MAGIAN ERREFERENTZIAZKOAK DIREN ARTISTEK HARTUKO DUTE PARTE, “EL BAÚL DEL MAGO”-REN ROULOTTEAREKIN GAUR ARRATSALDEAN ARRIAGA PLAZARA HELDUKO DEN OTXARKOAGAKO ETA TXURDINAGAKO MAGIA TOPAKETEN XIV. EDIZIOAN

Bilboko Udalak antolatu duen programak magiaren munduan gero eta izen handiagoa lortzen ari diren gazteak eta artista ospetsuak elkartuko ditu maiatzaren 30era arte, errepertorio anitza eskainiz. Azpimarragarriak dira Diego Calaviaren, Jon Zabalen eta Sebastien Dethiseren ikuskizunen Euskadiko estreinaldiak.

Otxarkoagako Udaltegiak “Euskadiko eta Munduko izarren gala handia”, eta “Atera ezazu barruan daramazun magia!” Magia Amateurreko V. Lehiaketaren gala jasoko ditu. Txurdinaga emanaldi ikusgarrienetako baten lekukoa izango da maiatzaren 27an, Amadeo Edama Ilusio Handien Espainiako Txapeldunarekin.

 

Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak ilusionismoaren barruti bilakatuko dira GAURTIK aurrera, Bilboko Udalak antolatzen dituen Magia Topaketen XIV. edizioari esker. Topaketak, Euskadiko eta Estatuko beste Erkidego batzuetako eta atzerriko hogei mago inguru bilduko ditu, gehienak gero eta izen handiagoa lortzen ari diren Estatu osoko gazteak, jende guztiarentzat eskainiko dituzten ikuskizun anitzekin, tailerrekin eta hitzaldiekin, hilaren amaierara arte, hainbat kaletan eta plazatan eta Otxarkoagako Udaltegian.

Programaren barruan Euskadi mailako zenbait estreinaldi eta “Magiaren Urrezko Aroari” buruzko hitzaldia jasoko dira, eta berrikuntza gisa, lehen aldiz, oihala Arriaga plazan altxatuko da gaur arratsaldean, roulotte batean egingo den ikuskizunarekin. 17:30ean Magia Topaketen edizio honi hasiera emango dion espazio mugikor horretan, hain zuzen ere, aurkeztu da gaur goizean programazioa, Justo Ezenarro Bilboko Udaleko Kultur Programazio zuzendariordearen presentziarekin.

Bere ikuskizuna Euskadin lehen aldiz eskainiko duen “El baúl de mago” karabana Arriaga plazan egongo da gaur, eta bihar, ostegunean, Otxarkoagako Kepa Enbeita “Urretxindorra” plazara joango da. Galiziako artistaren ikuskizunak 20 minutu inguruko iraupena du, eta roulottearen leku kopuru txikia dela eta (20 pertsona inguru), hainbat emanaldi eskainiko ditu 17:30etik 20:00etara. Magoaren kutxan gauzatzen den abentura magikoa da, benetako antzoki ibiltari bilakatutako karabanan. Bertan magia oso hurbiletik ikusten, sentitzen eta bizitzen da.

Aurreko edizioetan bezala, egitarauak oreka izango du ikus-entzuleekin harreman zuzena bilatzen duten kanpoko ikuskizunen eta, dituzten konplexutasuna eta ikusgarritasuna direla eta baliabide tekniko gehiago eskatzen duten barruko galen artean. Otxarkoagako Udaltegiak Diego Calaviaren eta Amaia Arriaranen “Mr.Twister” ikuskizuna jasoko du ostiral honetan, euskaraz eta ingelesez. Leku berean, baina datorren astean, maiatzaren 10ean, Tor eta Txoborro euskal magoak ikusi ahal izango ditugu.

Izan ere, programazioak indartu egin ditu aurten familia osoari eskainitako euskarazko ikuskizunak, diziplina anitzeko kalitatezko emanaldiekin. Tor eta Txoborro magoez gain, ikus-entzuleak Asier Kidamen “Aroa eta Mirariak” edo Txan Magoaren “Ipernutik natorren artista bat naiz ni” ikuskizunak ikusi ahal izango ditu.

NAZIOARTEKO ERREFERENTEAK
Maiatzaren 11n, arratsaldeko 19:30ean, “Euskadiko eta Munduko izarren gala handia” izango dugu, programazioaren emanaldi garrantzitsuenetakoa. Aurtengo edizioa, orain arteko ikusgarriena eta nazioartekoena izango da, orain arte gure Hirian inoiz ikusi den nazioarteko saridun kopuru handiena elkartuko baita agertokian. Otxarkoagan, goi mailako nazio eta nazioarte mailako bederatzi sari biltzen dituzten artistak elkartuko dira, horien artean munduko saridun bat.

Gala horretan, zeremonia maisu gisa arituko den Txan Magoak hartuko du parte. Bertan egongo dira, baita ere, nazio mailako saria lortu duen Imanol Ituiño bertako ilusionista; Alfonso Ríos, Londonen bizi den nazioarte mailako ilusionista sariduna eta ospetsua; Mago Jaque –Magiako Espainiako txapeldun eta Munduko azpi-txapelduna– hainbat sari irabazitakoa, FISM ospetsua, besteak beste; eta Le Plus Grand Cabaret du Monde ekitaldira, horrelako ikuskizunen mundu mailako erreferentzia den Frantziako telebistako saio ospetsura, eraman zuen ikuskizuna aurkeztuko duen Sebastien Dethise artista belgikarra.

Programazioaren barruan oso ibilbide luzeko artistak ere azpimarratu behar dira. Aipagarriak dira Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango diren lau ikuskizun. Maiatzaren 19an Diego Calaviak –Magia Nazio Saria– “Balambambú” estreinatuko du Otxarkoagako Kepa Enbeita “Urretxindorra” plazan; Txurdinagan, maiatzaren 25ean, Sebastien Dethisek “El hombre circo” aurkeztuko du, zirkua, magia eta malabarrak fusionatzen dituen eta umorez beteta dagoen ikuskizuna; Jon Zabal euskal mentalistak “Vuelo 15/40” estreinatuko du 26an; eta 27an, Amadeo Edama Ilusio Handien Espainiako Txapeldunak, “El arte de lo imposible. El reto” estreinatuko du. Kalean egindako magiazko edozein show benetako erronka da, eta ilusio handiak, euren espazio naturaletik, eszenatokitik, kanpo egiten badira, are eta gehiago. Ikus-entzuleengandik gertu egongo den eta inoiz baino ikusgarriagoa izango den emanaldia eskainiko du.

Bosgarren urtez jarraian, Otxarkoagako – Txurdinagako Magia Topaketek Zaleentzako Magia Lehiaketa antolatu dute. Aukeratutakoek, MAIATZAREN 30ean, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Bertan hiru sari emango zaizkie partaide hoberenei. Aurten, ekitaldiak lehiaketaren aurreko edizioaren irabazlearen, Markel Kerejetaren, emanaldia ere jasoko du. Ohikoa denez, Otxarkoagako Udaltegiko emanaldi guztiek sarrera librea izango dute, aretoko leku guztiak bete arte.

ERANSKINA: PROGRAMA

MAIATZAK 2
17:00 – 20:00 (Emanaldiak 30 minutuz behin)
Arriaga plaza. El baúl del Mago (Galizia)

MAIATZAK 3
17:00 – 20:00 (Emanaldiak 30 minutuz behin)
Kepa Enbeitia “Urretxindorra” plaza (Otxarkoaga)
El baúl del Mago (Galizia)

MAIATZAK 4
19:30. Otxarkoagako Udaltegia
Diego Calavia eta Amaia Arriaran. “Mr. Twister” (Errioxa eta Euskadi)

MAIATZAK 10
19:30. Otxarkoagako Udaltegia
Tor etaTxoborro magoak. “Aztikeriak” (Euskadi)

MAIATZAK 11
19:30. Otxarkoagako Udaltegia
“Euskadiko eta Munduko izarren gala handia”
Imanol Ituiño (Euskadi), Alfonso Ríos (Erresuma Batua), Mago Jaque (Madril), Sebastien Dethise (Belgika)

MAIATZAK 15
18:00. Otxarkoagako Udaltegia
Asier Kidam “Aroa eta mirariak” (Euskadi)

MAIATZAK 18
19:30. Garai Lorategien plaza (Txurdinaga)
Txan Magoa. “Ipernutik natorren artista bat naiz ni ¨ (Euskadi)

MAIATZAK 19
19:30. Kepa Enbeitia “Urretxindorra” plaza (Otxarkoaga)
Diego Calavia “Balambambú” (Errioxa)

MAIATZAK 23
19:30. Otxarkoagako Udaltegia
Imanol Ituiño (Euskadi)
“Magiaren Urrezko Aroa”. Hitzaldia

MAIATZAK 25
19:30. Garai Lorategien plaza (Txurdinaga)
Sebastien Dethise “El hombre circo” (Belgika)

MAIATZAK 26
12:00 – 14:30 (Emanaldiak 45 minutuz behin)
Garai Lorategien plaza (Txurdinaga)
Dramagia “Mister Blancoren misterioak” (Euskadi)

MAIATZAK 26
19:30. Garai Lorategien plaza (Txurdinaga).
Jon Zabal (Euskadi). “Vuelo 15/40”

MAIATZAK 27
13:00. Garai Lorategien plaza (Txurdinaga)
Amadeo Edama “El arte de lo imposible. El reto” (Errioxa)

MAIATZAK 30
19:30. Otxarkoagako Udaltegia
“Atera ezazu barruan daramazun magia” Lehiaketaren V. edizioa, aurreko edizioaren irabazlearen parte-hartzearekin: Markel Kerejeta.