Bilboko Udala da, 2020. urtera arte profesionalak prestatzeko eta ikuskizunak sortzeko, erakusteko eta nazioartera zabaltzeko EBren aldetik 1,3 milioi euro jaso dituen mugaz gaindiko ekimen horren bazkideetako bat.
Bilboko Udalak, BAD – Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren bitartez, bat egin du arte eszenikoen alorreko Europa mailako lankidetzarako Pyrenart ekimenarekin. 2020. urtera arte profesionalak prestatzeko eta ikuskizunak sortzeko, erakusteko eta nazioartera zabaltzeko programak aurrera eramateko mugaz gaindiko ekimen horrek bi milioi eurotik gorako aurrekontua du –1,3 milioi euro jaso ditu EBtik–.
Pyrenart, arte eszenikoetan ari diren erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetzarako proiektua da, enpresa txikientzat eta ertainentzat enpresa eredu berriak garatzeko eta aplikatzeko, enpresa horiek nazioartera zabaltzeko, batez ere. Lankidetzaren helburua ez da sektorearen potentzial ekonomikoa indartzera mugatzen, artisten mugikortasuna erraztea, haien gaikuntza profesionala hobetzea eta elkarrizketa artistikoari, nazioartekotzeari eta enpleguaren sorkuntzari lagunduko dieten sare profesionalak sortzea ere bilatzen du.
Pyrenart, POCTEFAk – Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako programak bultzatutako proiektua da, eta gainerako kideak hauek dira: Languedoc-Roussilon-eko Réseau en Scène; Le Parvis kultur gunea; CIRCa zirku Zentro Nazionala; Foxeko eta l’Ariègeko L’Estive Zentro Nazionala; L’Oara, Akitaniako lurraldeko bulego artistikoa; la Bitó Produccions enpresa, Temporada Alta Jaialdiko zuzendariak; Zaragozako Patronato Municipal de Artes Escénicas e Imagen izenekoa; eta Nafarroako Antzerki Eskola.
Talde horrek, arte munduko trukaketa eta sektorearen nazioartekotzea bultzatzeko funts propioak eta besteenak mahai gainean jartzeaz gain, elkar aberastea ere bilatzen du, jardunbide onak konpartituz, prestakuntzarako baliabide berriak sortuz eta denboran irauteko diseinatuta dauden lankidetzarako esparruak ezarriz. Horrez gain, bazkideak lankidetzarekin erlazionatutako aurrekarietan oinarritzen dira, eta orain ustiapena hobetzean zentratzen dira.
Proiektua hiru urtez luzatuko da, eta hiru urte horietan hainbat ekintza egingo dira. Horien artean hauek azpimarra daitezke: prestakuntza espezifikoa ikuskizunei azpi-tituluak jartzen; euskal enpresen eta ekintzaileen presentzia sektoreko nazioarteko azokatan; presentziazko prestakuntza mintegiak; aukeratutako proiektuen mentoring-a; gutxienez euskal hiru ikuskizunen eta nazioarteko kultur espazioen arteko ekoizpena; eta proiektua sektoreko ekitaldi nagusietan hedatuko duten nazioarte mailako profesional transmititzaileen sarearen sorkuntza.