BILBAOESZENAK – BILBOKO UDALEKO ANTZERKIKO BALIABIDEEN ZENTROAK OSTIRAL HONETARA AURRERATUKO DU ANTZERKIAREN MUNDU EGUNAREN OSPAKIZUNA, ALDI BEREAN ESKAINIKO DIREN HIRU PIEZAREKIN

Bilboko Dame Veneno, Happy End eta Sinreverse konpainiak izango dira bat ere konbentzionala izango ez den festa ibiltariaren protagonistak. Festa horretan adierazpena irakurtzeaz gain, amaierako ospakizuna ere izango da.

Antzerki laburreko piezatarako sarrera librea izango da, areto bakoitzeko gehieneko leku kopurua bete arte, 20-30 pertsona ingurukoa.

BilbaoEszenak – Bilboko Udalaren Antzerki Baliabideen Zentroak, ostiral honetara, MARTXOAREN 18ra, aurreratuko du aurten Aste Santuarekin bat egiten duen Antzerkiaren Mundu Egunaren ospakizuna, BilbaoEszenako hiru espaziotan, eta bi emanalditan, antzerki laburreko hiru pieza aldi berean eskainiko dituen saio bereziarekin. Horrela, ikus-entzuleek proposamen bi ikusteko aukera izango dute. Proposamenak Dame Veneno, Happy End eta Sinreverse konpainiek eskainiko dituzte

Eszenatokiak eta besaulki patioak osatutako ohiko eszenan jartzea apurtuko duen eta ikuskizuna jarraitzeko ikus-entzulea areto batetik bestera mugitzera behartuko duen ekimenaren helburua arte eszenikoetako profesionalak eta zaletuak espazio berean biltzea da, ikuskizunez gozatzeaz gain, solasaldia ere izan dezaten egileekin. Eta, amaitzeko, festaren bukaeran, aurten Anatoli Vassiliev antzerki zuzendari errusiarrak sinatuko duen Antzerkiaren Mundu Egunaren Adierazpenaren, irakurriko da.

Horrela, 19:15etik aurrera areto nagusian egingo zaie harrera bertaratutako guztiei, eta bertatik aukeratutako espaziora joango dira. Emanaldi bakoitzaren ondoren euren hasierako lekura itzuliko dira, prozesua errepikatzeko, horrela zirkuitua eratuz eta pertsona bakoitzari bi lan ikusteko aukera eskainiz.

Antzerki proposamenei dagokienez, Dame venenoren “Delirios de grandeza” ikus-entzule helduei zuzendutako pieza da, eta umorean oinarrituta, Judit Lorenzo eta Ana Furones antzezleek bizitzaren iraganari, errealitateari edo ametsei buruzko gogoeta egingo dute. Happy Enden “Suicidio en 15 minutos” lana, bere buruaz beste egitea erabaki duen bikote batek ikus-entzuleak amaiera hori ikustera gonbidatu nahi duen komedia beltza da, une hori ikuskizun komiko bilakatuz. Amaitzeko, Sinreverse konpainiak “Desagrégame o apriétame más fuerte” lana aurkeztuko du. Aurreko biekin komunean duen ezaugarria ikus-entzuleak dibertitzeko helburua da.

Ekimen honetan parte hartuko duten hiru konpainiak aspaldiko ezagunak dira Bilboko Udalaren Bilboko Zirkuitua programaren barruan. Programa horretan, Hiriko antzerki talde amateurrei edo erdi profesionalei aukera ematen zaie euren lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko.

Bilboko Udalak bat egiten du, horrela, sektoreko eragile nagusiekin batera, 1961ean Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak (ANI-IIT) sortu zuen Antzerkiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin. Martxoaren 27an egiten da urtero, eta arte eszenikoekin erlazionatutako hainbat ekitaldi antolatzen dira. Elementu garrantzitsuenetakoa mezu ofizialaren irakurketa izaten da. Gehienetan, mezu hori, ANI-IIT-k gonbidatutako pertsona garrantzitsuren batek idatzitakoa izan ohi da. Adierazpena 20 hizkuntza baino gehiagotara itzultzen da, eta milaka eta milaka ikus-entzuleren aurrean irakurtzen da, mundu osoko antzokietan eskaintzen diren lanen aurretik.

Aurten Anatoli Vasiliev dramagile errusiarrak (Danilovka, 1942), Errusiako antzerki eszena erreferente nagusietakoak, sinatzen du adierazpena. Antzerki antzezle eta zuzendari izateaz gain, telebistarako filmak zuzendu ditu eta antzerki irakaslea da. Stanislavskiren metodologiaren jarraitzailetzat hartzen da. Ostiral honetan BilbaoEszenan adierazpena irakurriko duten pertsonak Dame Veneno konpainiako Judith Lorenzo eta Ana Furones izango dira.