BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” PROGRAMAREN EDIZIO BERRIA INAUGURATUKO DU DATORREN ASTEARTEAN, VICTOR DEL ÁRBOL ETA CARLOS ZANÓN ELEBERRI BELTZ IDAZLEAK ELKARTUZ

Izen handiko egile horiek emozioei eta eleberri beltzari buruz egingo dute berba, kulturan espezializatutako Alicia San Juan kazetariak moderatuko duen topaketan.

Datorren ASTEARTEAN, URTARRILAREN 20an, bere bederatzigarren edizioa hasiko duen “Eztabaidak literaturarekin” egitarauak, literaturaren inguruko topaketak eskaintzen ditu hilean behin, asteartez eta arratsaldeko 19:30etan, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan.

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketaren bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, bere bederatzigarren denboraldia hasiko du datorren asteartean, URTARRILAREN 20an, Víctor del Árbol eta Carlos Zanón idazle katalanak elkartuko dituen ekitaldiarekin.

 

Eztabaidak edo elkarrizketak hilero egiten dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Oraingo honetan Alicia San Juan kazetari espezializatua izango da ekitaldiaren gidaria.

 

Urteko lehenengo hitzordu honetarako, “Eztabaidak literaturarekin” ekimenak emozioei eta eleberri beltzari buruzko solasaldia proposatzen digu, hainbat thriller egin dituen Víctor del Árbolekin eta Vázquez Montalbánen berezko oinordekotzat hartzen den Carlos Zanónekin. Gero eta kalitate handiagoko lanak eskatzen dituzten irakurleen artean gero eta jarraitzaile gehiago dituen generoa da eleberri beltza. Eta urtarrileko gonbidatuek ezaugarri komunen bat badute, genero horretan egindako ibilbide aintzatetsia eta sariz betetakoa da, hain zuzen ere. Biek ere asko zaintzen dute euren pertsonaien soslaia, sentimenduak idazlanen funtsezko parte bilakatuz.

 

Víctor del Árbolek (Bartzelona, 1968) aintzatespen ugari lortu ditu. Fernando Lara Sariaren finalista izan zen 2008an, “El abismo de los sueños” lanarekin eta ONCE-k antolatutako Tiflos Eleberri Saria irabazi zuen 2006an, “El peso de los muertos” lanarekin. 2011n, hamar bat hizkuntzatara itzuli den eta Frantzian best sellerra izan den “La tristeza del samurái” argitaratu zuen. Lortu dituen sari ugarien artean, Lyongo Eleberri Beltz jaialdian Le Point argitalpen frantsesak emandako Europako eleberri beltz hoberenaren Le Prix du polar Européen izenekoa azpimarratu behar da.

 

Carlos Zanóni (Bartzelona, 1966) dagokionez, poeta, eleberrigile, gidoigile, artikulugile eta literatur kritikari da. Vázquez Montalbánen berezko oinordekotzat hartzen da, eta “Yo fui Johnny Thunders” lanarekin aurkitu zuen bere lekua eleberri beltzaren barruan. Zanónek hainbat poesia liburu idatzi ditu, eta lan horiek aintzatespen garrantzitsuak ekarri dizkiote. 2008an idatzi zuen lehenengo eleberria, eta 2009an “Tarde, mal y nunca” argitaratu zuen. 2012an “No llames a casa” lana heldu zen. Lan horrek Valencia Negra sariketako eleberri hoberenaren saria lortu zuen, eta Daniel Calpasoro euskal zuzendariak ditu zinera eramateko eskubideak.

 

BEDERATZIGARREN EDIZIOA

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

 

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

 

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.