BilbaoAurrera | kultur proiektuen poltsa

BILBOKO UDALAK KULTUR PROIEKTUEN POLTSA BAT SORTU DU, ETA URIAREN PROGRAMAZIOAN TXERTATUKO DA

  • Zuzeneko laguntza-sorta hau Bilboko Udalak COVID-19-ak sortutako krisiaren ondorioak arintzeko onartutako #BilbaoAurrera ezohiko neurrien planaren parte da.
  • Ekimen honek guztira 211.145 euro dauzka, eta haren helburua da hirian kultur jarduera sustatzea eta uriko kultur eragile eta entitateak babestea.
  • Proiektuak 2020ko uztailaren 30era arte aurkeztu ahalko dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz, posta elektronikoko helbide honetan: cultura@bilbao.eus.

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak, gaur goizeko bilkuran, kultur proiektuen poltsa bat sortzea onartu du. Proiektu horiek uriaren 2020ko programazioan sartuko dira. Hartara, Udalak Bilboko kulturaren eta sormenaren alorreko profesionalen eta entitateen proposamenak jasoko ditu, sektorea dinamizatzeko eta COVID-19-ak uriko kultur eragileengan dituen ondorioak arintzeko asmoz.

Poltsa horretan gehienez ere 20 proiektu egongo dira; beraien bidez, 2020. urtean Bilboko kultur programazioa eta bizitza aberasten dituzten proposamenak sortuko dira. Edozein kultur edo sormen alorretako proiektuak onartzen dira. Adibidez, arte bisualak, arte eszenikoak, ondarea, musika, ikus-entzunezkoak eta multimedia, liburuak eta prentsa, artisautza, arkitektura, publizitatea eta komunikazioa, bideo-jokoak, diseinua, moda, gastronomia eta zeharkako jarduerak, besteak beste.

Ekimen honek guztira 211.145 euro ditu, eta Bilboko Udalak COVID-19 gaitzak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko onartutako #BilbaoAurrera ezohiko neurrien planeko zuzeneko laguntzen sortan dago. Plan horrek 15 milioi euro ditu; horietatik 11,4 milioi ekonomiaren eta enpleguaren esparrura bideratuko dira, 2,2 milioi gizarte-kohesiora eta 1,2 milioi kulturaren sektorera.

Informazio gehiago Kultura Sailean, cultura@bilbao.eus, 944204870 (goizez)

PROIEKTUEN POLTSA KULTURAREN ETA SORMENAREN SEKTOREA.

1.     Proiektuen poltsaren xedea

Bilbon kultur jarduera sustatzearren eta COVID-19 gaitzak uriko kultur eragileen artean eragindako ondorioak arintzearren, Bilbao Aurrera proiektuen poltsa honetarako deialdia ematen da argitara honekin.

Poltsa hau, Bilboko Udalak sustatzen du, eta Bilbo 700 Fundazioaren bidez bideratzen da.

Proiektuen poltsa honen xede nagusia da kulturaren eta sormenaren sektoreko profesional autonomoen, enpresen edo beste era bateko entitateen proposamenak jasotzea; gehienez ere bederatzi langile izan behar dituzte, eta egoitza nagusia Bilbon eduki behar dute. Proposamen horiek Uriko kultur jardueren programazioan sartuko dira, 2020ko atzenengo lauhilekoko programazioan.

Poltsa horren kontura, gehienez ere hogei proiektu hautatuko dira, 2. puntuan aipatzen den diruz hornituta.

Ahal dela, proiektuak berritzaileak izan beharko dira.

2.     Poltsaren ezaugarriak

Bilbao Aurrera proiektuen poltsaren aurrekontua, guztira, 211.145 € da.

Guztira, 20 proiektu hautatuko dira, kategoria hauetan banatuta:

  • A kategoria: 10 proiektu, 5.000 eurokoak.
  • B kategoria: 5 proiektu, 10.000 eurokoak.
  • C kategoria: 5 proiektu, 14.900 eurokoak.

Proiektuaren zenbatekoan era guztietako gastuak edo kostuak sartuko dira, salbu BEZa, zeina profesional, enpresa edo entitate onuradunari ordainduko baitzaio, dagokion zerga-tasaren arabera.

Kategoriaren batean ez bada aurkeztu behar beste proiektu, edo irizten bazaio aurkeztutakoek ez dutela behar besteko kalitaterik, aukeran izango da kategoria horretarako izendatutako dirua beste kategoria batean pilatzea, eta, beraz, gerta liteke gehienez ere hauta daitezkeen proiektuen kopurua aldatzea, inolaz ere gainditu gabe poltsaren aurrekontu osoa (211.145 €).

Proiektuak hautatzeko eskumena izango duen organoa Balorazio Batzordea izango da, Bilboko Udaleko Kultura Saileko zinegotzia izango duena buru, eta Bilbao 700 Fundazioko ordezkari bat eta Bilboko Udaleko Kultura Saileko beste ordezkari bat izango dituena kide.

3. Proiektuen ezaugarriak

Aurkezten diren kultur eta sormen proiektuek lagundu behar dute Bilboko kultur programazioa eta bizitza aberastuko duten proposamenak eragiten.

Proiektuak 2020an garatu beharko dira.

Proiektuak edozein kultur edo sormen sektoretakoak izan daitezke. Adibide gisa: ondarea, ikusizko arteak, arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak eta multimedia, liburua eta prentsa, artisautza, arkitektura, publizitatea eta komunikazioa, bideojokoak, diseinua, hizkuntzaren arloko industriak, moda, gastronomia, zeharkako jarduerak, antolaketa zerbitzuak (artearen arloko hezkuntza, bitartekaritza, ekitaldiak antolatu eta produzitzea, aisialdia, aholkularitza eta kudeaketa eta abar…).

Proiektuen aurrekontuan jasota egon beharko da jarduera osorik gauzatzeko behar den dirua, ekoizpen gastuak, lekuak alokatzekoak, publizitatekoak eta abar barne.

4.     Nork aurkez ditzakeen proiektuak

Bilbao Aurrera proiektu-poltsara proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte langile autonomoen araubide berezian izena emandako profesionalek, eta, orobat, enpresek eta beste entitate-mota batzuek, baldin eta:

  • Kultur ondasunak edo zerbitzuak sortzen, produzitzen, banatzen eta/edo merkaturatzen jarduten badira, edozein dela ere profesional, enpresa edo entitate horien forma juridikoa.
  • Egoitza soziala edo zerga-egoitza Bilbon badaukate.
  • Enpresen kasuan, ezin dira izan toki entitateei, tokiko organismo autonomoei edo tokiko enpresa-entitate publikoei atxikitako merkataritza-sozietateak.
  • Enpresak edo beste era bateko entitateak badira, 9 langile eduki ahalko dituzte, gehienez ere.

Ezingo da aurkeztu proiektu bat 2020an Bilboko Udalaren Kultura Sailaren dirulaguntza izendun bat duena. Poltsan parte hartzeko, beste proiektu bat aurkeztu beharko da, dirulaguntza jaso duenaz besteko bat.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkeztu ahalko du Poltsarako. Hautatu egin beharko du zein kategoriatan parte hartu nahi duen (A, B edo C).

5.     Proiektuak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta modua

Proiektuak 2020ko uztailaren 30era arte aurkeztu ahalko dira.

Proiektuak eta 6. puntuan adierazten diren agiriak posta elektronikoz helarazi beharko dira honako helbide honetara: cultura@bilbao.eus. Proiektuak euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzita aurkeztu ahalko dira.

Behin aurkeztutakoan, parte hartzaileei bidali beharreko mezuak eta jakinarazpenak posta elektronikoz egingo dira.

 

6.     Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Poltsan sartzeko eskaera egiteko, hiru eranskin hauek bete behar dira (www.bilbao.eus web orrian daude eskura, jaisteko):

  • I. eranskina: Eskabide fitxa, eskatzaileak sinatuta joan beharko duena, edo, hala balegokio, entitatearen legezko ordezkariak.
  • II. eranskina: Proiektuaren datuak.
  • III. eranskina: Erantzukizunezko adierazpenaren eredua.

Hiru eranskin horiekin batera, honako hauek egiaztatzeko administrazio-agiriak aurkeztu beharko dira:

  • Egoitza soziala edo zerga-egoitza.
  • Langileen plantilla, zenbat langile dauzkan adieraziz (sexua zehaztuz).

6.1. Proiektua (III. eranskina)

Proiektua, nahitaez, eredu digitalean bete beharko da (II. Eranskina; web orritik bertatik jaitsi ahal da), honako datu hauek emanez:

  • Zein kategoriatarako aurkezten den (A, B edo C).
  • Proiektua aurkezten duen enpresaren, entitatearen edo profesional autonomoaren gaineko informazio laburra.
  • Proiektuen poltsan sartzeko aurkezten den proiektuaren deskribapena; honako hauek zehaztu beharko ditu, ebaluazioa erraztearren, hurrenkera honetan:
    • a.      Proiektuaren izena
    • b.      Deskribapena
    • c.      Helburuak
    • d.      Norentzako den (publiko mota, eta, gutxi gorabehera, zenbat pertsonarengana iritsiko den)
    • e.      Proiektua non gauzatuko den; orobat, hala balegokio, proposatzen diren espazioak kudeatzen dituztenek baimena eman dutelako egiaztapena.
    • f.       Proiektua garatzeko baliabide materialak eta teknikoak.
    • g.      Egutegia.
    • h.      Proiektu zehatza, eta proiektuaren atalak xehakaturik.

Eskatzaileek aukeran izango dute bestelako informazio osagarria aurkeztea, proiekturako esanguratsua dela uste badute (dosierrak, argazkiak, bideoa eta abar).

7.     Eskabideak onartzea. Hutsak zuzentzea

Balorazio Batzordeak egiaztatuko du eskabideek betetzen dituzten edo ez deialdian ezarritako baldintzak eta xehetasunak, eta dokumentazioan akatsik edo hutsunerik aurkituz gero, zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari; 10 egun naturaleko epea izango du horretarako.

Epe horretan akatsak zuzendu ezean, eskaera beste barik ezetsiko da.

8.     Proiektuen Poltsa arautuko duten balorazio-irizpideak

Proiektuak hautatzeko, Balorazio Batzordeak honako adierazle eta irizpide hauek ebaluatuko ditu:

  • Enplegatuen kopurua (enpresa edo entitate eskatzailearen tamaina). 30 puntu emango dira gehienez, honela banatuta:
    • Enplegatutako pertsona 1 (edo, hala balegokio, profesional autonomo bakarra izanez gero): 10 puntu
    • 2 eta 5 pertsona bitartean badira enplegatuak: 20 puntu.
    • 6 eta 9 pertsona bitartean badira enplegatuak: 30 puntu.
  • Enplegatutako emakumeen kopurua, enpresak edo entitateak enplegatzen dituen guztien artean. 9 puntu emango dira gehienez, honela banatuta:
    • emakume 1: 3 puntu.
    • 2 eta 5 emakume bitartean: 6 puntu.
    • 6 eta 9 emakume bitartean: 9 puntu.
  • Proiektuaren kalitatea, interesa, bideragarritasuna eta dakarren berrikuntza, eta proposatutako jarduerak zenbat herritarrengana iritsiko diren: 51 puntu, gehienez. Proiektuek baduten edo ez proposatutako lekuen kudeatzaileen baimena.
  • Jarduera, produktua edo zerbitzua osorik euskaraz izango bada: 10 puntu.

9.     Kanporatzeko arrazoiak

Balorazio Batzordeak aukeran izango du proiektuak deialditik kanpo uztea, baldin eta:

  • Deialdiko laugarren klausulan ezarritako betebeharrak betetzen ez dituzten pertsonek edo entitateek aurkeztutako proiektuak badira.
  • Proiektuaren helburua kulturaren edo sormenaren arlotik kanpo dagoela irizten badio, edo arlo horri hurbildu bakarrik egiten zaiola irizten badio.
  • Proiektuaren aurrekontuak ez badu jasotzen jarduera osorik gauzatzea, halako moldez non hura gauzatzeko beharrezkoa den Poltsaren sustatzaileak gasturen bat egin beharra.
  • Proiektuaren kalitatea, interesa, bideragarritasuna eta dakarren berrikuntza, eta proposatutako jarduerak zenbat herritarrengana iritsiko diren” izeneko irizpidean 25 puntu baino gutxiago lortzen baditu.

10.  Proiektuak hautatzea eta erabakia jakinaraztea

Balorazio Batzordeak txosten bat emango du ebaluazioaren emaitzarekin (aurreko artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta erdiesten da) eta hautatu beharreko proiektuak proposatuz.

Txosten hori www.bilbao.eus web orrian argitaratuko da.

Balorazio Batzordeak zerrenda bat proposatuko du, ordezkoen izenekin, menturaz eta hautatutako proiekturen bat ez bada gauzatzen, dela uko egin diotelako edo dela beste edozein kausarengatik.

Balorazio Batzordeak hilabete eta erdiko epea izango du, gehienez, proiektuak hautatzeko proposamena egiteko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

Nolanahi ere, hautatutako proiektuen zerrenda posta elektronikoz jakinaraziko zaio eskatzaile bakoitzari.

Deialdia egiten dutenek aukeran izango dute ezein proiektu ez hautatzea, edo proiektu bat partez bakarrik hautatzea.

 

11.  Proiektuak behin betiko determinatzea eta formalizatzea

Nola eta proiektuak Bilboko  kultur programazioan sartzeko hautatuko diren, Udalak bere esku izango du edozein unetan galdegitea enpresei argitu, hobetu edo alda ditzatela proiektu hautatuak, formalizatzeko baldintza ezinbesteko moduan. Hala, bada, proiektuen sustatzaileengana joko da, akordioak sinatu aurretik zehaztu beharreko puntu guztiak zehazteko. Harreman horietan eta sinatuko diren hitzarmenetan, honako hauek jaso beharko dira:

  • Proiektuaren ezaugarriak.
  • Proiektuaren azken aurrekontua, argi adieraziz Poltsako dirutik zenbat diru izendatzen den zein aurrekontu-kontzeptutarako.
  • Ordaintzeko, akordioa sinatzean % 75 ordainduko da, eta gainerako % 25a, proiektua gauzatutakoan.
  • Noiz eta non gauzatuko den proiektua (behin betiko datak eta kokalekua).
  • Proiektatutako jardueren gaineko mezuetan eta publizitatean, Poltsaren sustatzaileak emandako logotipoa erabiliko da. Era berean, diruz lagundutako proiektuaren publizitatea egiteko elementu moduan erabiliko diren kartelak, testuak eta dokumentuak hizkuntza ofizial bietan idatzita egongo dira, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz.

Aurreko puntuak zehaztutakoan, Bilbao 700 Fundazioak akordioak sinatuko ditu.

Behin sinatutakoan, hautatutako enpresek hitzarmen bakoitzaren legezko betebeharrak bete beharko dituzte.