Oscar Mariné diseinugile eta ilustratzaileak egin eta lehiaketa iragartzen duen kartelak, duela bi urte hil zen Philip Seymour Hoffman antzezlearen irudi bat hartzen du oinarri gisa.
Bilboko Udalak antolatu duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 18tik 25era ospatuko du bere hurrengo edizioa, 58. zenbakia egiten duena. Lanak aurkezteko epea itxi da, eta ZINEBIk 4.109 film jaso ditu. Horien artean aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko direnak, lehiaketan parte hartuko duten hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez. Genero horiek, fikzioa, dokumentala eta animazioa dira.
108 herrialdetik heldutako lanen jatorriari dagokionez, ohikoa denez, Estatua azpimarratu behar da (814 film, horien artean Euskal Herriko 92), eta ondoren Frantzia (539), Alemania (217), EE.BB. (177) eta Erresuma Batua (157) datoz. Eremu latinoamerikarrari dagokionez, film labur gehienak Brasiletik (167) Mexikotik (143) eta Argentinatik (154) heldu dira, baina baita Kolonbiatik (74), Txiletik (39), Venezuelatik (14), Kubatik (19) edo Uruguaitik (18) ere, beste leku batzuen artean.
Zine produkzio urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna duten herrialdeen artean, hauek azpimarratu behar dira: Afganistan (1), Albania (3), Saudi Arabia (6), Burkina Fasso (2), Zipre (5), Boli Kosta (1), Arabiar Emirerri Batuak (14) Irak (8), Jamaika (1), Kirgizistan (3), Palestina (1), Sri Lanka (1), Sudan (1) eta Trinidad eta Tobago (2). Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek nabarmendu egiten du, berriro ere, zinemaldi beterano honen nazioarteko izaera.
Azkenik, izena eman duten filmen generoei dagokienez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 2.497 fikziozkoak dira (%60,76), 1.202 dokumentalak (%29,25) eta 410 animaziozkoak (%9,99).
TALENTUA ETA SINESGARRITASUNA
Óscar Mariné diseinugile eta marrazkilariak ZINEBIren 58. edizio honetarako sortu duen kartelaren protagonista, 2014an hil zen Philip Seymour Hoffman antzezle estatubatuarra da. Marinék, antzezleak Capote film arrakastatsuan egin zuen Truman Capote idazle estatubatuarraren irudia aukeratu du. 2005ean Bennett Millerrek zuzendu zuen film horretan antzezleak gizonezkoen interpretazio hoberenaren Oscar saria lortu zuen.
Kartelaren irudiak, dotore jantzitako Seymour Hoffman erakusten du, kamerari albotik begiratuz, idazle handiaren nortasun indartsuarekin eta konplexuarekin bat datorren erdi-irribarre zorrotz eta ironikoarekin. Idazlearen nortasun hori izan zen antzezle gisa egin zuen lanaren oinarri nagusia.
58. edizioko kartelarekin, ZINEBIk omenaldi berezia eskaini nahi dio arauz kanpoko antzezle horri, oso ohikoak ez diren antzezpenerako baliabideak zituenari, horien artean fisikoa, begirada, ahotsa eta keinu errepertorio mugagabea. Horri guztiari esker, Seymour Hoffman mundu osoan arrakasta jaso zuen antzezlea izan zen.
Irudi xume eta zuzen horrek erakusten digunez, zinearen eta ikus-entzuleen arteko harremanean sortzen den lotura emozionala eta limurtzailea betidanik, eta baita gaur egun ere, posible egiten duen baldintzetako bat antzezleen aurpegian, talentuan eta sinesgarritasunean oinarritzen da, eta horiek guztiak zituen Philip Seymour Hoffmanek.