KULTURA SAILAK, GURE HIRIKO LITERATUR LEHIAKETA ZAHARRENA DEN GABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETAREN XXXII. EDIZIORAKO DEIALDIA EGIN DU

3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko akzesit bi egongo dira lehiaketaren modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz.

Jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar diren kontakizunak aurkezteko azken eguna martxoaren 31 izango da. Lehiaketaren oinarri osoak www.bilbaonet/concursoaresti eta www.bilbao.net/arestilehiaketa webguneetan daude jada.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, gure Hirian denbora gehien daraman eta azken urteetan partaidetza marka guztiak gainditu dituen Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXII. edizioa deitu du. Lehiaketak 3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko akzesit bi banatuko ditu modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.

 

Ekimen horren bitartez, Kultura eta Hezkuntza Sailak, literatur sorkuntza sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzak eman duen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazi gura ditu. Lehiaketa edozein nazionalitateko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diren lanen jatorrizko hizkuntza Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, izan ere, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere hamabost orrialde izango dituzte, espazio bikoitzean, eta alde bakarretik idatziak.

Aurreko edizioetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatur munduko pertsona ezagunek osatua. Partaideek MARTXOAREN 31 arteko epea izango dute euren lanak paperean edo Saileko webgunearen bitartez aurkezteko. Horrela, oinarri osoak eta parte hartzeko buletina helbide hauetan daude jada: www.bilbao.net/concursoaresti edo www.bilbao.net/arestilehiaketa.

2014ko azken edizioan, Francisco Javier Pérez Zamorako idazleak irabazi zuen gaztelaniazko kategoriako lehen saria “Que no se entere Freud” lanarengatik. Euskarazko kategoriari dagokionez, irabazlea Ekaitz Goienetxea idazle eta kazetari bizkaitarra izan zen, “Olatuak hausten diren lekua” lanarekin. Horrez gain, lehiaketaren historian lehen aldiz, egile berak lortu zuen epaimahaiak emandako akzesitetako bat, “Zorionak” kontakizunarekin. Lehiaketak 578 jatorrizko lan jaso zituen, horietako 39 euskaraz, eta gainerakoak gaztelaniaz. %50 baino gehiago (324) Estatu kanpotik jaso ziren.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 – 1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, eta, horrez gain, literatura unibertsaleko zenbait lan itzuli zituen euskarara eta Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu zuen. Idatzi zituen lan ezagunenak “Euskal harria” (1968) eta “Harrizko herri hau” (1971) eta 2014an mende erdi bete zuen “Harri eta herri” (1964) olerki liburuak dira.