ZINEBI 61EN OSPAKIZUNAREKIN BAT EGINEZ, BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAREN “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUAK LUIS MARÍAS ETA ENEKO OLASAGASTI ELKARTUKO DITU AZAROAREN 12AN, ZINEKO GIDOIARI ETA LITERATURARI BURUZKO SOLASALDIAN

“La literatura también es un guión” hitzordua Alicia San Juan kazetariak moderatuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus)

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak “Eztabaidak literaturarekin” ekimeneko beste hitzordu bat jasoko du datorren asteartean, azaroaren 12an. Oraingo honetan, Luis Marías eta Eneko Olasagasti zine gidoilari eta zuzendariak elkartuko ditu, gaurtik 15era Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren – ZINEBIren 61. edizioa ospatzen dela baliatuz. “La Literatura también es un guión” hitzordua Alicia San Juan kazetariak moderatuko du, arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte eta Streaming-ez jarraitu ahal izango da.

“Eztabaidak literaturarekin” ekimeneko hitzordu berriak, zineko gidoiaren bitartez zinearen eta literaturaren artean beti egon den erlazioa aztertuko du. Zenbait gai landuko dira, literatur lanak, berez, gidoi on bat izateko dituen aukerak, liburu arrakastatsuak film ona bermatzen duen ala ez, edo gidoi batek jatorrizko literatur testua hobetu dezakeen. Horrez gain, gidoilariak literaturako testu bat egokitzeko eta pantailara eramateko orduan egiten duen lana azpimarratuko da, eta jatorrizko gidoia literatura den ala ez aztertuko da.

Luis Marías (Bilbo) Informazio Zientzietan lizentziatua da EHUtik. Bilboko gidoilariaren ibilbide luzean “Farmacia de guardia” edo “Al filo de la ley” telebistako serieak, eta “Todo por la pasta” (Enrique Urbizu, 1991), Gidoi moldatu onenaren Goya saria eman zion “Mensaka” (Salvador García Ruíz, 1998), eta Gracia Querejetak zuzendu eta Maribel Verdú eta Paula Echevarría protagonista izan zituen “Ola de Crímenes” (2018) komedia beltza filmak daude. Bi film luze zuzendu ditu, “X” (2002) eta “Fuego” (2014), eta 2004tik bere ekoiztetxea dauka, Historias del Tío Luis.

Eneko Olasagastiri (Donostia) dagokionez, gidoilaria eta ekoizlea da, eta esperientzia zabala du antzerki, zine eta telebista zuzendari gisa. Antzerkian, Ama begira zazu eta Metxa zuzendu ditu, beste batzuen artean; telebistan Bi eta bat, Jaun eta jabe eta Martin; eta zinean Maité eta Sí, quiero film luzeak –horien gidoilaria ere izan da–, eta baita Barrura begiratzeko lehioak eta Alardearen Seme-Alabak dokumentalak ere. Zinegintza eta antzezleen zuzendaritza prestakuntza eman du, eta baita Donostiako TAE/AETrako, EABrako eta AISGErako beste ikastaro batzuk ere.

2007. urtearen hasieran “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egindako jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Joan den 2018an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Suso de Toro eta Màrius Serra, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miguel Sánchez – Ostiz eta Miguel Gutiérrez Garitano, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre, Julia Otxoa eta Edurne Portela, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa, Ana Merino eta Manuel Vilas, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek eman zioten amaiera urteari.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.