ZINEBIK, MUNDU OSOKO EKINTZAILEEK HIRI IRAUNKORRAGOAK ETA JASANGARRIAGOAK LORTZEKO AURRERA DARAMATEN BORROKARI BURUZKO BICICLETAS VS COCHES FILM SUEDIARRA AURKEZTUKO DU OSTEGUNEAN, ‘HILEKO DOKUMENTALA’ ZIKLOAREN BARRUAN

Saioa Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, gaztelaniaz azpitituludun jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Fredrik Gertten zuzendari suediar ezagunak egindako Bicicletas vs coches (Suedia, 2015. 91 minutu) filma aurkeztuko du OSTEGUNEAN, ekainaren 25ean. Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
 
Bicicletas vs. Coches filmak, hiri iraunkorragoak, jasangarriagoak, lortzeko borrokan ari diren zenbait ekintzaile eta pentsalari aurkeztuko dizkie ikus-entzuleei. Bizikletan ibiltzeari utzi nahi ez dioten pertsonak, trafiko istripuetan hildako txirrindulari kopurua gero eta altuagoa den arren. Horrela, ekintzaile nekaezinak lanean ari dira bidegorri gehiago jartzeko, txirrindularientzako erraztasunak handitzeko, trafiko istripu gutxiago egon dadin eta umeek kutsadurarik gabeko munduan bizitzea zer den baloratzen ikas dezaten.
 
Filmaren abiapuntua, ingurumen krisi sakonean murgilduta dagoen gure mundua da. Klimaren aldaketa, baliabide fosilak amaitzea eta hirietako eta ozeanoetako kutsadura oso garrantzi handiko gaiak dira. Testuinguru horretan, bizikleta aldaketarako tresna indartsu gisa agertzen zaigu, baina badirudi zaila dela automobilaren nagusitasunari amaiera ematea. Filmak ez ditu automobil gidariak kriminalizatu nahi, kontzientziak mobilizatu, eta egunero euren lanetara joateko trafiko pilaketak jasan behar dituzten herritarren ohiturak aldatu nahi ditu. Horrez gain, dokumentalak gogoetarako gonbidapena ere egiten du: Zeintzuk dira iraultza hori geldiarazi nahi duten interesak?

Fredrik Gertten zuzendari suediar ezaguna da, sari asko lortutakoa. Lanbidez kazetaria den arren, azpimarratzekoak dira dokumentalgile gisa egin dituen azken lanak: 80 herrialde baino gehiagotako jaialdietan nazioarteko ibilbide luzea izan duten Big Boys Gone Bananas! (2012) eta Bananas! (2009). Jaialdi horien artean Sundance, Berlinale eta Hot Docs azpimarratu behar dira.

ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.