Programak “Arty Walks” jarduera jasoko du aurten ere, auzoaren eraldaketa zuzenean ezagutzeko eta arte eta sorkuntza espazioen arduradunekin elkarrekintzan aritzeko; ekainaren 8an eta 9an izango da. Izen emateak: www.kulturabarrutik.eus
Bilboko Udalaren BLV-Art programak astelehenean, maiatzaren 7an, zabalduko du Bilbo Zaharreko arte eta sorkuntza espazioetara egiten diren bisita gidatuetan izena emateko epea. Arty Walks ekimena ekainaren 8an eta 9an izango da, 18:00etatik aurrera, eta saio bakoitzak bi ordu inguruko iraupena izango du. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa izango da maiatzaren 31 baino lehen izena ematea www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez, kontuan izanda pertsona bakoitzak bisita bakarrerako baino ezin izango duela izena eman.
Partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Bisita bakoitzean auzoa bizitzen ari den eraldaketa eta eraldaketa horrek inguruan finkatzen ari den arte erkidegoaren garapenean izan duen eragina azalduko da. Beste alde batetik, sorkuntza espazioetako jendeak euren espazioen ezaugarri bereziak azalduko dizkie bisitariei, eta artistekin hitz egin ahal izango da euren artelanei buruz, erakusketen kasuan.
Aurten ekimen gehiago sartu dira bisiten programan, inguruan erreferentziazkoak diren artistekin eta lekuekin, besteak beste, serigrafiaren teknika erabiliz azulejuen eta lauzen apainketan 30 urte baino gehiagoko esperientzia duen Jota Cerámica Creativa artisautza tailerra edo diseinuan, horma-irudien pinturan, erakusleihoen apainketan, galerietako artean eta hiriko artean, besteak beste, lan egiten duen Hibernando estudioa. Horrez gain, aurreko edizioetatik ezagunak eta inguruan erreferentziazkoak diren beste espazio batzuk ere bisitatuko dira, Andoni Eubaren tailerra, La Pepita / Eskina Femenina edo Sarean, adibidez.
Aurreko urteetan bezala, arte ibilbideetan parte hartzen dutenek, BLV-Art jaialdiaren izpiritua ondoen irudikatzen duten argazkiak saritzen dituen argazki lehiaketan hartu ahal izango dute parte; beraz, epaimahaiak gehiago baloratuko ditu argazkien bitartez irudikatutako ideiak, kalitatea eta teknika baino. www.kulturabarrutik.eus
Beste alde batetik, ekainaren 15ean eta 16an –18:00etan eta 12:00etan, hurrenez hurren–, Berreginen Museoarekin lankidetzan, bisita gidatuak antolatuko dira, euskaraz eta gaztelaniaz, Mariaren Bihotzaren plazako aztarnategira, hiri barruko Euskadiko aztarnategi interesgarrienetakora, San Frantziskoko Komentu zaharreko eta Príncipe Don Alfonso Kuarteleko aztarna arkeologikoak dituena. Bisitak 60 minutu inguru iraungo ditu. Bisita hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da 944150231 telefono zenbakian izena ematea.
BLV-ART programak kulturaren aldeko apustua egiten du, aipatutako auzoen garapenerako eta erabateko birgaitzerako elementu bultzatzailea baita. Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen ekimen horren helburua gune horren kultur espezializazioa da, bertako biztanleen eta bisitarien beharrei erantzun ahal izateko.
Arte Ibilbideen zerrenda:
2018/06/08 (Gaztelaniaz)
Irteera: 18:00etan –Doctor Fleming plaza (Estatuaren aurrean)
Ibilbidea: Hibernando Estudioa – Andoni Euba – Eskina Femenina – Jota Cerámica Creativa – Sarean
2018/06/08 (euskaraz)
Irteera: 18:00etan –Marzana tabernaren kanpoaldea
Ibilbidea: Eskina Femenina – Jota Cerámica Creativa – Andoni Euba – Xake
2018/06/09 (Gaztelaniaz)
Irteera: 18:00etan – Mariaren Bihotzaren plaza (Sarean)
Ibilbidea: Jota Cerámica Creativa – Hibernando Estudioa – Andoni Euba – Eskina Femenina – Sarean
2018/06/09 (Gaztelaniaz)
Irteera: 18:00etan– Bilbo Zaharra plaza
Ibilbidea: Andoni Euba – Eskina Femenina – Jota Cerámica Creativa – Hibernando Estudioa – Sarean
Aurreikusitako iraupena: 2 ordu