Marta López Vilar edizioaren egilea, bildumaren parte diren lanen egileetako birekin, Miren Agur Meaberekin eta Leire Bilbaorekin, egongo da ekitaldian.
Poemen irakurketa ere jasotzen duen ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, “(Tras)lúcidas. Poesía escrita por mujeres (1980-2016)” (Bartleby Editores) liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren ostegunean, MARTXOAREN 30ean, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Marta López Vilar poetak prestatutako bilduman 1960tik aurrera jaiotako 29 emakumeren poemak jasotzen dira. Ekitaldia streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Marta López Vilar liburuaren editorea ekitaldian egongo da, obra osatzen duten poemen 29 emakume egileen arteko birekin batera: Miren Agur Meabe eta Leire Bilbao. Egilearen hitzetan “genero antologia ez den eta izan nahi ez duen, poesia antologia bat baizik ez den” lanaren xehetasunak azaltzeaz gain, liburuan jasotzen diren poema batzuk irakurriko dira.
“(Tras)lúcidas” lanak egile gazteek idatzitako poemak jasotzen ditu, belaunaldi hau eta bere ardurak, beldurrak eta interesak erakutsiz. Gaztelaniaz idatzitako poesiaz gain, euskaraz, katalanez eta galegoz idatzitako lanek ere euren lekua dute. Marta López Vilarrek prestatu duen antologian egile hauen lanak jasotzen dira: Esperanza López Parada, Aurora Luque, Susanna Rafart, Miren Agur Meabe, Rosana Acquaroni, Isabel Bono, Guadalupe Grande, Josefa Parra, Ada Salas, Cristina Morano, Nuria Ruiz de Viñaspre, Yaiza Martínez, Esther Muntoñala, Begoña Pozo, Miriam Reyes, Olga Novo, Carmen Camacho, Ariadna G. García, Carmen Garrido, Leire Bilbao, Sandra Santana, Vanesa Pérez-Sauquillo, Erika Martínez, Esther Giménez, Lucía de Fraga, Laia López Manrique, Sofía Castañón, Lola Nieto eta Martha Asunción Alonso.
Marta López Vilar (Madril, 1978) poeta, itzultzaile eta unibertsitateko irakasle da. Filologia Hispaniarrean lizentziatua da, eta hizkuntza, literatura eta filosofia neohelenikoak ikasi zituen Atenaseko Unibertsitatean. 2003an Poesiako “Blas de Otero” saria lortu zuen “De sombras y sombreros olvidados” liburuarekin. 2007an Madrilgo Erkidegoaren “Arte Joven de Poesía” saria irabazi zuen “La palabra esperada” liburuari esker.
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) Euskal Filologian lizentziatua eta Magisteritzan diplomatua da. Bere lan gehiena poesiaren eta haur eta gazte literaturaren inguruan gauzatu du. Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria lortu zuen 2002an, 2006an eta 2011n “Itsaslabarreko extra”, “Urtebete itsasargian” eta “Errepidea” lanei esker, hurrenez hurren, eta euskaraz idatzitako poesiaren Kritikaren Saria 2001ean eta 2013an “Azalaren kodea” eta “Bitsa eskuetan” lanengatik.
Leire Bilbao (Ondarroa, 1978) Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik, eta haur literaturako hamalau liburu argitaratu ditu. Bere lan poetikoaren parte bat hamabi hizkuntza baino gehiagora itzuli da. Hainbat poeta garaikideren poemak itzuli ditu euskarara, eta zenbait komunikabidetan aritzen da.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.