BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, MARTÍN ABRISKETA BILBOKO IDAZLEAREN EL PAÍS ESCONDIDO AZKEN ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU DATORREN ASTEARTEAN

Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Martin Abrisketa idazlearen El país escondido (Planeta arg.) azken eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren asteartean, AZAROAREN 13an. 80ko hamarkadako Bilbori emandako begirada eskaintzen du, indarkeria, krisi eta droga begirada, neskato baten begietatik. Topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, 19:30ean, sarrera librearekin aretoko leku guztiak bete arte. Ekitaldia streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Gerra Zibilak eragindako hondamendien ikuspegia mutiko baten begietatik erakusten duen La lengua de los secretos lehenengo eleberriaren arrakastaren ostean, idazle bilbotarrak El país escondido argitaratu du orain. Protagonista neskato bat da, Maggie. Umezurztegian jasandako maitasun faltak eragindako arazo psikologikoa duen benetako neskato batean dago oinarrituta. Maggie, bere munduan bizi den oso neskato lotsatia da, beste gauza batzuen artean, bere errotuladore magikoekin marrazten duen guztia errealitate bilakatzen dela sinestaraztera eramaten duen fantasia ikaragarriak babestuta. Bere bizitza tristea da, amak bertan behera utzi baitzuen jaioberria zenean, eta aitonarekin hazi da. Berarekin zoriontsu sentitzen da bere “gazteluan”, oso etxe txikian.

Baina aitona nor den ahazten ari da, zahartzaroko dementzia duelako, eta Udaleko gizarte laguntzaileek banandu egin gura dituzte, bakoitza zentro batera bidaliz. Maggiek ezin du onartu, aitona da daukan guztia, eta amaren bila joatea erabakiko du, ama baita aitona eta bera banantzea ekidin dezakeen bakarra. Horrela, berunezko Bilbo haren kaleetara irtengo da, ama aurkitzeko xedez. Berarekin batera aitona joango da, barrikadez betetako hiriko gune ilunetan egiten ari diren bilaketa horrekin abentura bikaina balitz bezala gozatuz.

Martín Abrisketaren eleberria koloretako irudiz beteta dago. Maggiek, bere errotuladore magikoekin errealitate bilakatu gura dituen nahiak dira. Kolorez betetako marrazkiak Isabel Holguerasek egin ditu, neskatoa bezala, marraztuz hitzen bitartez baino hobeto komunikatzen den eta Down sindromea duen emakumeak. La lengua de los secretos Abrisketaren lehenengo eleberria irakurri ondoren, Isabelen ahizpak gutun bat idatzi zion idazleari, bere liburua irakurtzean sentitu zuena adieraziz. Gutunean, Isabelek marraztutako tximeleta ezin politagoaren marrazkia ere bazegoen. Gutun eta tximeleta horiek izan ziren sentsibilitatez eta desberdintasunez berba egiten duen lanaren pizgarria.

Martín Abrisketa (Bilbo, 1967) kazetari, gidoilari eta erreportari grafikoa da. 2015ean literaturan murgildu zen, La lengua de los secretos arrakastatsuaren bitartez. Eleberri horrek, Espainiako Gerra Zibila jolasa balitz bezala bizi izan zuen ume bihurri baten, idazlearen aitaren, abenturak kontatzen ditu. Salmentan lortutako arrakastaz gain, kritikaren erabateko goraipamena ere jaso zuen. El país escondido bigarren eleberri honetan, egileak umeen begirada horren fantasian sakontzen du, oraingo honetan Euskadik jasan zuen indarkeria terroristaren urte gogorrenetan finkatuz.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.