“MUSIKAUZO” PROGRAMAK BILBOKO BARRUTIAK MUSIKAZ BETEKO DITU LARUNBAT HONETATIK AURRERA ROCK, FOLK, BLUES, JAZZ EDO TANGO DOINUEKIN

  • Estilo askotako musikariek zuzeneko 12 kontzertu eskainiko dituzte hiriko zenbait txokotan, tokiko talentua publiko zabalari doan hurbiltzeko.
  • Lehenengo kontzertua Ziztada&Rlantz reggae-dub taldearen eskutik izango da larunbatean, Atxuriko Enkarnazio Plazan, 20:00etatik aurrera. 
  • MusikAuzoren edizio honetako kartelaren parte dira Mississippi Queen, La Tokokera, Starblues, Bilboko Udal Txistulari Banda & Aitor Furundarena, Deep Sea Monk, Peru Galbete, Leonardo Alonso, Antuxuna Ta Patx eta The Binilo’s taldeak.

(Bilbon, 2022ko abuztuaren 30ean).- MusikAuzok Bilboko plaza eta txoko ugari musikaz beteko ditu iraila osoan zehar eskainiko diren 12 emanaldirekin. Horrela, Bilboko Udalak berriro ekingo dio tokiko talentua publiko zabalari hurbiltzea helburu duen programa honi, hiriko zenbait auzotan kokatuko diren agertokietan. 

Lehenengo zuzenekoa Ziztada&Rlantz taldearen eskutik izango da larunbat honetan, 20:00etan, Atxuriko Enkarnazio Plazan. Reggae-dub bikote gazte honek bere ibilbideari errepasoa egingo dio, ikuspegi soziala duten letra alternatibo eta aldarrikatzaileetan oinarritutako kantak taularatuta. 

Irailaren 25era arte, The Binilo’s, La Tokokera, Bilboko Udal Txistulari Banda & Aitor Furundarena, Deep Sea Monk, Mississippi Queen, Peru Galbete, Leonardo Alonso, Antuxuna Ta Patx eta Starblues bezalako hainbat musika taldek euren abestiak aurkeztu eta Bilboko bizilagunei doaneko kontzertuekin gozaraziko diete, rock alternatibo, folk, reggae, soul, jazz, blues, samba, pop, tango edo funk doinuekin. 

“MUSIKAUZO” PROGRAMAREN IRAILEKO ZUZENEKOAK

-ZIZTADA & RLANTZ

  • Irailak 3, 20:00etan. Enkarnazio plaza. Atxuri.
  • Irailak 15, 19:00etan. Indautxu plaza.

Reggae-dub musika taldea da, 2017an sortua. Musika propioa sortzen dute, letra alternatiboak eta erreibindikatiboak oinarri izanik eta ikuspuntu sozial zein feminista landuz.

-MISSISSIPPI QUEEN

  • Irailak 8, 20:00etan. Indautxu plaza.

Musika beltzeko taldea (soul, blues, funk, rock & roll), Bilbon 2015ean jaiotakoa. Trio akustikoko formatuan aritzen dira (ahotsa, gitarra eta bateria), eta gaur egungo musika beltzeko bertsioak egiten dituzte. Haien zuzenekoan, dantzatu eta abesteaz gain, hunkitu ere egingo dira entzuleak.

-LA TOKOKERA

  • Irailak 9, 20:00etan. Iturriondo plaza. Zurbaranbarri.

Latin-fusio musikako proiektua, Bilbon 2017an sortua. Hainbat motako erritmoak nahastea proposatzen du taldeak: cumbia, reggae, merengue, ska eta salsa. Mexiko, Txile, Espainia, Euskal Herria eta beste herrialde batzuetako musikariek osatzen dute, eta horrek kultura anitzeko ukitua ematen dio show dinamiko eta txundigarri honi.

-STARBLUES TALDEA

  • Irailak 10, 20:00etan. Lehendakari Aguirre 184. Elorrieta.

Goierri barrenean 2010ean sorturiko Blues-Rock taldea dugu, kalean bi disko dituena. Blues musika euskaraz abesten dute, bai kantu propioak eta baita rock klasikoaren bertsioak ere.

-BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA & AITOR FURUNDARENA

“Dantzarako Musika”

  • Irailak 15, 20:00etan. Sabino Arana 50. Basurtu.

Kontzertu honetan, txistuaren, akordeoiaren eta ahotsaren arteko batuketa gozatuko dugu Aitor Furundarena musikari eta konpositorearekin zein Oinkari Dantza Taldearekin.

-DEEP SEA MONK

  • Irailak 16, 20:00etan. Arabella plaza.

Folk ukituak dituen rock alternatiboko taldea. Soinu akustikoa zein kantu elektriko eta indartsuak konbinatzen dituzte, biolinetatik hasita eta sintetizadoreetaraino. 2020an hasi zirenetik, EP bat eta zenbait single kaleratu dituzte, oso kritika onekin. Gainera, penintsula osoko areto eta jaialdietan jo dute.

-PERU GALBETE

  • Irailak 22, 20:00etan. Indautxu plaza. 

“Beiratu” disko berria aurkeztu du, aurtengo apirilean kaleratu zuena. Musikari autodidakta, inprobisazio zalea eta erraietatik kantatzen duena. Peruk proiektu ugari burutu ditu, Boliviako basoan grabatutako disko bat edo konfinamenduan ateratako “Nor zara zu?” lana, esate baterako. Taldean eskainiko duten kontzertua izanik, adi bizitzeko kontzertu dugu hauxe.

-LEONARDO ALONSO 

  • Irailak 22, 20:00etan. Juan XXIII plaza. Begoña.
  • Irailak 25, 13:00etan. Frontoia. Altamira.

“Sensación Tanguera” musika eta koreografia proiektu berria da, eta Río de la Platako tangoen konpositore eta autore ezagunenak omentzen ditu, Leonardo Alonsoren moldaketa musikalekin. Genero honen lanik esanguratsuenen bilduma txukun batean zehar eramango dituzte entzuleak, melodiak eta literatura poetikoak gidatuta.

-ANTUXUNA TA PATX

  • Irailak 24, 20:00etan. Elizako plaza. Masustegi.

“Itoizezank! Abar” irratsaioko gidariak dira Antuxuna ta Patx, eta Sigrid erreginaren bila murgilduko dira ITOIZ taldearen unibertsoan barna, irudi eta doinuak berrulertuz eta magazin surrealista bat aurkeztuz.  

-THE BINILO’S

  • Irailak 24, 20:00etan. Uretamendi plaza.

Hirukote umoristikoa dira, euskaraz, ingelesez nahiz gaztelaniaz kantatutako musika show dibertigarri eta parte-hartzaile bat sortzeko erabiltzen dutenak. 30, 40, 50 eta 60. hamarkadetako abestien bertsioak taularatzen dituzte umore ukitu berezia gehituta, garai horietako irratsaio bat irudikatzen dutelarik, benetako antzinako iragarkiekin eta garai horretako arroparekin apainduta.

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus