BILBOKO UDALAK MIGUEL DE UNAMUNO SAIAKERA LEHIAKETA, BLAS DE OTERO POESIA LEHIAKETA, GABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETAREN SARIAK EMAN DITU

Raquel Ramírez de Arellanok “La arquitectura de las colmenas” poemabildumarekin eta Zornotzako Rafael Ugalde Iragorri idazleak “Hondar aleak” lanarekin lortu dute sari nagusia gaztelaniaz eta euskaraz Blas de Otero Poesia Lehiaketaren X. edizioan.

Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVIII. edizioko sariak Mario Martín Gijónek irabazi du gaztelaniazko modalitatean, pentsalari bilbotarraren figuraren inguruko testu batekin, eta Asier Amezaga Etxebarriak, euskaraz, Gabriel Aresti Bilboko poetaren inguruan.

Antonio Tocornal Blancok “Cundi macundi” ipuinarekin eta Amaia Lekunberri Ansolak “Ezkontza” lanarekin irabazi dute Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIV. edizioko sari nagusia. Accesitak eman zaizkie Héctor Prahim, Manuel Moya Escobar, Aritz Gorrotxategi Mujika eta Nerea Arrien Elordiri.

Bilboko Udalak urtero deitzen dituen Blas de Otero Poesia Lehiaketaren X. edizioak, Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketaren XVIII. edizioak eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIV. edizioak badauzkate irabazleak. Sariak gaur eguerdian banatu dira Udaletxeko Arabiar Aretoan eta bertan izan dira Juan Mari Aburto Alkatea, epaimahai bakoitzeko kideetako batzuk eta saridunak.

Poesia lehiaketari dagokionez, gaztelaniazko modalitateko irabazlea Raquel Ramírez de Arellano idazle madrildarra da “La arquitectura de las colmenas” poema-bildumarekin. Euskarazko modalitatean, Zornotzako Rafael Ugalde Iragorri poetak lortu du sari nagusia “Hondar aleak” lanarekin. Blas de Otero Poesia Lehiaketaren edizio honetan 510 lan aurkeztu dira, horietatik 15 euskaraz. Asko etorri dira Europatik eta Latinoamerikatik eta horrek frogatzen du guztiz sendotuta dagoen lehiaketa honen nazioarteko izaera. Irabazle bakoitzak 5.500 euro jasoko ditu.

Beste alde batetik, Mario Martín Gijónek irabazi du gaztelaniazko saiakeraren kategoria, “Un segundo destierro. La sombra de Unamuno en el exilio español” izeneko lanarekin. Euskarazko kategorian, Asier Amezaga ikerlariak lortu du saria “Inor ez delako profeta bere mendean, Gabriel Arestiren egunean” lanarekin. Amezaga Soziologiako doktorea da eta aditua da Gabriel Arestiren figuraren inguruan. Bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu. Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketaren edizio honetan 96 lan aurkeztu dira, 89 gaztelaniaz eta 7 euskaraz.

Mario Martín Gijón Filologia Hispanikoko doktoreak eta XX. mendeko literatura espainiarraren adituak sinatu du gaztelaniaz saritu den testua. Miguel Unamunoren figura eta lan eztabaidagarriak 1939ko erbestean izan zuen garrantzia zein zen jakiteko ezinbestekoa dela azpimarratu du epaimahaiak. Adierazi dutenez, entsegu sendo horretan Unamunoren lanaren presentzia eta erbestealdi errepublikarreko egile handienengan (María Zambrano, José Ferrater Mora, José Bergamín, Eugenio Ímaz, Max Aub edo Carlos Blanco Aguinaga) izan zuen eragina aztertzen da. Epaimahaiaren balorazioaren arabera, entseguaren planteamendua originala da gaia modu globalean eta organikoan lantzen duelako. Izan ere, Unamunok idazle zehatz batzuengan izan duen eraginari buruzko azterketa partzial on batzuk egon arren, “intelektual eta egileen hain sorta handian izan duen presentzia aztertzen zuen lanik ez zegoen”.

Asier Amezaga Etxebarria ikerlari eta unibertsitateko irakaslearen entseguari dagokionez, “Inor ez delako profeta bere mendean, Gabriel Aresti egunean”, epaimahaiak bereziki baloratu du gogoeta eta azterketa kritikoa egiteko gaitasun handia. Horrela, bada, Gabriel Arestiren biografian egiten duen ibilbideak Euskal Herriko garai bati buruzko gogoeta zabalagoa egiteko balio du, euskal kultura eta literaturarekin lotutako gaietan sakonduz, bai eta soziologiarekin eta azken hamarkadetan izan diren eztabaida politikoekin lotutakoetan ere. Horrela, Gabriel Arestiren pertsonaren eta bere gorabeheren bidez, entseguak gaur arte heltzen den gainbegirada orokorra egiten du eta Bilboko egilearen figura literario eta politikotik harago doazen gaiak proposatzen ditu.

POESIA SARIAK

Bilboko Udalak Blas de Otero Poesia Sariak ere eman ditu gaur. Euskarazko modalitatean irabazi du Rafael Ugalde Iragorri idazle zornotzarrak “Hondar aleak” lanarekin (2002an Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa irabazi zuen). Epaimahaiak nabarmendu du poema-bilduma honetan, poetaren desio pertsonala argi eta garbi agertzen dela eta zehaztasun handiz marrazten dituela egunerokotasuna eta galdutakoa, ez dauden pertsonak, lagunak edo umezaroa. Gainera, baliabide poetikoen eta hizkuntzaren aberastasuna baloratu dituzte. Ugalde Biologian lizentziatu zen, euskararen irakaskuntzan aritzen da eta dozena erdi liburu argitaratu ditu.

Gaztelaniazko sari nagusia lortu duen poema-bilduma “La arquitectura de las colmenas” da, Raquel Ramírez de Arellano idazle madrildarrarena. Epaimahaiak adierazi du liburu “berealdikoa dela, Pablo Nerudak nabarmentzen ziren lanei ematen zien zentzuan”, hau da, berealdikoa luzeragatik, berealdikoa hitzen aberastasunagatik eta berealdikoa irudien oparotasunagatik, hitzen basoen gainetik hegan egiten baitute. Ildo horretatik, azpimarratu dute landutako liburua dela, non hitz bakoitza irudi poetiko batekin doan, non metafora bertso batetik beste batera doan, jauzi bizkorrekin.

Raquel Ramírez de Arellano Filologia Hispanikoan lizentziatu zen Unibertsitate Konplutentsean eta 2000. urtetik Gaztelania eta Literaturako klaseak ematen ditu Bigarren Mailako Hezkuntzan. 2014an “Riego automático” lehen poema-liburua argitaratu zuen Ártese quien pueda argitaletxean.

IPUIN LEHIAKETA

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIV. edizioak sari nagusia eman dio gaztelaniazko modalitatean Antonio Tocornal Blanco idazleari “Cundi Macundi” kontakizunagatik. Epaimahaiak esan du kontakizun konplexua dela eta atzean dagoen idazleak “begirada paregabea daukala, oso ondo dokumentatua dagoela eta prosa ondo menderatzen duela”.

Euskarazko ipuinen modalitatean, Amaia Lekunberri Ansola kazetariak eta generoaren arloko adituak irabazi du “Ezkontza” ipuinarekin. Kasu honetan, epaimahaiak adierazi du ipuin fresko eta ausarta dela, eta bere originaltasuna eta punturik gabeko paragrafoak idazteko zailtasuna baloratu ditu. Amaia Lekunberri fotokazetaritan eta argazki dokumentalean espezializatutako kazetaria da eta buru-belarri dabil orain ikerketa feministan eta generoaren arloko ikerketan. Gaur egun anorexiaren inguruko doktore-tesian dabil lanean. Saria 3.500 eurokoa da, modalitate bakoitzean.

Gainera, epaimahaiak 1.750 euroko lau accesit eman dizkie Héctor Prahim-eri (“Aflicción”) eta Manuel Moya Escobar-eri (“Que amanecía”) gaztelaniazko ipuinen kategorian eta Aritz Gorrotxategi Mujikari (“Burua leihoan jarrita”) eta Nerea Arrien Elordiri (“Matrioska”) euskarazko ipuinen modalitatean. Azken edizio honetan 1.326 lan aurkeztu dira, 1.252 gaztelaniaz eta 74 euskaraz.

Blas de Otero-Bilboko Uria Poesia Lehiaketa, Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketa eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero deitzen ditu Bilboko Udalaren Kultura Sailak, literatur jarduera sustatzeko eta talentu berriak aurkitzeko, eta hiru egile bilbotarren memoria eta lana bizirik mantentzeko.