BIDEBARRIETA KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUAK LUCIEN ETXEZAHARRETA ETA LANDER GARRO IDAZLEAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, EUSKAL LITERATURARI BURUZKO ALDIZKARIEN INGURUKO SOLASALDIAN

Euskaraz izango den topaketa Arantxa Urretabizkaiak moderatuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net).

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro idazleak elkartuko ditu datorren martitzenean, APIRILAREN 4an, euskal literaturari buruzko aldizkarien inguruan berba egiteko.

Euskaraz izango den topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra izango da, eta dauden argitalpen nagusiak, horien ezaugarriak eta euskal letrak sustatzeko duten balioa aztertuko dituzte solasaldian.

Lander Garro idazlea eta argazkilaria da. Oreretan, Gipuzkoan, jaio zen 1975ean, eta 2004an Orain galdera berriak ditut eta Lehen aldia eleberriak argitaratu zituen Txalaparta argitaletxean. 2006an Ez merkeenak! Bai onenak! saiakera lana kaleratu zuen, Kontrarioak eleberria 2010ean eta Gerra txikia 2014an, Susa argitaletxearekin, eta Albert Sánchez Piñolen La pell freda eleberria itzuli du euskarara. Eleberri hori Larrua hotz izenburuarekin argitaratu du Txalaparta argitaletxeak.

Lucien Etxezaharretari (Hazparne, 1946) dagokionez, kazetaria, idazlea eta poeta da, Pauen Fisikan lizentziatu zen eta 1966 eta 1972 artean fisika eta matematika irakaslea izan zen arren. Egia eta Ikasle aldizkarietan aritu zen. Orain denbora gutxi Xalbador azken bidean (2016) poesia liburua argitaratu du eta, horrez gain, bi eleberri ere baditu, Margarita inter porcos eta Porcos inter.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Hauek dira iaz, 2016. urtean, “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan parte hartu zutenak: Martín Olmos eta Pablo Martínez Zarracina, David Safier eta Joaquín Berges, Laura Freixas eta Anna Caballé, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutiérrez eta Inés Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodríguez, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J. M. Mulet.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.