BILBOK LE VILLAGE LANAREN, CLAIRE SIMON ZINEGILE FRANTSESAREN, BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBIREN 61. EDIZIOKO OHOREZKO MIKELDI SARIAREN, AZKEN SERIEAREN, ESTREINALDIA JASOKO DU

Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin, ZINEBI 61ek Le Village serie dokumentalaren, Claire Simonen azken lanaren, Estatuko aurkezpena jasoko du, GAUR ARRATSALDEAN. 17:00etatik aurrera izango da, Arte Ederren Museoan.

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 61ek, Le Village seriearen estreinaldia emango du gaur arratsaldean. Jaialdiaren 61. edizio honetako Ohorezko Mikeldia jasoko duen Claire Simon zinegile frantsesaren azken lana da. Atzo gauean, Arriaga Antzokian egin zen inaugurazio ekitaldian ZINEBIren omenaldia jaso zuen Claire Simonek bere jakin-minei, sorkuntza prozesuei eta zine garaikideari buruz duen ikuspegiaren gaineko Masterclass bat eman du gaur goizean, jende guztiarentzat zabalik.

Ohorezko Mikeldiarekin, ZINEBI 61ek, Claire Simonek Europako zine garaikidearen forma narratiboen eta estetikoen eta lengoaiaren berrikuntza erradikalaren alde egindako apustua aintzatetsiko du. Zinegile frantziarraren lanak izaera ezohikoa, pertsonala eta nolabait aktibista erakusten du. Bere filmografiak, orokorrean, oso estilo eklektikoa eta hibridoa du, cinema vérité izenekoaren tradizioari lotuta, beti ere fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak zalantzan jarriz.

Claire Simonek aurten bertan amaitu du ordu erdiko 18 kapituluk osatzen duten Le Village serie dokumentala. Zine dokumentalaren eta nekazaritzaren artean dagoen erlazioari buruzko suspensezko filma da, Lussasen, Frantziako Ardèche lurraldean, girotua. Urtero, herri horrek États généraux du film documentaire izenekoa jasotzen du. Bertan, mahastizainak eta zine dokumental banatzaileak merkatuaren legeen kontra borrokatzen dira, maite dutena egiteko eta saltzeko: mahatsondoak, ardoa eta filmak. Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin, ZINEBI 61ek seriearen Estatuko aurkezpena jasoko du, GAUR, 17:00etatik aurrera, Arte Ederren Museoan.

IBILBIDEA
Etnologia ikasketak egin eta arabiera eta bereberera ikasi ondoren, Claire Simon (Londres, 1955) antzezle, argazkilari, gidoilari, muntatzaile eta zinegileak modu autodidaktan hasi zuen zine ibilbidea. Lehenengo film laburra Madeleine (1976) izan zen, eta haren ondoren Tandis que j’agonise (1980) eta Moi, non où l’argent de Patricia (1981) etorri ziren. Denbora gutxira, zine zuzena izenekoaren jardunbidea ikasi zuen Jean Rouch-ek sortutako Varan tailerretan, eta zenbait film luze dokumental zuzendu zituen, horien artean, Les patients (1989), Coûte que coûte (1995) eta Recréations (1998). Lan horiekin zenbait sari lortu zituen nazioarteko hainbat zinemalditan.

Sinon, oui (1997) fikziozko lehenengo film luzea Canneseko Zinemaldiko Quinzaine des Realisateurs atalean proiektatu zen. Dokumentalaren eta fikzioaren artekoa den hurrengo lana, Ça c’est vraiement toi (2000), Europar Parlamentu barruan filmatu zen, eta Belforteko (Frantzia) Nazioarteko Entrevues Zine Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen. Zine dokumentalera itzuli zen 800 kms de différence /Romance (2000) eta Mimi (2003) lanekin, eta biak Berlinalen aurkeztu zituen.

Ça brûle (2006) fikziozko bigarren film luzeak ere Canneseko Quinzaine-an hartu zuen parte. Berriro ere dokumentalaren eta fikzioaren arteko lanetara itzuliz, 2008an Les bureaux de Dieu zuzendu zuen, eta lan horrekin berriro hartu zuen parte Quinzaine-an. 2008 eta 2013 artean asmo handiko fikziozko proiektuan hartu zuen parte, Geographie humaine eta Gare du Nord lanek osatutako diptikoan, hain zuzen ere.

2014an Frantziako Officier des Arts et des Lettres izendatu zuten, eta Le concours film luze dokumentala egin zuen. Horren argumentuaren oinarria, berak irakasle gisa lan egin zuen La Femis ikus-entzunezko prestakuntza zentro ospetsuan ikasle gisa sartzeko hautagaien aukeraketa probak dira. Filmak Veneziako Nazioarteko Zinemaldiko Dokumental Onenaren Saria lortu zuen urte berean, eta ZINEBIren 58. edizioko lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs sekzioan ere hartu zuen parte.

2018an, Berlinaleko 68. edizioko Forum sekzioan estreinatu zen Premières solicitudes dokumentala egin zuen, gaur egungo nerabeei dagozkien ohiko lekuak eta klixeak zalantzan jartzen dituen erretratu dibertigarri eta maltzurra. Bere filmografiak, orokorrean, oso estilo eklektikoa eta hibridoa du, eta nabarmen erakusten du zine genero desberdinen arteko forma aldeko edozein oztopo mota gainditu beharra.