ZINEBIK, MARCUS VETTERREN ETA KARIN STEINBERGERREN “THE PROMISE” THRILLER DOKUMENTALA, 1985EAN ESTATU BATUETAN IZANDAKO HILKETA BASATI BATI BURUZKOA, ESKAINIKO DU OSTEGUN HONETAN

Saioa Multicine 7 aretoan izango da (Jose María Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, eta ingelesezko eta alemanezko jatorrizko bertsioan eskainiko da, gaztelaniazko azpi-tituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

 

‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk bere programazioari urte osoan zehar jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Marcus Vetterrek eta Karin Steinbergerrek zuzendutako “The Promise” (Alemania, 2015. 117´) filma eskainiko du OSTEGUN honetan, urriaren 26an. Haysom senar-emazteen hilketari buruzko thriller dokumentala da, 80ko hamarkadan nazioarteko prentsan oihartzun izugarria izan zuen kasua.

Filmak, 1985ean izandako gertakari basatiak erakusten ditu, eta kasu mediatiko hura berriro irekitzen du, Jens Soering gaztea zigortu zuen Estatu Batuetako epaia zalantzan jartzen duten froga berriak aurkeztuz. Thriller forma duen dokumentala da, Daniel Brühlen off-eko ahotsarekin, Estatu Batuetako zigor sistema latzari eta mugarik gabeko maitasunaren ondorioei buruzkoa. Emanaldia Multicine 7. aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan –sarrerak 3,70 euro balioko ditu–, eta ingelesezko eta alemanezko jatorrizko bertsioan eskainiko da, gaztelaniazko azpi-tituluekin.

Elizabeth Haysom goi mailako familia bateko neska gazte eta erakargarria zen, gehiegikeriez eta mendekotasunez betetako iragan ilunarekin. Mutila Jens Soering da, gazte bakun samarra, supergaitua, zurbila eta betaurreko sendoak zeramatzana, Estatu Batuetan bizi zen diplomatiko aleman baten semea. 1984an Virginiako Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, eta maitasun sutsua sortu zen bien artean.

1985eko martxoaren 30ean, Elizabethen gurasoak era basatian erailda agertu ziren etxean. Ikerketa bikote gaztearengan zentratu zenean, Elizabethek eta Jensek herrialdetik ihes egitea erabaki zuten. Urtebete geroago Londonen atxilotu zituzten. Guztiz maiteminduta eta bere aitaren karguak immunitate diplomatikoa emango ziola sinetsita, Jens Soeringek une hartan bertan aitortu zuen hilketa lazgarrien egilea zela.

Jensek 19 urte zituen garai hartan. Gaur egun 50 ditu. Bere bizitzaren erdia baino gehiago kartzelan igaro du. Elizabeth ikusi zuen azken aldia epaitegiko aretoan izan zen, hamarkadako epaiketarik mediatikoena zuzenean eskaintzen ari ziren kameren aurrean. 1990. urtea zen, eta Jens Soeringek hasierako bertsioa aldatu zuen: errugabea zela adierazi eta aitorpen faltsua egin zuela esan zuen, Elizabeth aulki elektrikotik salbatzeko; baina beranduegi zen.

Marcus Vetter eta Karin Stenberg dokumentalaren zuzendariek –hau elkarrekin egin duten hirugarren lana da– epaiketaren ehunka grabazio ordu berreskuratu dituzte, eta Virginiako Brunswick Correctional Centerrera sartu dira, gaur egungo Jens elkarrizketatzeko, gizon argala, hotza eta aztoragarria, errugabea dela esaten jarraitzen duena. Izan ere, 2009an, hilketaren agertokian 1990eko epaiketan agertu ez ziren ezusteko elementuak gehitzen zituzten frogak eta lekukoak agertu ziren.

Artxiboko irudiak eta kasuan inplikatutako alde guztien (zuzendarien elkarrizketa eskariari ezezkoa eman zion Elizabeth Haysomena izan ezik) elkarrizketak eskainiz, “The Promise” dokumentalak, fikziozko thriller judizial hoberenaren osagai guztiak dituen hilketa basati baten barrura eramango du ikus-entzulea.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, jarraipena ematen dio urte osoan bere programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.

TRAILERRA “The Promise”: https://www.youtube.com/watch?v=_P2ggPSkp5g