Ekitaldia gaur izango da, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, Arriaga Antzokiko agertoki nagusian, 20:00etatik aurrera. Gaur arratsaldeko ekitaldian lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburren emanaldia ere egingo da.
Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 61ek gaur arratsaldean zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian, 20:00etan, omenaldi bikoitzarekin, Claire Simon zinegile frantsesari eta Wang Bing zuzendari txinatar ospetsuari, edizio honetako Ohorezko Mikeldia jasoko duten zinegileetako biri. Wang Bing gaur goizean agertu da komunikabideen aurrean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak lagunduta. Claire Simon gaur arratsaldeko lehenengo orduan helduko dela aurreikusten da.
Gure garaiko zinegile ospetsuenetakoa den Wang Bingen zineak sariak eta txaloak jaso ditu mundu osoko jaialdi nagusietan, Venezian, Locarnon, Berlinen edo Cannesen, besteak beste. ZINEBI 61eko Ohorezko Mikeldiak zine garaikideko zinegile berritzaileenetakoa aintzatetsi gura du, izan ere, bere begirada guztiz originala da, eta horren bidez, aldi berean hunkigarria eta erabat objektiboa den eran, ahotsik gabeko jendea eta ahaztuta dagoen Txina hartan jende horrek bizirik irauteko aurrera daraman borroka erakusten jakin du.
Horrez gain, ZINEBI 61ek, zinegilearen filmografiako film labur eta ertain garrantzitsuenen aukeraketa emango du: Xi Yang Tang (Happy Valley) (29 min), L’argent du charbon (Coal Money) (52 min) eta Yizhi (Traces) (29 min). Proiekzioen aurretik topaketa egingo da zuzendariarekin, eta jendearentzat irekita egongo den masterclassa emango du, igande honetan, 17:00etatik aurrera, Arte Ederren Museoan. Jaialdiaren programazioaren barruan, gainera, Man With No Name (92 min) lanaren Bilboko estreinaldia jasotzen da, batez ere museoetan eta galerietan, Centre Pompidoun (Paris), Tate Modernen (Londres) edo Reina Sofian, besteak beste, erakutsi den dokumentala. Proiekzio hori ere Bilboko Arte Ederren Museoan izango da, astelehenean, 19:00etan.
IBILBIDEA
Gure garaiko zinegile garrantzitsuenetako bat, Wang Bing, milurteko berriko Txinako zinearen ahots garrantzitsuena bilakatu da. Wang Bingek, bere herrialdeko errealitatearekiko konpromisoari eusteko tresna onena bilakatu du zinea egiteko duen modua –ia bakarrik, bera bere kamerarekin eta grabatzen zituen pertsonekin–.Erraldoi txinatarraren suspertze ekonomikoaren bidean geratu ziren pertsonengana hurbiltzeko jaio zen bere zinea. Bere filmetako protagonistak beherakada handia ezagutu zuten siderurgia multzo handietako langileak dira; pobreziaren ondorioz goizegi hazi behar izan duten umeak; herrialdea puntaz punta zeharkatuz lehengaiak garraiatzeko euren biziak arriskuan jartzen dituzten kamioilariak; lanaldi luze-luzeak bete behar dituzten beharginak. Azken batean, XX. mendearen amaierako Txinako mirari ekonomiko haren partaideak eta biktimak dira.
Xi’an hirian jaio zen, Zetaren Ibilbidearen ekialdeko muturrean. Wang Bingek haurtzaro gogorra izan zuen, nerabe zela aitaren heriotzak markatua. Argazkilaritza ikasi zuen Luxuneko Arte Ederren Eskolan, eta ondoren zinea Beijingen. 90eko hamarkadaren amaieran hasi zen telebistan lanean, eta 1999. urtearen amaieran zinea egiteko era pertsonalari ekitea erabaki zuen, Shenyang hirira joanez. Bertan, Tie Xi industrialde jendetsuko langileak grabatu zituen, eta 300 ordu inguruko materialean oinarrituta, West of theTracks (铁西区, 2003), aurkeztu zuen, bederatzi ordu irauten dituen film monumentala, bere lehenengo film luzea, Marseillako Nazioarteko Dokumental Jaialdian aurkeztu zuena. Frantziako areto komertzialetan estreinatzea lortu zuen.
Gaur egungo beste zinegile batzuetan ikusten ez den konstantzia eta zorroztasun handiz, Wang Bingek film hura filmatu zuen modua oinarri hartuta eraman du aurrera du bere ibilbide dokumental osoa. Horrela hurbildu da bere herrialdeko jende baztertuarengana, gaur egun eta iraganean. Alde horretatik, Wangek bere herrialdeko memoria historikoan zentratutako dokumentalen mosaikoa gehitzen dio Txinako gizartea bizi den unearekin duen konpromisoari, Mao Zedongek ezarritako lan behartuen eremuetatik bizirik atera zirenen lekukotza ugarirekin. Shanghai youth (une honetan lantzen ari den proiektua) barne, fikziozko film bat eta 21 dokumental zuzendu ditu: laburrak, luzeak, eta oso luzeak, 15 ordu artekoak.
EUSKAL FILM LABURRAK
Jaialdiaren azken edizioetan ohikoa denez, ZINEBI 61eko inaugurazio ekitaldiak, Sekzio Ofizialean lehiatuko diren euskal film laburren proiekzioa ere jasoko du. Hauek izango dira: Xulia, Lur Olaizola (dokumentala); Mateoren ama, Aitor Arregi eta José Mª Goenaga (fikzioa); Ártico, Jesús Mª Lazkano eta Josu Venero (dokumentala); Anti, Josu Martínez (fikzioa); Medvedek, Ainhoa Gutiérrez (dokumentala); Regina, Lander Ibarretxe (fikzioa); eta Solo son peces, Paula Iglesias eta Ana Serna (dokumentala).