BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK EUSKAL ZINEAREN EGUNA OSPATUKO DU GAUR, ARTE EDERREN MUSEOAN EGINGO DEN OMENALDIAREKIN ETA JOSÉ ANTONIO SISTIAGA ARTISTA PLASTIKOARI ESKAINITAKO DOKUMENTALAREN ESTREINALDIAREKIN

Gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Arte Ederren Museoak omenaldi ekitaldia jasoko du, eta bertan Ohorezko Mikeldi Berezia emango zaie José A. Sistiagari, José Á. Rebolledori, Anton Merikaetxebarriari, Alberto López Echevarrietari, Santos Zunzuneguiri, Juan Ortuosteri, Ramón Bareari, Javier Rebollori eta Ernesto del Ríori.

Ondoren, Manuel Sortok zuzendutako, Sistiaga, une histoire basque dokumentala aurkeztuko da eta EHU/UPVko Hauazkena animazio taldeak egindako Ilargian (2018) eskainiko da, galdutako De la luna a Euskadi (1968) film labur hartatik artistaren oroimenean geratzen dena berrinterpretatzen duen lana

 

Bere 60. edizioarekin bat etorriz, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk Euskadin egindako zinearekin eta euskal ikus-entzunezko industriaren garapenarekin eta kanpoko proiekzioarekin duen konpromisoa berriztatu gura du, euskal zineari eta profesionalei eskainitako jardunaldi espezifikoarekin. Euskal Zinearen Eguna gaur arratsaldean hasiko da, 17:30ean, Azkuna Zentroan, nazioarteko lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburren emanaldiarekin, eta 20:00etatik aurrera omenaldi ekitaldi berezia egingo zaie bederatzi zinegileri Arte Ederren Museoan. Ekitaldi horren barruan, Manuel Sortoren Sistiaga, une histoire basque dokumentala estreinatuko da.

1959an sortu zenetik, ZINEBIk, gutxienez lau belaunaldiko euskal zinegileen lehen mailako lanak jaso ditu bere programazioan, eta bere 60. edizioan, Euskadin egindako zinearen iraganari eta etorkizunari begiratzen jarraitu gura du. Hori dela eta, Euskal Zinearen Eguna ospatuko du lehen aldiz, belaunaldien arteko zubia izan gura duen ekitaldiarekin. Alde batetik, 17:30etik aurrera, Sekzio Ofizialean parte hartuko duten sei euskal film laburrak emango dira Azkuna Zentroan, eta 20:00etatik aurrera omenaldi ekitaldia egingo da Arte Ederren Museoko auditorioan. Ekitaldi horretan Ohorezko Mikeldi Berezia emango zaie zenbait zinegileri eta euskal zineko beste profesional batzuei.

Trantsiziotik aurrera eta 80ko hamarkadan Bilboko zinearen protagonista izan zirenetako batzuk izango dira, zehatzago esanez, euren lanei esker gure hiriko zine ekoizpenari jarraipena ematea lortu zuten protagonistetako batzuk: José Antonio Sistiaga, José Ángel Rebolledo, Anton Merikaetxebarria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegui, Juan Ortuoste, Ramón Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río. Horrez gain, saio horretan, omenaldia eskainiko zaio José Antonio Sistiaga artista plastiko eta zinegile gipuzkoar handiari.

Euskal Zinearen Egun hori, Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) figurari buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin osatuko da. Sistiaga, une histoire basque (2018. 96 min.) izeneko lana, Euskadin bizi den Manuel Sorto zinegile salvadortarraren –1981eko Mikeldi Saria La zona intermareal lanarengatik eta jaialdiko epaimahaiko kide 1984an– eta filmaren gidoian ere aritu den Camilo Sorto-Cazauxen arteko proiektua, artista gipuzkoar handi horren izateko moduari eta munduan egoteko eta sortzeko erari buruzkoa. Biek aurkeztu dute gaur goizean dokumentala Bilbon, Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariarekin eta José Antonio Sistiaga berarekin batera.

José Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) gerra osteko abangoardia historikoak izan duen artista plastiko garrantzitsuenetakoa da, Jorge Oteizarekin, Eduardo Chillidarekin edo Nestor Basterretxearekin batera, besteak beste. Zinegile esperimental gisa, 1968an Ere erera baleibu icik subua aruaren… apurtzailea aurkeztu zuen Bilboko Jaialdian, eta lan horrek 10. edizio hartako Zine Esperimentalaren Saria irabazi zuen.

1993an, Sistiagak, Manuel Sorto adiskide salvadortarraren proposamena onetsi zuen, film dokumental baten protagonista izateko. 18 urte geroago, artistari buruzko erakusketa egin zen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. 400 metro karratu baino gehiagotan, 6 areto eta 2 patiotan, ordura arte ikusi gabeko erakusketa egin zen, artistak 80 urte bete zituela ospatzeko, bere lanen eta bizitza artistikoaren berrikuspen osoa, 50 urte baino gehiagotan egindako margolanak eta filmak biltzen zituena. Dokumental proiektuari berrekiteko unea izan zen.

Erakusketa horren muntaketa lanaren errodatzea proiektua abiatzeko puntu bilakatu zen. Zinegilearen eta artista gipuzkoarraren arteko adiskidetasunak eta biek ere artearen aurrean duten grinak, artistaren atzean dagoen gizona ikus-entzuleei erakusteko aukera ematen diote Manuel Sortori. Euren arteko elkarrizketen bitartez, Sistiagak erabateko zintzotasunez eta konfiantzaz hitz egiten du, eta dokumentalak bere esperientzia intelektual sakona ezagutzeko aukera ematen digu, azken urteetako Euskadiren historiaren barrualdera egiten den bidaia ere baden argi eta kolore bidaian, artistaren gogoeta politikoak, historikoak, zientifikoak, artistikoak eta humanistikoak, erabat libreak eta batzuetan harrigarriak, inolako lotura ideologiko barik aurkeztuz.

Dokumentalaren aurretik, Ilargian (2018) izeneko ZINEBIren ekoizpen lan berezia eskainiko da, EHU/UPVko Hauazkena animazio taldeak egindakoa, Begoña Vicarioren koordinaziopean. Galdutako De la luna a Euskadi (1968) film labur hartatik artistaren oroimenean geratzen dena berrinterpretatzen duen lana da.

INFORMAZIO GEHIAGO: http://www.sistiaga-unehistoirebasque-lefilm.com/es/