BILBOKO UDALAK ÁNGELA FIGUERA POETAREN EGUN INSTITUZIONALA OSPATUKO DU ASTELEHENEAN, BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAN ESKAINIKO DEN ERREZITALDIAREKIN

“El dolor y la dulzura” izenburupean, Itziar Lazkano antzezleak ahotsa jarriko die Figueraren bertsoei, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan 19:30ean hasiko den errezitaldian. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

 

Bilboko Udalak Ángela Figuera poetaren jaiotzaren urteurrena ospatuko du datorren astelehenean, urriaren 30ean (Bilbo 1902 – Madril 1984), Bidebarrieta Kulturgunean eskainiko den errezitaldiarekin. Gerraosteko poesiak izan zuen pertsonaia garrantzitsua izan zen arren, jende gehienak ez du asko ezagutzen Ángela Figuera, ziurrenez emakumea izan zelako –bizitzea egokitu zitzaion garaian– eta Gerra Zibilean galtzaile izan zen aldean aritu zelako. Hori dela eta, 2008an, Bilboko Udalak urteko egun bat instituzionalizatu zuen bere ohoretan, idazlearen bizitza eta lana ezagutarazteko.

Oraingo honetan, Bidebarrieta Kulturguneak, Felipe Lozak zuzendutako poesia errezitaldia jasoko du arratsaldeko 19:30etik aurrera. “El dolor y la dulzura” izenburupean, Figueraren biografia poetikoan egiten den joan-etorri laburra izan nahi du, bere bilakaera aztertuz, gaikakoa eta estetikoa, idazlea gozatzeko eta ulertzeko, bere testuetan eta testuinguruetan.

Juan Ramón Jiménez, León Felipe, Gabriel Aresti, Gabriel Celaya, Blas de Otero, Neruda, Carmen Conde edo Gloria Fuertesen laudorioak jaso zituen emakumea poesia errebelde eta feminista, existentzialista eta soziala egiten ahalegindu zen, gizonezkoen tradizioaren hizkuntzarekin kontrajarritakoa, beretzat, eta gainerako emakumeentzat, desio erotikoa, politikoa eta artistikoa subjektu aktibo gisa aitortzea exijituz.

Gozotasun eta min poemak dira Ángela Figuerarenak. Maitasunaren, sexu librearen eta amatasunaren gozotasunak freskotasun naturala erakusten duen eta oso emakumeena den funts emozionala daukan poesia intimistan adierazten dira; baikorra, gozamenekoa, bizitza ospatzekoa. Baina baita Gerra Zibileko beldurren mina, Gerraosteko mozalekin ezarritako isiltasunaren mina, bidegabekerien aurreko errebeldia oihua, pobreziak, desberdintasunak… ere. Itziar Lazkano antzezlea izango da Ángela Figueraren bertsoei ahotsa jarriko diena, Ainhoa Rincónek biolinean lagunduta.

Ángela Figuera Aymerich Bilboko familia aberats batean jaio zen, eta familiak ez zuen begi onez ikusi Angelak Madrilen Filosofia eta Letrak ikastea. Karrera amaitu ondoren Huelvako institutu batean plaza lortu zuen, eta bertan harrapatu zuen Gerra Zibilak. Beraren zein bere senarraren laguntza jaso zuten errepublikarrek gerra galdu ondoren, Figuera Soriara joan zen, eta bertan hasi zen bere literatur lanak argitaratzen 1948an. Beraz, bere sorkuntza lana zentsurak gogorren jotzen zuen diktadurako hamarkadetan egin zuen.

1948an, senarrak animatuta, bere lehenengo liburua izango zen “Mujer de barro” eraman zuen inprentara. Hurrengo urtean “Soria pura” argitaratu zuen, Gaztelako hiri malenkoniatsuari eskainitako omenaldia. Gerraosteko urteetan, Ángela Figuerak erabateko pobrezia ezagutu zuen, gosea, garaileek garaituei inposatutako hondamena. Bere poesia garratza, sinesmenik gabea, premiazkoa, bilakatzen hasi zen. “Vencida por el ángel” argitaratu zuen, eta pixka bat geroago argia ikusi zuten “El grito inútil” (1952), “Los días duros” (1953) eta “Vísperas de la vida” (1953) lanek.

Mexikon argitaratutako “Belleza cruel” izan zen bere liburu ezagunena eta preziatuena, baina “Toco la tierra” (1962) lanak, kritikak hauteman zuen nolabaiteko nekea erakutsi zuen. Handik aurrera, poema solte batzuk eta “Cuentos tontos para niños listos” (1980) kontakizun liburua baino ez zituen argitaratu. Gaixoaldi luzearen ondoren 1984an hil eta gero, bere azken lana izan zena heldu zen liburu-dendetara, “Canciones para todo el año”.

AGENDA

URRIAK 30. 19:30
Bidebarrietako liburutegia

“El dolor y la dulzura” – Errezitaldia
ANTZEZLEA: Itziar Lazkano
BIOLINA: Ainhoa Rincón
ZUZENDARITZA: Felipe Loza

Sarrera librea