BILBOKO UDALAK BLAS DE OTEROREN JAIOTZAREN MENDEURRENA OSPATUKO DU BIHAR, LORE ESKAINTZAREKIN, JENDE AURREKO OLERKI IRAKURKETAREKIN ETA BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAN EGINGO DEN LITERATUR TOPAKETAREKIN

Egaña kalean dagoen poetaren bustoaren aurrean goizeko 11:00etan hasiko den irakurketan Juan Mari Aburto alkateak, Sabina de la Cruz Blas de Otero Fundazioaren presidenteak edo José Fernández de la Sota idazleak hartuko dute parte, beste batzuen artean.

Horrez gain, urte osoan luzatuko diren jarduera bereziak programatu dira, Blas de Otero Fundazioarekin lankidetzan. Jarduera horien artean hitzaldiak, literatura topaketak edo erakusketa bibliografiko bat daude.

Martxoaren 21ean, “Historia (casi) de mi vida” lanean oinarrituta Ramón Bareak zuzendu duen antzerki ikuskizuna estreinatuko da Azkuna Zentroko auditorioan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Infopuntuan eta www.bilbaokultura.eus webgunean.

Bihar, asteartean, martxoaren 15ean, ehun urte beteko dira Blas de Otero (1916-1979) olerkaria gure Hirian jaio zenetik. 50eko hamarkadako gizarte poesiak izan zuen ahotsik azpimarragarrienetakoa eta gaztelaniaz idatzitako literatura garaikidearen egilerik garrantzitsuenetakoa izan da. Ospakizun hori dela eta, Bilboko Udalak, idazlearen izena daraman eta haren ondarea zaintzen duen fundazioarekin elkarlanean, egilearen olerkien jende aurreko irakurketa egingo du, goizeko 11:00etatik aurrera, Egaña kalean, idazlea oroitzen duen bustoa dagoen lekuan.

Lore eskaintzaz gain, zenbait agintarik, Juan Mari Aburto alkatea buru dela, zenbait poema irakurriko dituzte, gure poeta handienetako baten bizitza eta obra gogoratzeko. Oteroren bertsoei ahotsa jarriko dietenen artean, Sabina de la Cruz, idazlearen alarguna eta fundazioaren presidentea, José Fernández de la Sota idazlea edo Ramón Barea antzezlea egongo dira.

Horrez gain, bihar arratsaldean, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak, Bernardo Atxaga edo Joan Margarit bezalako egileek Blas de Otero gogoratuko duten ekitaldia jasoko du, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Egilea alderdi guztietatik gogoratuko dute, pertsonaletik eta literaturarekin lotuta dagoenetik. Zenbait poema irakurriko dira. Atxagak, Andrés Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak euskarara itzuli berri duen “Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak” lanaren parte bat irakurriko du. Topaketa Sabina de La Cruzek, fundazioaren presidente eta Blas de Oteroren lana gehien aztertu eta ondoen ezagutzen duen pertsonetako batek, aurkeztuko du.

Bidebarrietako Liburutegiak, udalaren funtsetan zeuden egilearekin erlazionatutako zenbait materialen aukeraketa bilduko duen erakusketa bibliografikoa ere jasoko du bihartik aurrera.

Literaturako figura garrantzitsuenen arteko topaketek, maiatzaren 30etik ekainaren 4ra egingo diren jardunaldiekin izango dute jarraipena, Bidebarrieta Kulturgunean. Topaketak Oteroren lanaren zenbait alderdiren azterketan zentratuko dira, eta bertan parte hartuko dutenen artean Pere Gimferrer idazlea edo Paco Ibáñez kantautorea daude.

Beste alde batetik, eta Poesiaren Munduko Egunarekin bat etorriz, MARTXOAREN 21ean –20:00etan–, “Historia (casi) de mi vida” lanean oinarrituta dagoen eta Ramon Bareak zuzendu duen antzezlana estreinatuko da Azkuna Zentroaren auditorioan. Bertan, Blas de Otero saltoak emanez arituko da, bere bizitzari eta lanari buruzko azalpenak emanez. Oraingo honetan, Felipe Lozak, José Luis Estradak, Mikel Losadak eta Irene Bauk jarriko diote ahotsa poetari, eta Naiel Ibarrola marrazkilari, musikari eta jazz kritikariak musikaz lagundu eta grafismoa egingo du. Antzerkirako moldaketa lan horretan José Fernández de la Sota poeta bilbotarrak ere hartu du parte.

Sarrerak eskura daitezke Info Puntuan eta Bidebarrieta Kulturguneko webgunearen bitartez, 12 euroan (10 euro Azkuna Zentroko bazkideentzat).

Bihar ere zabalduko da Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Sariaren IX. Ediziora lanak aurkezteko epea. Sari hori 2008an jarri zuen martxan Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Sariaren helburua literatura sorkuntza sustatzea eta hiriak emandako egile garrantzitsuenetako baten irudia Bizkaiko hiriburuko biztanleei hurbiltzea da. Sariak 5.500 euro banatuko ditu bere modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz.

2015ean ospatutako zortzigarren edizioan, gaztelaniazko modalitateko irabazlea Ramón Pérez Parejo idazlea izan zen, “Gremios” poesia liburuarekin, eta euskarazko saria Mikel Etxaburu Osak lortu zuen, “Hirian zainetan” lanari esker. Azken edizio horretan 449 poesia liburu aurkeztu ziren –10 euskaraz– horietako asko Amerika erdialdetik eta hegoaldetik bidalitakoak. Horrek argi eta garbi uzten du erabat finkatuta dagoen sariaren nazioarteko izaera.

Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Sariaren IX. Ediziora lanak aurkezteko epea 2016ko maiatzaren 30ean amaituko da. Sariaren oinarriak helbide hauetan daude:

www.bilbao.eus/premioblasdeotero (gaztelaniaz)
www.bilbao.eus/blasdeoterolehiaketa (euskaraz)