BILBOKO UDALAK ARTE ESZENIKOEN ETORKIZUNAREN ALDEKO APUSTUARI EUSTEN DIO, “BILBON ESKOLATIK ANTZERKIRA” PROGRAMAREKIN ETA ESKOLAKO ANTZERKI LEHIAKETAREKIN

Maiatzaren erdialdera arte, Bilboko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta egongo diren 13 emanaldi eskainiko ditu “Bilbon Eskolatik Antzerkira” programak, Otxarkoagako Udaltegian, Campos Antzokian eta Azkuna Zentroan.

Horrez gain, gure hiriko ikastetxeek, Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berrian parte hartzeko aukera izango dute. 22. urteurrena betetzen duen lehiaketaren helburu nagusia, umeen eta gazteen artean sorkuntza eszenikoa bultzatzea da.

Bilboko Udalak Arte Eszenikoen aldeko apustuari eusten dio, hezkuntzarako tresna gisa, eta ikasturte honetan ere aurrera jarraitzen du “Bilbon Eskolatik antzerkira” programarekin, jada ohikoa den Eskola Antzerki Lehiaketarekin batera. Ekimen biek 22. urteurrena beteko dute, hasierako helburu berberekin: Arte Eszenikoetarako ikus-entzule berriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea.

Ekimen horietan, konpainia profesionalek umeei zuzenduta prestatu dituzten lanen emanaldiak sartzen dira alde batetik, eta bestetik sorkuntza bultzatzen da, Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dauden eta muntaketak aurrera eraman ahal izateko laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala duten antzerki ikastaroen eta lehiaketaren bitartez.

Joan den ikasturtean, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimenaren programazioari esker, Hiriko 5.400 ikus-entzule baino gehiagok (28 ikastetxe) harremana izan zuten Arte Eszenikoekin, euskal artista eta konpainiekin, baina baita Estatuko gainerako lekuetakoekin ere, musikak eta dantzak euren lekua duten, mota guztietako gaiak lantzen dituzten eta eszenan jartze anitzak erakusten dituzten ikuskizunen bitartez. Ikasturte berri honetarako ere proposamen berritzaileak izango ditugu, Kooperarock bezalako egitasmo kooperatiboekin edo erabat gozatu ahal izateko 3D betaurrekoak eskatzen dituen Logela Multimediaren “Barbantxo” ikuskizunarekin, adibidez.

Ikasturte berri honetarako 13 emanaldi programatu dira, zazpi konpainiaren eskutik. Konpainia horiek Campos Antzokian, Azkuna Zentroko auditorioan eta Otxarkoagako udaltegian eskainiko dituzte euren lanak.

Eskolako antzerki denboraldia azaroaren 8an inauguratuko da, Campos antzokian, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egongo den Madrilgo 300 Pistolas Teatro konpainiaren “El perro del hortelano” antzezlanarekin –gaztelaniaz izango den bakarra–. Talde artistiko horrek antzerki klasikoa ikus-entzule berriengana hurbiltzeko erronka hartu du bere gain, testuaren eta egoeren komikotasunaren aldeko apustua eginez. Ikuskizunak Almagroko Antzerki Klasiko Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen.

Emanaldietara joateko aukera eskaintzeaz gain –aurretik ikastetxeek erreserba egin ondoren–, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimenaren barruan, Kultura Sailak material didaktikoak ere jarriko ditu irakasleen esku, taldeekin lan egin ahal izateko, ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule berrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.

ANTZERKI LEHIAKETA
Era berean, Kultura Sailak Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berria antolatuko du 2016/2017 ikasturte honetan. Lehiaketaren helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko gisa erabiltzea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da. Horrela, egokitutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dituen antzerki emanaldien lehiaketa dela esan daiteke. Ondorioz, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” programaren osagarri egokiena da, izan ere, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera pasatzen baitira.

Irabazten duten taldeentzat dirutan banatuko diren sariez gain, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalitate bakoitzeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko dituzte, eta, horrez gain, euren lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Arriaga Antzokian ospatzen den Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diren pertsonek osatutako epaimahaiak, alderdi hauek sarituko ditu, besteak beste: lan eszenikorik hoberena, proposamen eszenikorik bereziena, alderdi teknikoei emandako soluziorik onena, interpretaziorik hoberena, partaideen adinaren arabera egindako egokitzapenik onena edo modalitate eszenikoen berreskuratze lanik hoberena.

Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dute parte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH-ko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egun hauetan, programa horiei buruzko informazio guztia jasoko dute. Iaz, Bilboko 18 ikastetxek hartu zuten parte, 36 lan aurkeztuz. Lan horietan 562 ikaslek hartu zuten parte.