BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ELIA BARCELÓREN ETA PILAR SÁNCHEZEN AZKEN LIBURUEN AURKEZPEN EKITALDIA JASO DU ASTEAZKENEAN

El color del silencio (Barceló) eta Mujeres errantes (Sánchez) lanen aurkezpen ekitaldia, César Coca kazetariak gidatuko duena, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Ekitaldi-solasaldia streaming-ez eskainiko da “kulturguneatb.eus” webgunearen bitartez

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, literaturako bi lanen aurkezpen ekitaldia jasoko du asteazkenean, MAIATZAREN 9an: Elia Barcelóren El color del silencio; eta Pilar Sánchezen Mujeres Errantes. Topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin aretoko leku guztiak bete arte, eta kultur gaietan espezializatutako César Coca kazetariak aurkeztuko du. Blanca Rosa Roca Editorialeko zuzendaria ere bi idazleekin solasean arituko da.

Elia Barceló Espainiako letren barruan nazioartean aintzatespen handiena duen idazleetako bat da, 500.000 ale baino gehiago saldu baititu atzerrian. Eldan (Alacant) jaioa, Barcelók nazioarteko hainbat best seller ditu. El secreto del orfebre lana hamaika hizkuntzatara itzuli da. El vuelo del Hipogrifo, Disfraces terribles eta Las largas sombras lanek misterioko eta genero beltzeko eleberriaren elementuak eta istorio errealistak uztartzen dituzte. Genero nahasketa hori, girotze historiko eta pertsonaien sorkuntza lan bikainarekin batera, dira bere lanaren ezaugarriak.

El color del silencio lanean, Barcelók Espainiako historiaren uneetako batzuk gogorarazten ditu, Asturiaseko meatzarien 1934ko matxinadatik hasi eta Francisco Francoren altxamendutik, Espainiako gerraosteko garaitik eta Marokoko protektoratutik jarraituz. Elia Barcelók narraziorako duen arte guztia erakusten du eleberri honetan, beste garai batera, militar, diplomatiko eta merkatari espainiarrek maitasun eta traizio istorio ederrenak eta ilunenak bizi izan zituzten herrialdera, eramateko.

Bere azkenengo lana, elementu historikoak dituen thrillerra da. Bertan, hirurogeita zortzi urte dituen eta, 1969an La Moratik, bere familiak Rabaten zuen etxe handitik, oihal batzuen bila irten eta inoiz itzuli ez zen ahizpa salbatu ezin izanaren alhadurak markatuta jarraitzen duen Helena Guerreroren ikerketa kontatzen digu. Krimen hark familia osoa hondatu zuen, eta kide bakoitzak, kasu gehienetan tragedian amaitu zen bide bat hartu zuen.

Beste alde batetik, Mujeres errantes lanean, Pilar Sánchez Vicentek omenaldia eskaintzen die 60ko hamarkadan Suitzara lanera emigratu zuten emakume asturiarrei. Bizirik irauteko borrokatu ziren eta euren ametsak lortzeko euren erabakiak hartu zituzten hiru emakumeren istorioa da.

Mujeres errantes adiskidetasun, barkamen, inbidia, nostalgia eta anbizio eleberria da, arintasunez idatzitakoa, paisaia eta pertsonaia ahaztezinekin, iraganera eramaten gaituena eta pertsonaia bikainen eta ñabarduraz betetakoen berehalako etorkizuna ezagutzeko hurrengo orrialdean jarraitzera behartzen gaituena. Puzzlea balitz bezala, aurrera egin ahala bere piezak osatuz doan eleberria, azkenean Gretaren pertsonaiaren gainean itxiz doan istorioen mosaikoa osatu arte.

Comadres (2001) izan zen bere lehenengo eleberria. Ondoren Gontrodo la hija de la luna (2004), La diosa contra Roma (2008) eta Operación Drácula (2010), bere lehenengo eleberri beltza, etorri ziren. 2013an Luciérnagas en la memoria argitaratu zuen, Argentina eta Asturias arteko erbesteari buruzko istorioa.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.