “Irala, auzo bat baino gehiago” bisitetan, oinezko ibilbidea proposatuko da auzoko leku enblematikoenetako batzuetatik, Juan José Irala industria gizonak bultzatu zuen hirigintza eta gizarte arloko proiektu handia ulertzeko eta haren gakoak interpretatzeko: higienismoa hirigintzan aplikatuta eta bertako biztanleen bizitza kalitatea hobetzearen bilaketa. Biztanle horietako asko, Harino Panadera lantegiko beharginak ziren.

Bisitak, gaur egun Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitza den Harino Panadera lantegian bertan hasi eta amaituko dira. Bertan, higiezinaren berriztapen prozesua eta bertako makinen zaharberritzea aztertuko dira. Izan ere, 1902an sortu zen lantegi hori, industria iraultzaren aurrerapenak ekonomiako sektore guztietan aplikatu izanaren adibide bikaina da, kasu horretan ehotzeko eta ogia eskala handian ekoizteko prozesuan.

Bisitatuko den higiezina lantegiaren jatorrizko multzoko zaharrenetakoa da eta, horrez gain, estatu mailan osorik hormigoi armatuz egindako lehenengo eraikinetako bat da. Horrez gain, barruan kontserbazio egoera bikainean jasotzen du oraindik garia ehotzeko erabiltzen zen jatorrizko makineriaren parte handia. Ordubete eta erdi inguruko iraupena izango duten bisitak 17:00etan (gaztelaniaz) egingo dira astelehenetik ostiralera –jaiegunetan izan ezik– eta 10:15ean (gaztelaniaz) eta 12:00etan (euskaraz) larunbatetan, abenduaren 1etik 20ra.

Familiei zuzendutako “Harino panadera, Iralaren bihotza” bisita antzeztuei dagokienez, agertokia lantegia bera izango dute. Harino Panaderako beheko solairuan Gerra Zibilaren aurreko motor elektrikoa dago. Motor horrek, lantegiaren lau solairuetan zeuden makina guztietara konektatutako poleak eragiten zituen. Hori dela eta, sinbolo gisa hartzen da, Irala auzoaren bihotza, Harino Panaderako jarduera izan baitzen auzo honen eraikuntza eragin zuena.

Bisita antzeztuetara joaten diren pertsonek eraikinean egiten zen lana ezagutu ahal izango dute, garai hartako lanbideak ezagutu, irin lantegiak eta bertako makinek nola funtzionatzen zuten ikasi edo ehotze prozesuan murgildu. Euskarazko eta gaztelaniazko bisitak txandakatuz joango dira, eta abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra luzatuko dira –larunbatetan eta jaiegunetan izan ezik–, goizez 10:15ean eta 12:00etan eta arratsaldez 16:15ean eta 18:00etan, ordubete eta erdi inguruko iraupenarekin. Bi jarduerak doakoak izango dira, baina beharrezkoa izango da plazak erreserbatzea, bihartik, ostiraletik, aurrera, telefono zenbaki honetara deituz: 94 401 00 10 / 010.

Bilbao IZAN programa duela hamabi urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta, orokorrean historian interesa duten guztiei, hiriaren ondarea eta bilakaera, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten eraikuntza prozesua ezagutarazteko.