BILBAO 2022 PLANAREN BARRIAN BILBOKO UDALAK EGIKARITUKO DITUEN KULTUR ETA SORKUNTZA PROIEKTUAK HAUTATZEA
AURKEZPENA: 2022
COVID-19ak eragindako osasun krisia oso desafio larria izaten ari da mundu osoan, eta, osasunari ez ezik, eragin larria ekarri die gizarte- eta ekonomia-arloei ere. Munduko hiri eta eskualde guztiak ari dira ziurgabetasunezko egoera bati aurre egiten, dela ekonomia-jarduerari dagokionez, dela horrek enpleguan eta beste arazo sozial askotariko batzuetan duen eraginari dagokionez.
2020an eta 2021ean, Bilboko Udaleko talde politiko guztiek onetsi zituzten Bilbao Aurrera 2020 eta 2021 planak, neurriak zekartzatenak Bilboko gizarte-kohesioaren alde eta ekonomia, enplegua eta kultura suspertzearen alde.
Covid-19aren bilakaerak ekarri duen egoeraren aurrean proposatu da Bilbao 2022 Plana: 21 neurri Covid-aren ondorioen kontra (aurrerantzean Bilbao 2022 Plana deituko diogu), neurrien proposamen bateratu bat, 2022an Bilbo suspertzearren gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren aldetik, inor atzean utzi gabe.
Kultur eta sorkuntza proiektuak hautatzeko deialdi hau Bilbao 2022 Planaren barruan dator. Zehazki, neurrien hirugarren atalean dator, kultur eta sorkuntza industriari buruzkoan, garrantzi handiko sektorea baita gizarte- eta ekonomia-garapenerako, eta ekarpen nabarmena egiten baitu Uriko kultura dinamizatzeko orduan, zeina pertsona autonomoek, enpresa txiki eta ertainek, mikroenpresek eta elkarteek eratzen duten sektore bat baita, oso modu berezian pairatu ditzakeena pandemiaren ondorioak.
Horregatik guztiagatik, eta egoera zail honetan sektore horri laguntzearren, Gobernu Batzordeak, 2022ko otsailaren 16an, honako oinarri hauek onetsi ditu: “Bilbao 2022 Planaren barruan Bilboko Udalak egikarituko dituen kultur eta sorkuntza proiektuak hautatzeko deialdiaren oinarriak”
BILBOKO UDALAK 2021EKO BILBAO AURRERA PLANAREN BARRUAN GAUZATU BEHARREKO KULTURAKO ETA SORKUNTZAKO PROIEKTUAK HAUTATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK.
1. Proiektuak hautatzeko deialdiaren xedea eta helburuak
Bilbao 2022 Plan hau abiarazten da Bilbon kultur jarduera sustatzearren eta COVID-19aren pandemiak Bilboko kultur eta sorkuntza sektoreko eragileei ekarritako ondorioak arintzearren.
Deialdiaren xede nagusia da kulturaren eta sormenaren sektoreko profesional autonomoen, enpresen edo beste era bateko entitateen proposamenak jasotzea; gehienez ere bederatzi langile izan behar dituzte, eta egoitza nagusia Bilbon eduki behar dute. Proposamen horiek Uriko kultur jardueren programazioan sartuko dira 2022. urtean zehar.
Hautatuak izango diren eragileak ahalik eta askotarikoenak izan daitezen eta ahalik eta jarduera gehien eragitearren, hainbat proiektu-kategoria ezartzen dira, eta Udalaren diru-ekarpena ez da izango inolaz ere kontratu txikietarako ezarritako gehienezkoa baino handiagoa. Deialdi horren kontura, 30 proiektu hautatuko dira, gehienez ere, 3. puntuan ezartzen den diru-hornidurarekin.
2. Poltsaren ezaugarriak
Deialdiaren guztirako aurrekontua Bilbao 2022 Planerako 397.727 € da.
Guztira, 30 proiektu hautatuko dira, kategoria hauetan banatuta:
- A Kategoria: 7 proiektu, 5.000 eurokoak.
- B kategoria:: 10 proiektu, 10.000 eurokoak.
- C kategoria:: 13 proiektu, 14.900 eurokoak.
Esleituko den diru-zenbatekoa kategoria bakoitzerako izendatutakoa izango da, zehazki, eta ezingo da onartu tarteko diru-zenbatekorik edo adierazitakoaz besteko diru-zenbatekorik.
Proiektuaren zenbatekoan, era guztietako gastuak edo kostuak sartuko dira, salbu BEZa, zeina profesional, enpresa edo entitate onuradunari ordainduko baitzaio, dagokion zerga-tasaren arabera.
Kategoriaren batean ez bada aurkeztu behar beste proiektu, edo irizten bazaio aurkeztutakoek ez dutela behar besteko kalitaterik, aukeran izango da kategoria horretarako izendatutako dirua beste kategoria batean pilatzea, eta, beraz, gerta liteke gehienez ere hauta daitezkeen proiektuen kopurua aldatzea, inolaz ere gainditu gabe deialdiaren aurrekontu osoa (397.727 €).
Proiektuak hautatzeko eskumena izango duen organoa Balorazio Batzorde bat izango da , Bilboko Udaleko Kultura Saileko zinegotzia izango duena buru, eta Kultura Saileko zuzendaria eta Bilbao Ekintzako zuzendaria izango dituena kide, edo haiek eskuorde izendatzen dituztenak; bestalde, Kultura Saileko teknikari bat jardungo da idazkari moduan, hitz egiteko eskubidearekin, baina botoa emateko eskubiderik gabe. Jasotako proiektuen kopuruaren arabera, Balorazio Batzordearen lana samurtzearren, aldez aurreko txostenak eskatu ahal izango zaizkie Kultura Saileko edo Bilbao Ekintzako teknikariei, baina txosten horiek ez dira lotesleak izango.
3. Proiektuen ezaugarriak
Aurkezten diren kultur eta sormen proiektuek lagundu behar dute Bilboko kultur programazioa eta bizitza aberastuko duten proposamenak eragiten.
Proiektuak 2022an garatuko dira.
Proiektuak edozein kultur edo sormen sektoretakoak izan daitezke. Deialdi honi begira, eta Kulturaren Euskal Behatokiak erabili ohi dituen sailkapenei jarraituz, honako jarduera hauek kultur eta sorkuntza sektorearen barruan daudela joko da:
-
- Arkitektura
- Arte eszenikoak
- Ikusizko arteak
- Artisautza
- Ikus-entzunezkoak
- Eduki digitalak
- Diseinua
- Argitalpenak
- Hizkuntzaren arloko industriak
- Moda
- Musika
- Ondarea eta folklorea
- Publizitatea eta marketina
- Artikulazio zerbitzuak (artearen arloko hezkuntza, bitartekaritza, ekitaldiak antolatu eta ekoiztea, kultur aholkularitza eta kudeaketa…)
- Bideo-jokoak
- Kultur jarduera zeharkakoak
Proiektuen aurrekontuan jasota agertu beharko dira jarduera osoki egikaritzea, ordainsari propioak barne direla, kontratatutako langileen gastuak, azpikontratak, ekoizpen gastuak, guneak alokatzea, publizitatea eta beste.
Aurrekontuak bat etorri beharko du proiektuaren kategoriarako aurreikusitako diru-zenbatekoarekin (zein kategoriarakoa aurkezten den, hartarako aurreikusitako diru-zenbatekoarekin) Proiektuen aurrekontua diru-zenbateko aurreikusi hori baino handiagoa bada, egiaztatu beharko da baduela behar duen finantzaketa osagarria.
Proiektu guztiek egon beharko dute uneko osasun egoerari egokituta, eta bermatu beharko da beteko direla indarreko arauak, eta, bereziki, Covid-19ari aurre egiteko behar diren segurtasun-neurri guztiak (gehienezko jende-kopuruak, pertsonen arteko tarteak, bildu ahal diren pertsonen kopuruaren mugak, ordutegiak eta beste).
4. Nork aurkez ditzake proiektuak?
Bilbao 2022 Plan honen deialdirako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte Bilboko kultur eta sorkuntza sektoreak ordezkatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek (4. puntuko zerrendan zehaztu dira), honako betekizun hauek betetzen badituzte:
- Autonomo moduan ari badira, edo enpresa txiki eta ertainen bidez, edo mikroenpresen bidez, edo elkarteen edo fundazioen bidez.
- Sozietate-egoitza edo zerga-egoitza Bilboko udalerrian eduki behar dute.
- Jarduteko gaitasun osoa eduki behar dute.
- Ezin die eragin 9/2017 Legean (Sektore Publikoko Kontratuen Legea) ezarritako kontratatzeko debekuetako ezeinek.
- Proiektua gauzatzeko kaudimen egokia eduki behar dute, eta, hori egiaztatzeko, nahikoa izango da frogatzea joan deneko hiru urtean beste proiektu bat, berdina edo antzekoa, gauzatu izana, diru-zenbatekoa zeukana deialdian hautatua izateko aurkeztu den proiektuarena adinakoa edo handiagoa.
- Pertsona juridikoen kasuan, aurkezten duten proiektuak bat etorri beharko du haien estatutuetan edo fundazio-arauetan ezarritako helburuekin, objektuarekin edo jarduera-eremuarekin.
- EJZren barruan alta emanda egon beharko dira.
- Egunean egon behar dute tributu-obligazioen eta Gizarte Segurantzako obligazioen ordainketan.
Ezingo dute aurkeztu proiekturik Bilbao 2022 Planaren poltsarako ez administrazioek, ez sozietate publikoek, ez eta haiekin lotura duten edo haien mendeko diren entitateek ere.
Ezingo da aurkeztu 2022an Bilboko Udalaren Kultura Sailaren dirulaguntza izendun bat eduki duen proiekturik. Poltsan parte hartzekotan, beste proiektu bat aurkeztu beharko da, dirulaguntza jaso duenaz besteko bat.
Poltsa honen ondorioetarako, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan jasota datorren enpresa txikiaren definizioari jarraituko zaio.
Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkeztu ahalko du deialdian. Hautatu egin beharko du zein kategoriatan parte hartu nahi duen (A, B edo C).
5. Proiektuak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta modua
Proiektuak 2022ko martxoaren 18ra arte aurkeztu ahalko dira.
Proiektuak, 7. puntuan zehazten diren agiriekin batera, posta elektroniko bidez aurkeztuko dira, helbide honetan: [email protected]
Proiektuak euskaraz edo gaztelaniaz idatzita egon ahalko dira.
Behin aurkeztutakoan, parte hartzaileei bidali beharreko mezuak eta jakinarazpenak posta elektronikoz bidaliko dira.
6. Aurkeztu beharreko agiriak
Deialdian parte hartzeko eskaera egiteko, hiru eranskin bete beharko dira (webgune hauetan daude jaisteko: www.bilbao.eus edo www.bilbaokultura.eus):
- I. Eranskina: eskabide fitxa, eskatzaileak sinatua, edo, hala balegokio, entitatearen legezko ordezkariak sinatua.
- II. Eranskina: proiektuaren datuak.
- III. Eranskina: erantzukizunezko adierazpena, deialdian parte hartzeko betekizun guztiak betetzen direlakoa.
Hiru eranskin horiekin batera, sozietate-egoitza edo zerga-egoitza Bilbon daukala egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu behar dira.
6.1. Proiektua (III. Eranskina)
Proiektua nahitaez aurkeztu beharko da II. Eranskinean ageri den eredu digitalaren arabera (aipatutako webgune horietan daude jaisteko moduan), eta honako hauek betez:
- Zein kategoriatarako aurkezten den (A, B edo C).
- Proiektua aurkezten duen enpresaren, entitatearen edo profesional autonomoaren ibilbidearen edo esperientziaren gaineko informazio laburra.
- Deialdirako aurkezten den proiektuaren deskribapena; honako hauek zehaztu beharko ditu, ebaluazioa erraztearren, hurrenkera honetan:
- Proiektuaren izena
- Deskribapena
- Helburuak
- Proiektua non gauzatuko den; orobat, hala balegokio, proposatzen diren espazioak kudeatzen dituztenek baimena eman dutelako egiaztapena.
- Proiektua garatzeko baliabide materialak eta teknikoak.
- Egutegia.
- Aurreikusten den inpaktua: norentzat den (publiko mota, zenbat jenderengana jotzen den iritsiko dela proiektua), hedabideetan eta sare sozialetan izango duen inpaktuaren aurreikuspena, Urirako aurreikusten den inpaktu ekonomikoa.
- Euskararen Erabilera sustatzea.
- Proiektuaren aurrekontua atalka xehakatua, II. Eranskineko “Aurrekontuaren fitxa” delakoaren bidez (Proiektuaren datuei dagokien eranskina).
II. Eranskinean adierazten dira tipografia, lerroen arteko tartea eta zenbat lerro idatzi ahal diren guztira. Zehaztapen horiek nahitaez betetzekoak dira.
Eskatzaileek beren esku dute informazio osagarria ematea, edo proiekturako axolazkoa baderitze, baita testuak, irudiak, planoak eta beste eranstea, gehienez ere 15 orrialde betez.
7. Eskabideak onartzea eta akatsak zuzentzea
Balorazio Batzordeak egiaztatuko du ea eskabideek betetzen dituzten edo ez deialdian ezarritako baldintzak eta xehetasunak, eta dokumentazioan akatsik edo hutsunerik aurkituz gero, zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta hark 10 egun naturaleko epea izango du zuzentzeko.
Epe horretan akatsak zuzendu ezean, eskaera beste barik ezetsiko da.
8. Proiektuak hautatzeko balorazio irizpideak
Proiektuak hautatzeko, Balorazio Batzordeak honako adierazle eta irizpide hauek ebaluatuko ditu:
- Proiektuaren kalitatea, interesa, bideragarritasuna, berrikuntza eta ea aurrekontua egokitzen zaien edo ez eskaintzen diren prestazioei: 60 puntu.
- Zer inpaktu izango duen (publikoa, ikusgaitasuna, uriari ekarriko dion inpaktu ekonomikoa): 30 puntu gehienez.
- Nola lagunduko duen euskararen erabilera sustatzen: 10 puntu gehienez.
9. Kanporatzeko arrazoiak
Balorazio Batzordeak aukeran izango du proiektuak deialditik kanpo uztea, baldin eta:
- Deialdiko laugarren klausulan ezarritako betebeharrak betetzen ez dituzten pertsonek edo entitateek aurkeztutako proiektuak badira.
- Proiektuaren helburua kulturaren edo sormenaren arlotik kanpo dagoela irizten badio, edo arlo horri hurbildu bakarrik egiten zaiola irizten badio.
- Proiektuaren aurrekontuan ez bada jaso jarduera osorik egikaritzeari dagokion kostua, edo aurrekontua handiagoa bada kategoriari dagokion diru-zenbatekoa baino (proiektua zein kategoriarako aurkeztu den, hari dagokiona), halako moldez non hura gauzatzeko Udalak beste gastu gehigarri bat egin beharko lukeen; edo finantza osagarria behar badu beste entitate batzuen aldetik eta finantzaketa osagarri hori ez bada behar bezala egiaztatu.
- Baldin eta baloraturik ea proiektuaren kalitatea, interesa, bideragarritasuna, proiektuak dakarren berrikuntza eta aurrekontua eskaintzen diren prestazioen araberakoa den edo ez, 30 puntu baino gutxiago lortzen baditu.
10. Proiektuak hautatzea eta erabakia jakinaraztea
Balorazio Batzordeak txosten bat emango du ebaluazioaren emaitzarekin (aurreko artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta erdiesten da) eta hautatu beharreko proiektuak proposatuz.
Txosten hori www.bilbao.eus; web-orrian argitaratuko da.
Balorazio Batzordeak, bada, ordezkoen izenak jasotzen dituen zerrenda bat proposatuko du kategoria bakoitzean, arren eta, proiektu hautaturen bat, dela uko egiten zaiolako, dela beste edozergatik, gauzatu ezin bada, ordezkoa non hautatu izateko.
Balorazio Batzordeak hilabete eta erdiko epea izango du, gehienez, proiektuak hautatzeko proposamena egiteko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.
Nolanahi ere, hautatutako proiektuen zerrenda posta elektronikoz jakinaraziko zaio eskatzaile bakoitzari.
Ebazpenaren jakinarazpenean, hautatuari adieraziko zaio 20 egun balioduneko epea duela honako agiri hauek entregatzeko:
- Entitatearen IFZaren kopia edo pertsona fisikoaren NANaren kopia.
- Entitatearen estatutu legeztatuak, eta entitatearen inskripzioaren ziurtagiria.
- EJZko altaren ziurtagiria.
- Tributu-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaintzen egunean dagoelako egiaztapena.
- Kaudimenaren egiaztapena, eta, horretarako, nahikoa izango da frogatzea joan deneko hiru urtean beste proiektu bat gauzatu izana, berdina edo antzekoa, diru-zenbatekoa zeukana deialdian hautatua izateko aurkeztu den proiektuarena adinakoa edo handiagoa, adieraziz zein pertsonarentzat edo entitaterentzat egin den beste proiektu hori.
Baldin eta aurkeztutako dokumentazioan egiaztatzen bada ez dela betetzen deialdi honetan ezarritako betekizunetakoren bat, dagokion proiektu hori baztertu egingo da. Proiektua hala baztertzen bada, edo hautatutako pertsonak edo entitateak uko egiten badio, Balorazio Batzordeak erabaki dezake, beste deialdirik egin beharrik gabe, dagokion kategoriako ordezkoen zerrenda izendunean hurrengo ageri den proiektua hautatzea.
Deialdia egiten dutenek aukeran izango dute proiektu bat ere ez hautatzea, edo proiektu bat partez bakarrik hautatzea.
11. Kontratuaren adjudikazioa
Kontratua adjudikatu aurretik, proiektuen datak eta kokalekuak adostuko dira hautatutako proiektuak aurkeztu dituzten pertsonekin edo entitateekin. Izapide hori eginik, Udalak kontratua adjudikatuko du, kontratu txikiei dagokien izapideen arabera.
Proiektua gauzatutakoan, adjudikaziodunak memoria bat eta proiektuaren balantze ekonomikoa aurkeztu beharko ditu. Ondoren, faktura aurkeztuko da, elektronikoa izango dena, eta Udalak ordaindu egingo du.