ZORROTZAK ZAZPIGARREN CLOWN ERAKUSKETA JASOKO DU OSTEGUNETIK AURRERA, BILBOKO UDALAK ANTOLATUTA AUZOETAN ESKAINTZEN DEN UDABERRIKO KULTUR PROGRAMAZIOAREN BARRUAN

Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatutako programak Euskadiko hiru konpainiaren partaidetza izango du: Itziar Sáenz de Ojer, Trapu Zaharra eta Ékoma Teatro, eta horiez gain Dado clown kanadarra eta Kate & Pasi finlandiarrak arituko dira.

Bilbok kaleko Arte Eszenikoen Euskadiko eskaintzarik zabalena jasoko du maiatzean eta ekainean, Bilboko Udaleko Kultura Sailak, hiriko barrutietara zuzenduta batez ere, diseinatu duen programazioarekin. Eskaintza anitz hori asteburu honetan helduko da Zorrotzara, Azoka parkean eta auzoko udal liburutegian egingo den clown jaialdiaren zazpigarren edizioarekin, OSTEGUN honetatik (maiatzak 5) aurrera.

Aurten bost konpainia ospetsu izango ditugu egitarauan: Euskal Herriko hiruk, Itziar Sáenz de Ojer, Trapu Zaharra eta Ékoma Teatro, Dado clown kanadarra eta Kate & Pasi finlandiarrak.

Programazioa EGUENEAN hasiko da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zorrotzako Udal liburutegian Itziar Sáenz de Ojerrek eskainiko duen ipuin-kontalari emanaldi bereziarekin. “Clowntu kontari” clownentzako ipuin narrazioa da –euskaraz– eta bertan istorioak, umorea eta ikus-entzuleen partaidetza uztartzen dira. Pituxa lehen aldiz etorriko da jende aurrean ipuinak kontatzera, pozik eta urduri. Izan ere, gogo handia duen arren, ez du istorio askorik ezagutzen, eta ez daki zelan kontatu. Maleta handi batetik ateratzen dituen gauzez eta ikus-entzuleen laguntzaz baliatuko da bere ikuskizuna aurrera eramateko. Jarduera doakoa da, baina ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea, liburutegian bertan.

Inaugurazio jardunaldiari amaiera emateko, Zinebiklub saioa egongo da Zorrotzako Udaltegian, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialditik – ZINEBItik igaro diren umorezko film laburren erakusketarekin. Beste lan batzuen artean, FANT 2015ean Euskal Film Labur hoberenaren saria jaso zuen Kris Cemberen “Viaje a pies” animazio film laburra eskainiko da.

BARIKUAN (maiatzak 6), programak saio bikoitza jasoko du arratsaldeko 18:30ean eta 19:30ean, Azokako Parkean. Lehenengo Trapu Zaharra taldea etorriko da, Maribel Salas eta Santi Ugalde antzezle ezagunek antzeztuko duten “La Conga” lanarekin. Ondoren, Dado clown kanadarraren, gaur egungo vodevileko antzezle hoberenetakotzat hartzen denaren, txanda izango da. “Oddball, mi tío el jorobado” magiaz eta ezustez betetako ikuskizuna da. Musika asmakizun harrigarriak, baloi-petardoak, osagai bitxi asko, mimika eta keinu barregarriak… Energiaz betetako esperientzia ia surrealista.

Clown Zorrotzaren aurtengo edizioa ZAPATUAN (maiatzak 7) amaituko da, arratsaldeko 18:30ean hasiko den Ékoma Teatroren eta Kate&Pasiren ikuskizunarekin, Azokako Parkean, baita ere. Euskal konpainiak “Wifi free” aurkeztuko du, umorearen bitartez teknologia berrien erabilera desegokia aurkezten duen komedia, zu, ni eta sarearen arteko erlazioen alderdi gizatiarrena eta absurdoena erakutsiz. Kate&Pasi finlandiarrek, euren aldetik, “Suhde” lana ekarriko dute Bilbora. Gizon baten eta emakume baten arteko harremana da ikuskizun horren gai nagusia. Ikuskizunean, ahalegina egingo dute galdera hauei era komikoan erantzuteko: Zelan da posible 50 kiloko emakume batek 100 kiloko gizon bat garaitzea? Zelan funtzionatzen du hain tamaina desberdinetako bi pertsonen arteko harremanak? Nor da zuzentzen duena eta nor jarraitzen duena? Zelan osatzen da harreman bat? Galdera horiei erantzuteko zirkuko hainbat teknika erabiliko dituzte.

Clown Zorrotza egitaraua, Kultura Sailak diseinatutako “KULTURA KALEZ KALE” kultur programazioaren barruan sartzen da. Ekimen horrek kaleko musika eta arte eszeniko 150 ikuskizun baino gehiago eta beste hainbat jarduera eramango ditu Hiriko auzoetara maiatzean eta ekainean.

MAIATZAK 5 (Osteguna)
Zorrotzako Liburutegia
18:00 Itziar Sáenz de Ojer – “Clowntu kontari” (euskaraz)
Beharrezkoa izango da aurretik izena ematea liburutegian bertan.

19:30 ZINEBIKLUB
LEKUA: Zorrotzako Udaltegia
Umorezko film laburren erakusketa.
• AMOR DE MONO / 2015. 05’00’’. Paulo Mosca / Abel Sánchez. Espainia. Animazioa
• DESCARTE’S WORLD / 2015. 07’00’’. Joseba Gardeazabal / Juan Viadas. Euskadi. Fikzioa
• EDMOND / 2015. 09’00’’. Nina Gantz. Britainia Handia. Animazioa
• SOUS LES SOUTANES / 2015. 20’00’’. Michel Zarazir. Libano. Fikzioa
• VIAJE A PIES / 2015. 14’00’’. Kris Cembe. Euskadi. Animazioa
• FIESTA DE PIJAMAS / 2015. 07’00’’. David Pantaleón. Espainia. Fikzioa

MAIATZAK 6 (Ostirala)
LEKUA: Azoka Parkea
18:30 Trapu Zaharra “La Conga” (Euskadi)
19:30 Dado “Oddball, mi tío el jorobado” (Kanada)

MAIATZAK 7 (Larunbata)
LEKUA: Azoka Parkea
18:30 Ekoma Teatro “Wifi free” (Euskadi)
19:30 Kate&Pasi “Suhde” (Finlandia)

+ info: www.bilbaokultura.eus / www.kulturabarrutik.eus