HORTZMUGAK “NOLA” IZENBURUKO BERE AZKEN IKUSKIZUNA ESTREINATUKO DU BIHAR, BILBOKO KALEALDIAREN XV. EDIZIOAN

La Salamandre talde frantziarrak suaren manipulazioan trebatutako 13 artistaren arteko muntaia ikusgarria eskainiko du 22:30etan Arriaga Plazan

Mini Compagnie delakoak zirkua eta musika uztartuz landu duen “Enivrez-vous” alegia etiliko-akrobatikoa eskainiko du Institutu Frantsesaren egoitzaren ondoan

Programa osatzeko, hitzik gabeko komedia japoniar bat, konpainia nederlandar baten umore beltzezko ikuskizuna, Manolo Alcantara kataluniarraren zirku-emanaldia, Monkey Style talde frantziarraren puxika-erakustaldia eta “Marée basse” lanaren azken bi saioak eskainiko dira

Uztailaren 1etik 5era bitartean egingo den Bilboko Kalealdia, Bildoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu du, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao eta Institutu Frantsesaren lankidetzaz

Informazio guztia webgune honetan eskura daiteke: www.bilbokokalealdia.com

Hortzmuga euskal konpainiak “Nola” izenburuko ikuskizuna estreinatuko du bihar Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren XV. edizioan. Estreinaldi honekin batera, biharko programak era askotako emanaldi erakargarriak eskainiko ditu, hala nola, suaren manipulazioan trebatutako 13 artistaren arteko gaueko muntaia ikusgarria.

Bilboko Kalealdiaren aurtengo edizioaren barruan, Hortzmuga antzerki taldearen azken lana estreinatuko da. “Nola”, Bilbon 1989an sortutako konpainia honen lan berria, Arriaga Antzokiaren alboko aldean aurkeztuko da barikuan, 19:00etan, eta taldeak beste saio bat egingo du hurrengo egunean, ordu berean. Konpainiaren beraren esanetan, bi orduko ikuskizun hau “pertsonen barne-munduen mundua da, desberdina izatea arrunta den mundua, istorio bat kontatzeko bestelako mundua”. Aforoa mugatua izango da, eta muntaiaren formatu txikiari erreparatuta, saio bakoitzean gehienez 20 pertsona bildu ahal izango dira. Hori dela eta, derrigorrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena jasotzea (gonbidapen bat pertsona bakoitzeko), Jaialdiak Areatzan jarri duen informazio-gunean.

La Salamandre talde frantziarrak suaren manipulazioan trebatutako 13 artistaren arteko muntaia ikusgarria eskainiko du 22:30etan, Arriaga Plazan. “Essat” (“sua”, Etiopiako hizkuntzan) izenburuko lan honek kultur globalizazioaz gogoeta egitera gonbidatzen du, musikaz, dantzaz eta suaz baliatuta. 45 minutu inguruko iraupena du.

Bilboko Kalealdiak Institutu Frantsesarekin mantentzen duen ohiko lankidetzaren haritik, aurten, Mini Compagnie taldeak “Enivrez-vous” delako antzezlana taularatuko du. Hiru akrobatak eta soinujole batek zirkua eta musika uztartuz eskainiko duten mozkorkeriaren inguruko alegia “etiliko-akrobatiko” hau Baudelaire-ren aipu batean oinarrituta dago. 50 minutuko iraupenaz, ikuskizuna 19:00etan hasiko da Institutu Frantsesaren egoitzaren ondoan, Epalza kalearen eta Campo Volantinen arteko izkinan, Zubi Zuriren parean.

Hauexek dira biharko programa osatzen duten gainerako emanaldiak:
– “Bivouac!” izenburuko hitzik gabeko komedia, 35 minutuko iraupena duena, Sivouplait talde japoniarreko mimoen eskutik, 18:00ean eta 20:45ean, Plaza Barrian.
– Daad konpainia nederlandarrak “La cuisine macabre” aurkeztuko du Areatzako Kaian, 19:00etan eta 21:30etan. Saltzaile ibiltarien gurdi bat da umore beltzezko kaleko antzezlan honen ardatz nagusia.
– Manolo Alcantara kataluniarrak malabarismoa, ekilibrismoa eta danza konbinatzen dituen “Paquita de Plecs” izenburuko zirku-emanaldia (hainbat sari irabazi ditu) eskainiko du Areatzan, 18:45ean eta 20:30ean, 15na minutu inguruko iraupenaz.
– Monkey Style frantziarrek puxiken manipulazioan oinarritutako beste zirku-ikuskizun bat aurkeztuko dute Plaza Barrian, “Babyllon” izenburua daramana, 30 minutu inguruko iraupenaz.
– Sacekripa talde frantziarraren “Marée basse” antzezlanaren azken bi saioak (18:00etan eta 20:00etan), 45 minutuko iraupenaz, Areatzako karpan, 2 euroko prezioan.