BILBAO BBK LIVE JAIALDIAK MUSIKAZ BETEKO DU HIRIGUNEA, BEREZIAK ZIKLOAREN BITARTEZ

Orotara jaialdirako 600 bonu berri salgai jarriko dira astelehenean.

Aurten ere, Bilbao BBK Live Jaialdiak Kobetamendiko larreen eremua gainditu eta kontzertuak eta bestelako kultura jarduerak ekarriko ditu Bilboko hirigunera, Bilbao BBK Live Bereziak zikloaren barruan. Ziklo horren bitartez, datorren astean zehar garatuko den aisialdi eskaintza zabala osatu egingo da; hala, Bigott, Grises, Novedades Carminha eta Rock ‘n’ Kids Band taldeek, besteak beste, doako emanaldiak eskainiko dituzte, eta Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatzak oso kontzertu berezia emango du, The Black Keys, Franz Ferdinand, The Prodigy edota Los Enemigos bezalako rock taldeen abestiak interpretatuz. Horrez gain, ostegunean, hilak 11, emanaldi sorpresa bat eskainiko da Kale Nagusian, eguerdiko ordu batean. Bestalde, jaialdiko antolatzaileek orotara jaialdirako 600 bonu berri jarriko dituzte salgai astelehenean, sarrerak birsaltzean egon daitezkeen prezio altuak neurri batean saiheste aldera.

Bilbao BBK Live Bereziak zikloa astelehenean hasiko da, hain zuzen ere 19:30ean, Printing Hop erakusketaren inaugurazioarekin; bertan, 45 horma-irudi ikusi ahalko dira, beste horrenbeste artista grafikok egindakoak aurtengo Bilbao BBK Live jaialdian arituko den bakarlari edo talde bat irudikatuz. Erakusketa jaialdiko Informazio Bulegoan bisitatu ahalko da, astelehenetik irekita izango dena BBK Aretoan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara. Erakusketan artista nabarmen ugarik hartu dute parte, tartean Paula Bonet (Vila Real, Valentzia), Patricio Oliver (Buenos Aires, Argentina), David Whittle (Bristol, UK) edota Ricardo Cavolo (Salamanca).

Asteartean, uztailak 8, kontzertu berezia ospatuko da, ‘La Coral de Bilbao Meets Bilbao BBK Live A2’ izenburupean. Emanaldian, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatzak, Urko Sangronizen zuzendaritzapean, jaialdiaren 2014ko edizioan arituko diren artisten zenbait kantu abestuko ditu, hitzordurako berariaz José Luis Canalek egokitutakoak. Kontzertua Bilboko Campos Elíseos Antzokian izango da, arratsaldeko zortzietan; sarreren prezioa 8,5 eta 18 euro artekoa izango da. Errepertorio bitxi honetan The Black Keys, Franz Ferdinand, The Prodigy, Phoenix, John Newman, Crystal Fighters, Los Enemigos, Vetusta Morla edota Band Of Horses taldeen doinuak entzungo dira, besteak beste.

Zikloan zinema ere landuko da; izan ere, Julian Templek 2006an filmatutako ‘Glastonbury’ dokumentala proiektatu egingo da, asteazkenean, hilak 9, Bilboko UPV/EHUko egoitzako Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3), 19:30ean. Arrebato Zinema taldeak martxan jarritako ekimen bat da, zuzeneko musikaren makrojaialdien fenomenoa dagokion testuinguruan kokatzeko asmoa duena. Doan sartu ahalko da,http://www.ehu.es/es/web/kulturbasque/glastonbury_9julio  estekaren bitartez gonbidapena jaso ondoren.

Jaialdia inauguratu baino zenbait ordu lehenago, ostegunean, hilak 10, 13:00etan, emanaldi sorpresa eta doakoa eskainiko da Bilboko Kale Nagusiko 19-21 zenbakien parean, BBK Aretoaren aurrean. Ostiralean ere doako kontzertuak egongo dira; Grises talde gipuzkoarrak 13:00etan joko du Arriaga antzokiko plazan, Zaragozako Bigott bandak, berriz, 14:00etan, oinezkoentzako Pedro Ibarretxe kalean, Albia lorategiko epaitegien aurrean; Novedades Carminha galiziarrak, azkenik, larunbatean arituko dira, 13:00etan, Arriaga antzokiko plazan. Egun horretan bertan, Rock ‘n’ Kids Band taldeak kontzertua eskainiko du Pedro Ibarretxe kalean, 11:00etan. Taldeak rockaren historiako abesti arrakastatsuenetako batzuk joko ditu, gurasoek eta seme-alabek elkarrekin gozatzeko formatu batean; horrez gain, egitasmoaren helburua haurrek ikuskizunean parte hartze aktiboa izateko elkarrekintzan aritzea ere bada.

Azkenik, larunbatean, hilak 12, eta igandean, hilak 13, Zorrozaurreko gaileta fabrika zaharrean Bilbao Mini Maker Faire egitasmoaren bigarren edizioa egingo da (11:00etatik 21:00etara); bertan espezialista ugari elkartuko dira, esaterako teknologoak, sortzaileak, artisauak, argiketariak, 3dprinterrak edota arotzak. Maker mugimendua, Wired Magazine aldizkariak hirugarren iraultza industrialaren germen gisa definitu zuena, Bilbora dator berriz ere, Estatu Batuetan 2005ean sortu zenetik Europa hegoaldean egiten duen lehenengo topaketetako bat bihurtu den hitzordura. Bilbao BBK Live jaialdiak berriz ere modu aktiboan kolaboratuko du Bilbao Mini Maker Faire egitasmoaren bigarren edizioarekin, jaialdia ospatzen den bitartean Bizkaiko hiriburuko kultura eskaintza osatuko duena.

Bilbao BBK Live 2014 jaialdirako bonuak erosteko aukera

Jaialdiaren bederatzigarren edizioan egon nahi dutenek oraindik badute astelehenean, uztailak 7, salgai jarriko diren 600 bonu berrietako bat erosteko aukera; hiru egunetarako sarrerak izango dira. Orotara 300 bonu jarriko dira salgai BBK Aretoan, 11:00etan, eta gainerakoak sarrerak online saltzeko kanal ofizialean jarriko dira eskuragarri(https://entradas.lasttourinternational.com/BBKLIVE/public/janto/). Bonu bakoitzak 121 euroko prezioa izango du, eta gehienez bi erosi ahalko dira pertsona bakoitzeko (BBK Aretoan) edo txartel bakoitzeko (online erosiz gero).

BILBAO BBK LIVE BEREZIAK

Astelehena, uztailak 7
11:00 Bilbao BBK Live Informazio Bulegoa zabalduko da (BBK Aretoan kokatutakoa, Kale Nagusia, 19-21, Bilbo; uztailaren 12ra arte zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara).

19:30 Printing Hop erakusketaren inaugurazioa (uztailaren 12ra arte, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara)

Asteartea, uztailak 8
20:00 “La Coral de Bilbao Meets Bilbao BBK Live A2” (Campos Elíseos Antzokia)
Prezioa: 8,5 eta 18 euro artean

Salgai hemen: Kutxabank sarea, orotarako kutxazainak, www.teatrocampos.com <http://www.teatrocampos.com> , Campos Antzokiko leihatila

Asteazkena, uztailak 9
19:30 ‘Glastonbury’ dokumentalaren proiekzioa (Julian Temple, 2006), Bilboko UPV/EHUko egoitzako Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3). Sartzeko gonbidapena behar da: http://www.ehu.es/es/web/kulturbasque/glastonbury_9julio

Osteguna, uztailak 10
13:00 Doako kontzertu sorpresa Kale Nagusiko 19-21 zenbakien parean, BBK Aretoaren aurrean

Ostirala, uztailak 11
13:00 Grises (doan, Arriaga Antzokiko plazan)

14:00 Bigott (doan, oinezkoentzako Pedro Ibarretxe kalean, Epaitegien aurrean, Albia lorategia

Larunbata, uztailak 12
11:00 Rock ‘n’ Kids (doan, oinezkoentzako Pedro Ibarretxe kalean, Epaitegien aurrean, Albia lorategia)

13:00 Novedades Carminha (doan, Arriaga Antzokiko plaza)

Larunbata, hilak 12, igandea, hilak 13
11:00-21:00 Bilbao Mini Maker Faire (Gaileta fabrika zaharra, Zorrozaurre)http://makerfairebilbao.com