APIRILAREN 3TIK 6RA BITARTEAN, ZINEBI JAIALDIAK GERRA ZIBILEAN PARTE HARTU ZUTEN ITALIA FAXISTAKO TROPEK EGINDAKO DOKUMENTALEN ZIKLOA ESKAINIKO DU

Emanaldiak UPV/EHUren Bizkaia Aretoan izango dira, 20:00etan. Kamerari italiarrek propaganda-helburuekin filmatutako 15 film emango dira, eta gehienak orain arte proiektatu gabekoak dira. Horietan, Bilboko eta beste herri batzuetako irudiak agertzen dira; besteak beste, herri hauetakoak: Amorebieta, Bermeo, Dima, Durango, Gernika, Mungia eta Plentzia.

Inaugurazio-emanaldian, Daniela Aronicak (ziklo honen komisarioa) idatzitako “La Guerra Civil Española en la propaganda fascista. Noticiarios y documentales italianos (1936-1943)” liburua aurkeztuko da –ZINEBIk argitalpenerako laguntza eman du–. Gerra Zibilari buruzko mahai-inguru bat ere egingo da.

Bilboko Udalaren Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) dokumentalen ziklo bat eskainiko du apirilaren 3tik 6ra bitartean. Zikloa Gerra Zibilari buruzko Italia faxistaren zinematografia-produkzioari eskainita dago, eta emango diren piezek propaganda-helburuak dituzte soilik. Emanaldiak 20:00etan izango dira UPV/EHUren Bizkaia Aretoan –sarrera doan izango da–, eta 15 film emango dira, gehienak orain arte proiektatu gabekoak.

Gerra Zibila hasi zenetik 81 urte igaro dira, eta, tropa frankisten Bilboko okupazioaren edo Gernika eta Durangoko bonbardaketen 80. urteurrena izanda, zikloa oroitzapen-proiektu zabalago batean kokatuta dago. Hauxe da proiektu horren izenburua: “Imágenes para la memoria. Iconografía fascista y Guerra Civil Española (2016-2019”). Kataluniako Zinematekan inauguratu zen joan den azaroan, eta helburua iragan hurbileko gertaera traumatiko eta erabakigarriei buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzea da. Gertaera horietan, Hitlerrek eta Mussolinik estatu-kolpe frankistari eman zioten laguntza materiala eta ideologikoa funtsezkoa izan zen gerra horrela amaitzeko eta, ondoren, diktadura bermatzeko.

Helburu horrekin, lehen aldiz emango dira Bilbon Italia faxistako propaganda-aparatuak ekoitzitako eta, kasu gehienetan, identifikatu gabeko kamerariek egindako dokumentalak. Europako zenbait artxibo zehatz-mehatz arakatu ondoren aurkitu ahal izan dira. Zikloaren antolatzailea Centro di Studi sul Cinema Italiano (CSCI) da, Bilboko Udalarekin eta ZINEBIrekin batera. Gure hiriko eta gure lurraldeko gertaeren memoria historikoa berreskuratzeko ekintzen esparruan dago antolatuta.

Programa apirilaren 3an inauguratuko da, eta emanaldi berezi bat egingo da Daniela Aronica zinemagintza-ikertzaileak eta saiakeragileak eta ziklo honen komisarioak idatzitako liburua aurkezteko. Liburuaren izenburua “La Guerra Civil Española en la propaganda fascista. Noticiarios y documentales italianos (1936-1943)” da –ZINEBIk argitalpenerako laguntza eman du–. Aronicak, gainera, mahai-inguru batean hartuko du parte, Santiago de Pablorekin batera (UPV/EHUko Historia Garaikideko katedraduna). Emanaldian “I legionari italiani in Catalogna” (1939. 44´) dokumentala ere emango da.

Filmazio asko oraindik proiektatu gabekoak dira, eta garai horretan ere ez ziren estreinatu. Aukeratutako film batzuetan balio dokumental handia duten Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietako irudiak ageri dira; bestek beste, herri hauetakoak: Amorebieta, Bermeo, Bilbo, Dima, Durango, Eibar, Gernika, Mungia, Plentzia eta Errenteria. Dokumental batzuetan, faxistek Euskadin egindako erasoaldia ageri da, hain zuzen, honako hauetan: “La Liberazione di Bilbao” film laburrean, “Volontari” film ertainean eta “No pasarán” film luzean.

Irudi gehienak ezezagunak ziren orain arte, baina harrigarriak eta, zenbait kasutan, oso hunkigarriak dira. Francoren eta Mussoliniren arteko harreman estua eta, aldi berean, gatazkaz beterikoa erakusten dute; izan ere, diktadoreen interesak barneko eta kanpoko egoeraren arabera aldatzen ziren, eta, hain zuzen, egoerak baldintzatzen zituen eta birbideratzen zituen haien ildo politikoak. Ezinbestean, horrek ondorioak izan zituen zinemagintzan, agintariek propaganda-kontsignen tresna nagusi eta erresonantzia-kaxa bihurtu baitzuten.

Hori dela eta, lan hauetan Gerra Zibilari buruz irudikatutakoa erabat ideologizatuta dago, eta oso alderdikoia da. Dena dela, lerro artean eta azpian dauden propaganda-asmoez harago, eszena askok errealizadoreek lortu nahi zutenaren aurkako kontraesan esanguratsuak iradokitzen dituzte.

AGENDA

APIRILAK 3
-Daniela Arocaren “La Guerra Civil Española en la propaganda fascista. Noticiarios y documentales italianos (1936-1943)” liburuaren aurkezpena.
-Mahai-ingurua eta solasaldia.
-“I legionari italiani in Catalogna” [1939, 44′]. Mundu mailako estreinaldia.

APIRILAK 4
-“Le organizzazioni falangiste a Palma di Maiorca” [1936, 10′, soinurik gabe].
-“¡Arriba España!” [1936, 14′, JBA].
-“Sulla soglia di Madrid. La Dolorosa” [1937, 9′, soinurik gabe].
-“La liberazione di Malaga” [1937, 13′, JBA].
-“La liberazione di Bilbao” [1937, 15′, JBA].
-“Orfani spagnoli in Italia” [1937, 11′, soinurik gabe].
-“El fin del frente rojo cantábrico: la toma de Gijón” [1937, 8′].
-“La tierra del Cid” [1938, 11′, soinurik gabe].
-“La battaglia dell’Ebro” [1938, 14′, JBA].
APIRILAK 5
-“Volontari” [1938, 47′, gehiena soinurik gabe].
-“Los Novios de la Muerte. Il film dell’Aviazione Legionaria nel cielo della Spagna” [1938, 30′, JBA].
-“Cielo spagnolo” [1938, 19′, JBA].
-“¡España una, grande, libre! Dalla barbarie rossa al trionfo della civiltà fascista” [Giorgio Ferroni,1939. 23′, JBA].

APIRILAK 6
-“No pasarán!” [1939, 87′, JBA].

Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte.