BLAS DE OTERO POETAREN JAIOTZAREN MENDEURRENA DELA ETA, BILBOKO UDALAK, RAMON BAREAK ZUZENDUTAKO “HISTORIA (CASI) DE MI VIDA” ANTZEZLANA ESTREINATUKO DU ASTELEHENEAN AZKUNA ZENTROAN

Estreinaldia auditorioan izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude dagoeneko InfoPuntuan edo www.bilbaokultura.eus webgunean

Joan den asteartean, martxoaren 15ean, ehun urte bete ziren Blas de Otero (1916-1979) olerkaria gure Hirian jaio zenetik. 50eko hamarkadako gizarte poesiak izan zuen ahotsik azpimarragarrienetakoa eta gaztelaniaz idatzitako literatura garaikidearen egilerik garrantzitsuenetakoa izan da. Ospakizun hori dela eta, Bilboko Udalak, idazlearen izena daraman eta haren ondarea zaintzen duen fundazioarekin elkarlanean, urte osoa hartuko duten zenbait jarduera antolatu ditu.

Poesiaren Munduko Egunarekin bat etorriz, datorren astelehenean, martxoaren 21ean –20:00etan–, “Historia (casi) de mi vida” lanean oinarrituta dagoen eta Ramon Bareak zuzendu duen antzezlana estreinatuko da Azkuna Zentroaren auditorioan. Bertan, Blas de Otero saltoak emanez arituko da, bere bizitzari eta lanari buruzko azalpenak emanez. Oraingo honetan, Felipe Lozak, José Luis Estradak, Mikel Losadak eta Irene Bauk jarriko diote ahotsa poetari, eta Naiel Ibarrola marrazkilari, musikari eta jazz kritikariak musikaz lagundu eta grafismoa egingo du. Antzerkirako moldaketa lan horretan José Fernández de la Sota poeta bilbotarrak ere hartu du parte.

Ramon Barea antzezlea, dramaturgoa, antzerki zuzendaria eta zinegilea da. Ehun film luze baino gehiagotan eta berrogeita hamar film labur ingurutan hartu du parte, horien artean, Alex de la Iglesia, Enrique Urbizu edo Pablo Berger zuzendarien lehenengo lanetan. Telebistan, azken urteetako telesail askotan ere hartu du parte. 2013an Antzerki Sari Nazionala jaso zuen.

Sarrerak Info Puntuan eta Bidebarrieta Kulturguneko webgunearen bitartez eskura daitezke 12 euroan (10 euro Azkuna Zentroko bazkideentzat).