BILBOKO UDALAK ZAPATU HONETAN ZABALDUKO DU EGUNGO PANORAMAKO AHOTS ESANGURATSUENAK SANTUTXUN BILDUKO DITUEN “UDABERRIKO BERTSO SAIOAK” PROGRAMAREN 34. EDIZIOA

Santutxuko Bertso Eskola beteranoarekin batera antolatu den egitaraua maiatzeko hiru zapatutan, 5ean, 12an eta 19an, egingo da Karmelo plazan, eguerdiko 13:00etatik aurrera. Maiatzaren 25ean, barikuan, itxiko da, auzoan egingo den Bertso-poteoarekin, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

 

“Udaberriko Bertso Saioak”, Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udalak elkarrekin antolatzen duten bertsolaritzaren inguruko ohiko programak bere 34. edizioa zabalduko du datorren zapatuan, maiatzaren 5ean, Santutxuko Karmelo plazan. Ekitaldian lehen mailako bertsolariak arituko dira, Maialen Lujanbio Euskal Herriko Txapeldun Nagusia 2009an eta 2017an, Sustrai Colina egungo Iparraldeko txapelduna eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian bost bider finalista izandakoa, Oihana Bartra irakasle eta itzultzailea eta Bizkaiko txapelketako finalista izandakoa, eta Etxahun Lekue egungo Bizkaiko Txapelduna.

Aire zabaleko bigarren hitzordua maiatzaren 12an izango da. Ohikoa denez, hitzordua eguerdiko 13:00etan hasiko da, Karmelo plazan, eta oraingo honetan, ikus-entzuleek Andoni Egaña bertsolari beteranoaren –Euskal Herriko Txapelketa Nagusia lau aldiz irabazitakoa–, Jone Uriaren, Igor Elortzaren eta Amets Arzallusen bertsoez gozatu ahal izango dute, azken hori Euskal Herriko Txapeldun Nagusia 2013an.

Karmelo plazan eskainiko den hirugarren eta azken saioa maiatzaren 19an izango da, eta bertan, lehiaketan ohikoak diren eta lurralde bakoitzeko finaletan parte hartu duten lau ahots elkartuko dira, Uxue Alberdi, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Ibon Ajuria. Ohikoa denez, Santutxuko Bertso Eskola izango da gai jartzailea.

Egitaraua MAIATZAREN 25ean amaituko da, Bertso – poteoaren beste edizio batekin, 20:00etatik 23:00etara, Santutxu auzoko hainbat aisia gunetatik (Kuluxka, Dacca, Aintzi, Baztertxu eta Mahats Berri tabernak). Bertso-poteoan, Bizkaiko txapelketan hainbat bider finalista izan den Onintza Enbeitak, Nerea Ibarzabalek eta Bizkaiko Txapeldun birritan izan den Arkaitz Estiballesek osatutako hirukotea arituko da.

Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gain, “Udaberriko Bertso Saioak” programak euskaltzaleen arteko topaleku izan eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskola beteranoak gure Hirian egiten duen lana bultzatu nahi du. Azpimarratzekoa da, baita ere, emakumeek egitarau honetan duten presentzia garrantzitsua, bertsolaritzaren panoraman emakumeak %15 inguru badira, “Udaberriko Bertso Saioak” egitarauan presentzia hori %40koa baita.

UDABERRIKO BERTSO SAIOAK – PROGRAMA

ZAPATUA, MAIATZAK 5
13:00 – Karmelo Plaza
Maialen Lujanbio
Sustrai Colina
Oihana Bartra
Etxahun Lekue

ZAPATUA, MAIATZAK 12
13:00 – Karmelo Plaza
Jone Uria
Andoni Egaña
Amets Arzallus
Igor Elortza

ZAPATUA, MAIATZAK 19
13:00 – Karmelo Plaza
Uxue Alberdi
Aitor Mendiluze
Aitor Sarriegi
Ibon Ajuria

BARIKUA, MAIATZAK 25
“Bertso – Poteoa”
20:00 – 23:00 Santutxu auzoa
Onintza Enbeita
Nerea Ibarzabal
Arkaitz Estiballes

+ INFO: www.kulturabarrutik.eus