ZINEBIEXPRESSEK, 48 ORDUTAN ERRODATUTAKO FILM LABURREN LEHIAKETAK, ZAZPIGARREN EDIZIOA ZABALDUKO DU BIHAR, LARUNBATEAN

ZINEBIEXPRESS lehiaketak zazpigarren edizioa ospatuko du aurten, eta mundu osoko zuzendariei eta teknika eta arte taldeei dago zabalik. Izen ematea BIHAR izango da, Campos Antzokiko atarian, goizeko 09:30etatik 10:30etara, eta une horretan jakinaraziko da film laburren gaia.

Taldeek bi egun baino pixka bat gehiago izango dute euren proiektuak egiteko, eta pendrive batean aurkeztu beharko dituzte, leku berean, astelehenean, AZAROAREN 10ean, arratsaldeko 18:30etatik 19:30etara. Film laburrek, gutxienez 2 minutu eta gehienez 6 minutu iraun beharko dute, kreditu izenburuak barne. Kanpoalde oso-osoa Bilboko udalerrian errodatuta egon beharko da. Lehiaketaren oinarri osoak www.zinebiexpress.com webgunean kontsultatu ahal izango dira.

Irabazleak 800 euroko diru saria jasoko du, eta bigarrenak 500 euro jasoko ditu. Horrez gain, hirugarren saria lortzen duen lanak, AUX-ek babestutako saria irabaziko du: afari bat. Irabazleak, ostegunean, azaroaren 13an, ezagutaraziko dira, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Alondegiko auditorioan. Ekitaldi berean, saritutako lanak proiektatuko dira.