BILBOKO ALKATEAK DONOSTIA 2016, EUROPAKO KULTUR HIRIBURUA BABESTU DU

DSS2016EUko zuzendari nagusiak eta kultur programaren zuzendariak programa ofiziala aurkeztu dute Bilbon, Bizkaiko hiriburuko eta Donostiako alkateekin batera.

Egun gutxi falta dira Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzaren urteari hasiera emateko. Horren harira, DSS2016EUko zuzendari nagusi Pablo Berásteguik eta Donostia 2016ko kultur programaren zuzendari Xabier Payak programa ofiziala aurkeztu dute Azkuna Zentroko Kulturen Atrioan. Han izan dira, baita ere, Donostiako alkate Eneko Goia eta Bilbokoa, Juan Mari Aburto.

Aburtok esan du Bizkaiko hiriburuak babes osoa ematen diola Berásteguik zuzendutako proiektuari. Halaber, adierazi du guztiz ziur dagoela Donostia 2016k arrakasta izango duela. Horrez gain, DSS2016EUko arduradunei eskerrak eman dizkie bertaratzeagatik eta ekitaldi ireki baten bitartez herritarrei programaren berri emateagatik.

Gipuzkoako hiriburuko alkateak, bestalde, nabarmendu du proiektuak berebiziko garrantzia duela lurraldeko herritarren artean batasuna eta elkarbizitza sustatzeko. Eneko Goiak nabarmendu du Donostia 2016 ez dela “hiriaren proiektua bakarrik; herrialde osoarena baizik. Donostiaren eta Euskadiren irudia mundu osora zabaltzeko lanetan Bilbo gurekin egotea nahi dugu, gaur hemen dagoen moduan”.

Honako hau Bilbon egiten den proiektuaren bigarren aurkezpen-ekitaldia da. Ekitaldi hau DSS2016EUk azken hilabeteetan egin dituen aurkezpen-saioetako bat da. Saio horiek iragan urrian Tabakaleran programa ofiziala aurkeztu ondoren abiatu ziren.

Proiektuaren arduradunek programaren zertzelada nagusiak azaldu dituzte, eta datorren urtean herritarren gozamenerako antolatu diren ia ehun proiektuetatik 12 azpimarratu dituzte. Horietako batzuk dira Uda-gau bateko ametsa, Bake-ituna, Emusik eta Time Machine Soup. Berásteguik herritarrei dei egin die Donostia bisita dezaten eta programa osatzen duten askotariko jarduerez goza dezaten. Payak, berriz, nabarmendu du proiektua Gipuzkoako hiriburuaren mugetatik haratago doala, Europa osora hedatzen baita. Hala, jarduera batzuk Bizkaian egingo dira, besteak beste hauek: Gaur Konstelazioak (Bilboko Arte Ederren Museoan) eta Bake-ituna, 1937. Gernikari buruz. Guerra eta civitas-a (museo berean). Horrez gain, 2016 Bidea ibilbideak EAE, Nafarroa eta Iparraldea zeharkatuko ditu.

Inaugurazio-astea urtarrilaren 20an hasiko bada ere, bi egun barru Donostiak, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera, 2016ko Europako Kultur Hiriburutza eskuratuko du.

Donostia 2016ko ordezkariek honako proiektu hauek nabarmendu dituzte:

-Uda-gau bateko ametsa: William Shakespeare hil zela 400 urte beteko direla eta, Cristina Enea haren obra esanguratsuenetako baten agertoki izango da: Uda-gau bateko ametsa. Antzerkia, dantza eta musika elkartzen dituen ikuskizun bat da, eta publikoari parte hartzeko aukera eskaintzen dio; izan ere, ezteietako bazkariko gonbidatuak izango dira bertaratzen direnak, emanaldia garatzeko testuinguruan.

-Chejov vs. Shakespeare: Literatura-proiektu honetan, Europako idazleek literaturari eta idazlearen gatazkei eta zereginari buruzko gutunak trukatuko dituzte. Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Luisa Etxenike, Laura Mintegi, Arantxa Urretabizkaia, Fernando Aramburu eta Angel Erro idazleek elikatuko dute komunitateen, kontaketen eta literatur praktiken arteko gutun bidezko elkarrizketa. Honako autore hauekin ariko dira, besteak beste: Bashkim Shehu, Dubravka Ugresic, Belén Gopegui, Menna Elfyn eta Mircea Cartarescu.

– Tratos: Tratos-ek Cervantesen Los tratos de Argel (1580) komedia gaur egungo ikuspegitik berriro irakurtzea proposatzen du, Europan etorkin izateko esperientzia bizi izan duten nazioarteko antzezle batzuen eskutik. Haien bizipen eta lekukotzak Ernesto Caballerok koordinatutako prozesu sortzaile batean jasoko dira, Zentro Dramatiko Nazionaleko Rivas Cherif antzerki-ikerketaren laborategiaren esparruan.

– Time Machine Soup: Haitzuloetako gizakiengandik 80 amonak banatzen gaituztela zioen Jorge Oteizak bere Quosque Tandem…! liburuan. Premisa horretan oinarrituta eta zopa ardatz hartuta, denbora-makina bat sortu du Time Machine Soup-ek, Europako historian zehar bidaia zirraragarri bat egiteko.

– 2016 Bidea: Euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak bat egiten dute proiektu honetan. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea 32 etapatan zeharkatuko ditu 2016 bideak. 2016 bidean naturaz eta kulturaz aldi berean gozatu ahal izango dute ibiltariek, jarduera-programazioarekin.

– Hondar artean: Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalak eta Federico Guzmán artistak batera sortu duten Tuiza instalazioa da proiektu honen epizentroa. Bojador-ko kanpamendu sahararretan tindatu diren melhfa jantziekin (Saharako emakumeen jantzi tradizionala) egindako jaima bat izango da, batasuna, elkartasuna eta enpatia irudikatuko duena. Jaimaren babespean hainbat jarduera antolatuko da, hala nola tailerrak, hitzaldiak, ikuskizunak, eztabaidak…

– Emusik: Donostian antolatuko da, Emusik ekimenari esker, musikari gehien aldi berean jotzen elkartuko dituen kontzertua; Europan ez da inoiz horrelakorik antolatu. 26 herrialdetako milaka musikarik pieza klasikoekin eta musika modernoarekin osatutako musika-errepertorio bat joko dute aldi berean, baita ekimen honetarako berariaz sortutako Emusik 2016 abestia ere.

– Music Box Festibala: 15 kontzertuk osatuko dute Music Box Festibala, eta, kontzertu horiei esker, musika-kaxa gisa erabil daitezkeen hiri-eremuak ezagutuko ditugu, hain zuzen ere, musika independentearen munduan nabarmentzen diren tokiko eta nazioarteko artistekin osatutako kultur ekitaldiak antolatzeko ontzi gisa erabil daitezkeenak.

– Bake-ituna: Proiektu honek ibilbide bakarra eskainiko du artearen historian, bakearen antzezpenen bidez. Nazioarterako proiektua da, eta egile ezagunen 300 pieza baino gehiago izango ditu, besteak beste, Goyarenak, Zurbaránenak edo Murillorenak, “1516-2016. Bake-itunak” erakusketa nagusian. Gainera, azterketa-kasuak izango ditu (une historikoei buruzko erakusketak) eta gaur egungo artisten ekoizpenak; lurraldeko hainbat gunetan kokatuko dira.

– Itsasgileak: Euskal Herriko itsas ondarearen erreferentzia bilakatuko da Itsasgileak. XVI. mendeko itsas historian emakumeen eginkizuna eta ontzigintzan Castillak eta euskal kostaldeak izandako harremanak jasoko dira erakusketetan.

– Kalebegiak: Donostiaren erretratu bat egitea, hamabost zinemagileren begiradaren bitartez. Horretan datza Kalebegiaken proposamena: errealizadore ospetsuek, ibilbide handiko profesionalek eta hasiberriek parte hartzen duten produkzio bat egitean.

– Europako hizkuntza-aniztasunaren goi-bilera: Europako hizkuntza-aniztasunaren goi-bilera proiektua gizarte-eragileen, antolakundeen eta adituen arteko prozesu bat abiaraztea izango da, hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko protokolo bat jorratzeko.