“PIRINIOETAKO ZIRKUAREN GALA” EUROPAR PROIEKTUA BILBOKO KALEALDIAREN AZKEN EGUNEAN AURKEZTUKO DA BIHAR, ZAPATUA

Kukai Dantza euskal konpainiak dantza herrikoiei buruzko ikuspegi berri bat ematen duen “Gelajauziak” ikuskizuna taularatuko du, eta Manolo Alcantara kataluniarrak zurezko kutxen manipulazioan oinarritutako emanaldi bitxia eskainiko du

Programak, halaber, Hortzmugaren azken lanaz gozatzeko aukera berri bat eta “Enivrez-vous” deritzon alegia etiliko-akrobatikoa eskainiko ditu, eta amaitzeko, La Salamandre taldeak suaren manipulazioan oinarritutako emanaldi ikusgarria errepikatuko du Arriaga plazan

Uztailaren 1etik 5era bitartean egingo den Bilboko Kalealdia, Bildoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu du, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao eta Institutu Frantsesaren lankidetzaz

Informazio guztia webgune honetan eskura daiteke:  www.bilbokokalealdia.com

Zazpi Kaleen inguruan antolatutako hamar bat ikuskizunek amaiera emango diote bihar Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren XV. edizioari. Pirinioetako Zirkuaren Gala dugu biharko programaren osagai nagusietakoa. Areatzako Kaian egingo da, ordu erdi inguruko bi emanaldi kolektibotan banatuta.

Gala Zirkuko Pirinioak deritzon mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak bultzatutako ikuskizun kolektiboa da. Proiektuak 10 bazkide ditu eta Pirinio Mediterraneoa euro-eskualdearen, FEDER funtsen eta Espainia-Frantzia-Andorra lankidetza-programaren laguntza izan du. Publikoak formatu laburreko baina zailtasun handiko ikuskizunez gozatzeko aukera izango du, artista kontsakratuen nahiz zirku-arteen eskoletako lizentziatu berrien eskutik. Areatzako kaian, 18:00etan hasita, masta txinatarrean trebatutako artista frantses baten eta Kataluniako zenbait ekilibrista-talderen formatu desberdinetako emanaldiak izango dira ikusgai. Gero, 20:45etik aurrera, eszenatoki berean, Euskal Herriko, Kataluniako eta Frantziako artistak taularatuko dira, ekilibrismoa, akrobaziak eta malabarismoa lantzeko asmoz.

Biharko aurreikusita dagoen programaren gainerako ikuskizunei dagokienez, Kukai Dantza euskal konpainiak “Gelajauziak” deritzon 50 minutu inguruko muntaia eskainiko du 18:45ean eta 21:30ean Plaza Barrian, dantza herrikoiei buruzko ikuspegi berri bat emanez. Bestalde, Manolo Alcantara kataluniarrak ikuskizun berri bat taularatuko du aurtengo Bilboko Kalealdian, “Rudo” izenburuko 60 minutuko emanaldia, zurezko kutxen manipulazioan oinarritutakoa. Ikuskizun honetako aforoa kontrolatzeko, sarrerak 2 euroko prezio sinbolikoan erosi behar dira jaialdiak Areatzan duen informazio-gunean.

Programak Hortzmuga taldearen “Nola” izenburuko azken lana ikusteko aukera berri bat eskainiko du 19:00etatik aurrera, Arriaga Antzokiaren alboko aldean, bi ordu inguruko iraupenaz (aforoa kontrolatzeko, derrigorrezkoa da pertsona bakoitzeko doako gonbidapen bana jasotzea jaialdiaren informazio-gunean). Horrekin batera, La Mini Compagnie talde frantziarrak “Enivrez-vous” alegia etiliko-akrobatikoa eskainiko du berriro ere Areatzan, 19:45ean eta 22:30ean, 50 minutu inguruko iraupenaz.

Bilboko Kalealdia amaitzeko, La Salamandre taldeak suaren manipulazioan oinarritutako “Essat” lan ikusgarriaren bigarren saioa eskainiko du Arriaga plazan. Emanaldia 24:00etan hasiko da, eta kasu honetan, aurreikusitako iraupena 55 minutukoa izango da.

Programazio, ordutegi eta kokapenei buruzko informazio guztia webgune honetan eskura daiteke: www.bilbokokalealdia.com

EGITARAUA UZTAILAK 5
– 18.00: Areatza – Manolo Alcántara, Catalunya “Rudo” (circo). 60’
– 18.00: Areatzako kaia – Gala Pirineos de Circo (circo). 33’
– 18.45: Plaza Berria – Kukai Dantza, Euskal Herria “Gelajauziak” (danza). 50’
– 19.00: Lateral Teatro Arriaga – Hortzmuga, Euskal Herria “Nola” (teatro de calle). 120’
– 19.45: Areatza – La Mini Compagnie, Francia “Enivrez-vous” (danza). 50’
– 20.30: Areatza – Manolo Alcántara, Catalunya “Rudo” (circo). 60’
– 20.45: Areatzako kaia – Gala Pirineos de Circo (circo). 30’
– 21.30: Plaza Berria – Kukai Dantza, Euskal Herria “Gelajauziak” (danza). 50’
– 22.30: Areatza – La Mini Compagnie, Francia “Enivrez-vous” (danza). 50’
– 24.00: Arriaga Plaza– La salamandre, Francia “Essat” (teatro de calle). 55’