“ZINEMA EUSKARAZ” ARRAKASTA HANDIKO PROGRAMA BILBOKO IKASTETXEETAN

Aurreko ikasturtean Bilboko 41 ikastetxeko 9.277 ikaslek hartu zuten parte programa honetan, Karmen Aretoan eta GOLEM zinemetan.

Euskara eta Hezkuntza Sailak “Zinema euskaraz” izeneko ekimenarekin jarraituko du aurten ere, Bilboko ikastetxeetan tira handia duen programa da eta. 2014-2015 ikasturtean Bilboko 41 ikastetxeko lehen eta bigarren hezkuntzako 9.277 ikaslek hartu zuten parte. Emanaldiak Karmen Aretoan eta GOLEM zinemetan izan ziren.

“Zinema euskaraz” ekimenak helburu didaktikoa du. Film bakoitzaren ostean, gaia jorratzen da ikasleen artean, helburu jakin batzuk lortzeko.

Lehen Hezkuntzako (6-12 urte) 7.521 ikaslek hartu zuten parte. Film hauek eman zitzaizkien: “Ernest & Celestine”, “Tormeseko Itsumutila”, “Maya erlea”, “Tarzan”, “Lotte”, “Polleke”, “Txori Urdin”, “Lepel”, “Pim & Pom” eta “Robotak”. Hainbesteko arrakasta izan zuten filmok, ezen egutegia zabaldu behar izan zen, ikastetxeen eskariei erantzun ahal izateko.

Bigarren hezkuntzan (12-16 urte) 1.756 ikasle izan ziren parte hartu zutenak. Zinema-emanaldi horien helburua gaztetxoen egunean eguneko errealitatea aztertzea da, gogoeta eginez, erantzukizuna eta iritzi kritikoa landuta eta, batik bat, bizitzan agertuko zaizkien arazoei eta egoerei aurre egitea.

Hauek dira adin-tarte horretakoek ikusi zituzten filmak: “Diamante beltzak”, “Enderren jokoa”, “Gazte harrigarria T.T. Spivet” eta “Kontiki”; berdintasuna jorratzeko 5 film labur ere eskaini zitzaizkien: “Majorité opprime”, “Recursos humanos”, “Love is all you need”, “Sirenito” eta “Vestido Nuevo”.

2015-2016 ikasturterako Bilboko 33 ikastetxek eman dute izena dagoeneko. Emanaldiak GOLEM zinemetan izango dira maiatzera arte.

“Zinema euskaraz” programa 1991n jarri zen abian. Harrezkero, Bilboko 180.000tik gora ikaslek hartu dute parte bertan.