“Gremlins” edo “El chip prodigioso” lanen zuzendariak Bilboko Zinemaldiaren ohorezko saria eramango du, gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Campos Antzokian.
Horrez gain, FANT2FUN sekzioaren barruan, bihar, gaueko 22:15ean, ikus-entzuleek “Gremlins” (1984) mitikoaz eta “The Howling (Aullidos)” (1981) klasikoaz gozatu ahal izango dute pantaila handian
Bilboko Udalak antolatzen duen eta gaurtik maiatzaren 12ra bere 24. edizioa ospatuko duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, Joe Dante zuzendariari emango dio FANTastikoaren Izarra saria GAUR ARRATSALDEAN, fantasiazko generoan ibilbide osoa aintzatesten duen ohorezko saria.
Beste lan batzuen artean “Gremlins” edo “El chip prodigioso” zuzendu dituen zinegilea gaur goizean agertu da komunikabideen aurrean, Nekane Alonso Kultura zinegotziak lagunduta. 20:00etatik aurrera, Campos Antzokiko agertoki nagusian, egingo den zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du saria.
Garrantzia hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA saria ere gaur arratsaldean banatuko da. Oraingo honetan, bere lehenengo film luzea, “Errementari” (2018), estreinatu berri duen Paul Urkijo zinegile gasteiztarra izango da Dante beteranoaren eskutik saria jasoko duena. Galaren amaieran, Johannes Roberts zinegilearen “Los extraños: Cacería nocturna” film luzearen estatuko premierea eskainiko da eta, ondoren, ikus-entzuleek lehiaketara aurkeztutako hamaika euskal film laburrak ikusi ahal izango dituzte.
Joe Dante 1946an jaio zen Morristownen, New Jerseyn. Roger Corman mitikoaren faktorian trebatu zen editore gisa, zuzendaritzarako jauzia eman zuen arte, Allan Arkush-ekin batera Hollywood Boulevard (1976) zuzenduz. 1978an bakarrik aritu zen John Sayles hasi berriak idatzitako “Piraña” lanean, eta harekin batera egin zuen lan berriro “The Howling (Aullidos)” (1981) filmean.
1983an arrakastaz betetako lankidetzari eman zion hasiera Steven Spielbergekin, bera zuzendari eta Spielberg ekoizle, “The Twiligh Zone” serie mitikoaren zine moldaketaren segmentuetako bat zuzenduz. Lankidetza horrek beste lan askorekin izan zuen jarraipena: “Gremlins” (1984) arrakastatsua, haren ondorengo “Gremlins 2” (1990) edo “El chip prodigioso” (1987). Egin dituen beste lan ezagun batzuk “Exploradores” (1985), “No matarás al vecino” (1989), “Matinee” (1993), “Pequeños guerreros” (1998) edo orain arte egin duen azkenengo film luzea, “Burying the Ex” (2014), izan dira.
TOPAKETA DANTEREKIN
Bihar eguerdian, 13:00etatik aurrera, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, “Joe Dante: En el límite de la realidad” liburua aurkeztuko da, doktoretza tesi gisa hasi eta egilearen, Álvaro Pita kritikari, idazle, zinegile eta musikari coruñarraren, erronka pertsonal bilakatu zen saiakera luzea. Joe Danteri buruz egin zitekeen libururik hoberena egiteko erronka jarri zion bere buruari. Sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.
Halaber, omenaldi gisa, zinemaldiko FANT2FUN sekzioaren barruan, bihar, baita ere, 22:15etik aurrera, ikus-entzuleek “Gremlins” (1984) mitikoa eta “The Howling (Aullidos)” (1981) klasikoa barne hartzen dituen zine saio bikoitzarekin gozatu ahal izango dute pantaila handian. Dantek berak aurkeztuko ditu aretoan.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek (www.fantbilbao.eus) iaz eman zion bere lehenengo FANTastikoaren Izarra saria Barbara Crampton (New York, 1958) antzezleari. Barbara Crampton, Stuart Gordonen “Re-animator” (1985) klasikoaren protagonista izan zen, Bilbo bisitatu zuen eta ordura arte bere azken filma zena, “Beyond the Gates”, aurkeztu zuen.