BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” PROGRAMAREN EDIZIO BERRIA INAUGURATUKO DU DATORREN ASTEARTEAN, MARTÍN OLMOS ETA PABLO MARTÍNEZ ZARRACINA KAZETARIAK ELKARTUZ

ASTEARTEAN, URTARRILAREN 12an bere hamargarren edizioa hasiko duen “Eztabaidak Literaturarekin” ekimenak hilean behin izaten ditu topaketak, asteartez, arratsaldeko 19:30ean, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN ekimenak, Martín Olmos –2015eko Euskadi Literatur Saria– eta Pablo Martínez Zarracina kazetari eta idazle ezagunen arteko topaketa aurkeztuko du datorren asteartean, URTARRILAREN 12an, literaturaren eta kazetaritzaren arteko harremanari buruz berba egiteko, hain zuzen ere.

Eztabaidak edo elkarrizketak hilero egiten dira, asteartez, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari edo profesional bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Oraingo honetan kulturan espezializatutako Juan Carlos de Rojo kazetaria izango da ekitaldiaren gidaria.

Urteko lehen hitzordu honetarako, “Eztabaidak literaturarekin” ekimenak literaturari eta kazetaritzari buruzko hitzaldia proposatzen du, eguneroko prentsa irakurtzen dutenen artean oso ezagunak diren bi zutabegilerekin, bizitza aztertzeko duten era bereziarengatik eta, hasiera batean egunkarietan irakurri ahal izan genituen artikulu horietatik literaturarako jauzia eman dutelako. Horrela, zenbait gai planteatuko dira, literaturaren eta kazetaritzaren arteko desberdintasunak eta antzekotasunak, kazetaritzak literaturari eman diezazkion balioak edo hasieran kazetari izan ziren idazle handiak, besteak beste.

Martín Olmos 2015eko Euskadi Literatura Sariduna da, azken bost urteetan El Correo egunkarian argitaratu dituen zutabeetako batzuk jasotzen dituen “Escrito en Negro” liburuarekin. ‘Sacamantecasen’ edo Galiziako otso-gizonaren izugarrikeriak, ‘El Lutek’ askatasunerako bidean bizi izandakoak edo el Vaquilla, el Torete eta el Jaro bezalako kinkien gorabeherak dira, besteak beste, asteroko ‘Escrito en negro’ kontakizunen protagonistak, era bikainean dokumentatuak eta maisutasunez kontatuak, umore beltz garratza ahaztu barik. Martín Olmos marrazkilari bikaina ere bada, eta bere irudiek istorioei laguntzen diete, horiek girotzen dituen atmosfera dramatikoa sakonduz. Martín Olmosen kronika beltzek fikziozkoa ez den lan hoberenaren Rodolfo Walsh saria ere lortu dute Gijongo azken Aste Beltzean.

Pablo Martínez Zarracinari dagokionez, El Correo egunkariko zutabegile eta literatur kritikaria da. Bi poesia liburu argitaratu ditu, “Señales de vida” eta “Los invitados”, “La fascinación de los extremos” dietarioa eta “Resaca crónica”, Bilboko Aste Nagusiari buruz idatzi zituen kroniken bilduma. Bere bosgarren liburua argitaratu berri du, “Es muy raro todo esto” (Pepitas de calabaza arg.), El Correo egunkariaren edizio digitalean argitaratutako 54 artikulu biltzen dituen argitalpena.

HAMARGARREN EDIZIOA

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, literaturaren hedapenerako eta gizarte eta zientzia ezagupenerako gunea da.