PEDRO OLEAK, JAVIER REBOLLOK, ENRIQUE URBIZUK, MIKEL RUEDAK, LUIS MARÍASEK, IMANOL URIBEK ETA SRA. POLAROISKAK ZAZPI FILM LABUR ERRODATUKO DITUZTE BILBON, GENERO HORRI BALIOA EMATEKO ETA HIRIA FILMAZIORAKO GUNE GISA SUSTATZEKO

“Bilbao – Bizkaia. EXTERIOR – DÍA”, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak- Zinebik bultzatutako talde-egitasmoa da, eta azaroaren 19an estreinatuko da, Jaialdian bertan.

Javier Rebollo zinegileak asteburu honetan hasiko du bere film laburraren errodatze lana, Hiriaren modernotasun gune berrietako batean: Euskadi Plazan.

Malloako hilerri zaharra, Casilda Iturrizar parkea, Zorrotzaurreko industria hondakinak edo Los Caños pasealekua bezalako oso txoko bilbotarrak izango dira datorren asteetan zazpi film labur errodatzeko eszenatokiak. Film laburren egileak zazpi zinegile bilbotar –bertan jaiotakoak edo bilbotartuak– izango dira, Pedro Olea, Javier Rebollo, Enrique Urbizu, Mikel Rueda, Luis Marías, Imanol Uribe eta Alaitz Arenzanak eta María Ibarretxek osatzen duten Sra. Polaroiska taldea.

“Bilbao – Bizkaia. EXTERIOR – DÍA” izena daraman filma, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – Zinebik eta Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bilbao – Bizkaia Film izenekoak, sustatzen dute, Hirian denbora gehien daraman jaialdiaren nortasun zeinua den film laburrari balioa emateko eta, aldi berean, hiria eta bertako gune publikoak, batez ere, erakusleiho izateko leku egoki gisa erakusteko xedez, mota guztietako ikus-entzunezko produktuak errodatzeko. Filma Campos Antzokian estreinatuko da azaroaren 19an, azaroaren 13an hasiko den Zinebiren hurrengo edizioaren, 57.aren, barruan.

“Bilbao – Bizkaia. EXTERIOR – DÍA”, Bilbo, bere ingurunea eta espazioak, nazioartean zine eta ikus-entzunezkoen industriaren eszenatoki gisa sustatzeko xedez sortzen den eta film laburrez osatuta dagoen film luzea da. Horretarako zazpi zinegile elkartu dira, batzuk beteranoagoak, besteak gazteagoak, denboran zehar askotan filmatu den eta orain goitik behera eraldatuta dagoen hiriarekin duten erlazioaren zazpi begirada pertsonal emateko. Zazpiek euren esfortzua bateratuko dute, oso ikuspuntu anitzetatik filmatutako hiriaren erretratua osatzeko, Bilboko eta Bizkaiko ekonomiaren motore berri izan daitekeenaren hiri espazioen katalogoa osatzeko.

Datorren asteburuan Bilboko kaleak, Javier Rebollok zuzenduko duen “El amigo imaginario” lanaren eszenatokia izango dira: Martin eta Bego bikote krisialdia jasaten ari dira, eta mutilak, tartean maitale bat dagoela sumatuko du. Istorio horren bitartez, Hiriaren modernotasun zentro berrietako baten inguruak ezagutu ahal izango ditugu: Euskadi plaza, eta baita Elkano edo Máximo Aguirre kaleak eta Arte Eder Museoa ere.

Izan ere, oso desberdinak diren generoko klabeak, fikziozko erregistroak eta baliabide estilistikoak erabiliz, talde egitasmo horrek, Itsasadarra, Ibaieder parkea, Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra, Uribitarte Pasealekua… bezalako lekuak beste modu batera ikusteko aukera emango du, eta baita Hiriaren zortzi barrutiak osatzen dituzten auzoetako txoko bereziak ere.

Zazpi errodatze lanak datozen asteetan egingo dira, eta irailean amaitu. Oso anitzak diren gaien artean, Pedro Olea fantasiazko generoarekin ausartuko da, zonbiei buruzko film laburrarekin. Horrela, “Zombi Eguna” lanean, Sabino Arana, Juan Crisóstomo de Arriaga edo Miguel de Unamuno altxatuko ditu euren hilobietatik, besteak beste. Enrique Urbizu zuzendariari dagokionez, Casilda Iturrizar parkeko urmael idilikoa hilketa latz baten eszenatoki bilakatuko du “Los fantasmas del parque” lanean.

Egitasmoa osatzen duten lanak, Mikel Ruedaren “Caimán”, Luis Maríasen “Amatxu maitea” –joan den asteburuan Abusuko parkean errodatutakoa–, Imanol Uriberen “La confesión” eta Sra. Polaroiskaren “Los ocho pecados capitales” dira. Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe dira Sra. Polaroiska. Talde horren lana zine esperimentalaren, arte-ekintzaren, sorkuntza eszenikoaren eta koreografiaren inguruan egituratzen da. 16 mm-tan filmatutako lehenengo lanarekin Infojuve 2003 saria irabazi zuten. Ordutik aurrera, euren lanak arte zentroetan eta jaialdietan erakusten dira. Oraingo honetan, euren erregistro pertsonala erabiliz, bekatu kapitalak filmatu nahi dituzte Hiriko zortzi txokotan, ohiko bekatuei tristuraren bizioa gehituz.