ZIRKU GARAIKIDE IKUSKIZUNEN IKERKETARAKO ETA SORKUNTZARAKO ARTE EGOITZEN ETA LAGUNTZEN DEIALDIA ZABALDU DA, “DE MAR A MAR” EUROPAKO LANKIDETZA PROGRAMAREN BARRUAN

Bilboko Udala da EBtik 1,3 milioi euro –datozen hiru urteetarako– jaso dituen ekimen horren bazkideetako bat. Diru hori profesionalen prestakuntzara, sorkuntzara eta ikuskizunak erakustera eta nazioartera zabaltzera bideratuko da.

Proiektuak onartzeko azken eguna urriaren 5a izango da. Oinarri osoak www.bilbokokalealdia.eus webgunean daude dagoeneko

Hilabete honen hasieran zabaldu da zirku proiektu garaikideen garapenerako laguntza deialdia, zirkuko arteen aldeko mugaz gaindiko “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” lankidetza ekimenaren barruan. Bilboko Udala, duela denbora gutxi Europar Batasunaren 1,3 milioi eurotik gorako diru-laguntza jaso duen eta 14 bazkidek osatzen duten ekimen horren parte da. Diru-laguntza hori artista profesionalen prestakuntzara eta zirku garaikide ikuskizunen erakusketara eta hedapenera bideratuko da.

Bazkideen artean zenbait eskola daude, Escola de Circ Rogelio Rivel edo Le Lido, Frantziako Tolosako Jean Jaurés bezalako unibertsitateak, entsegu eta sorkuntza lekuak eta lantegiak, La Grainerie, Central del Circ edo Hameka, eta baita hedapenerako guneak eta eremu publikoko erakundeak ere, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazioarteko jaialdia eta Zirkualde zirku jaialdia antolatzen duen Bilboko Udala, besteak beste.

Zehatzago esanez, lehenengo deialdi hori, artistek eta konpainiek Pirinioetako bi aldeetako mugikortasuna hobetzeko dituzten baldintzak hobetzera bideratuta dagoen sorkuntzari laguntzeko funtsaren barruan sartzen da, sorkuntza prozesuan zein ondorengo erakusketa fasean.

Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimeneko bazkideek hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jartzeko; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenak hiru egoitza modalitate ezarri ditu bilaketa proiektuei –ez daude zehatz mehatz ikuskizun baten ekoizpenera zuzenduta, ikerketara baizik–, sortzen ari diren artisten edo kolektiboen proiektuei eta dagoeneko finkatuta dauden artisten edo kolektiboen proiektuei laguntzeko. Laguntza hori, sorkuntzarako espazioak lagaz, proiektuaren beharretara egokitutako laguntasuna (artistikoa, teknikoa edo/eta kudeaketakoa) eskainiz eta 2.000 eta 10.000 euro artekoa izango den finantza laguntzaren bitartez bideratuko da.

Modalitate bakoitzerako hautagaitzetarako formularioa online dago erabilgarri, “De Mar A Mar” webgunean: https://demaramarblog.wordpress.com/ eta www.bilbokokalealdia.eus webgunean. Proiektuak onartzeko azken eguna urriaren 5a izango da.