IDEBARRIETA KULTURGUNEAK “GABRIEL ARESTI. UNA BIOGRAFÍA DE BILBAO” SEVE CALLEJAREN AZKEN LIBURUAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU DATORREN OSTEGUNEAN

Andere Arestik eta Aresti Kultur Elkarteko Xabier Monasteriok parte hartuko duten ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, “Gabriel Aresti. Una biografía de Bilbao” Seve Callejaren azken liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren ostegunean, URTARRILAREN 21ean. Aresti Kultur Elkartearen eta Erein argitaletxearen eskutik, eta egilearengandik eta bere lanetik gertu egon ziren zenbait pertsonaren testigantzari esker, Seve Calleja idazle eta irakasleak poetaren, eta adiskidez eta etsaiz, argiz eta itzalez osatuta zegoen bere hiriaren soslaia eskaintzen du, egilearentzat zein Hiriarentzat oso konplexua izan zen garaian.

Topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean –sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte– eta partaideen artean Andere Aresti eta Aresti Kultur Elkarteko Xabier Monasterio egongo dira.

Gabriel Aresti, poeta eta euskaltzale sutsua izateaz gain, pertsona alaia eta agonikoa izan zen, etengabeko bidaiaria bera jaio zen Bilbon zehar, ekosistema liriko eta bizipenekoa zituena. Horregatik, hiria hobeto ezagutu nahi duenak bera bezalakoen eskutik eta gidaritzapean egin beharko du. Eta, aldi berean, bere poesiara gehiago hurbildu nahi duenak orrialde hauetako mapa zabal dezake, eta bertan aurkituko dituen irudien eta oharren bitartez, bere hiria, bere lana eta bizitza eraikitzeko oinarri bilakatu zuen bilbotarraren ariman sakondu ahal izango du.

Literaturan, musikan eta arte plastikoetan, egileak ezinbestean daude euren bizipenekin eta euren jaioterriekin edo hartu dituzten herriekin lotuta. “Gabriel Aresti. Una biografía de Bilbao” lanaren bitartez, irakurleak bere haurtzaroa, adiskideak, idazlea ibilitako lekuak, ezagutzeko aukera izango du eta, aldi berean, baita urte haietan Hiriak bizi izan zuen hiri eraldaketa ere. Gaur egun eraikin berriek hartzen dituzten orubeak eta eraikin zaharrak, jarduera aldatu duten betidaniko saltokiak, dagoeneko ahaztuta dauden zenbait bizitzeko modu eta ohitura…

Seve Calleja (Zamora, 1953) Euskal Herrian bizi da umetatik, eta Hizkuntza eta Literatura irakasle da Bilboko Miguel de Unamuno institutuan. Literaturaren inguruan eman zituen lehen pausoak poesian eta helduentzako ipuinen arloan eman zituen, eta “Zurgai” poesia taldeko kide izateaz gain, “Ignacio Aldecoa” ipuin saria irabazi zuen 1981ean. Ez ditu inoiz alde batera utzi helduentzako lanak, baina bere benetako debozioa gazteei zuzendutako liburuak dira. Hori da irakurle eta kritikari edo ikerlari eta irakasle gisa denbora gehien kentzen dion literaturaren alorra. Gazteei zuzendutako literaturari buruzko azterlanak eta artikuluak egin eta ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu. Horrez gain, zenbait sari garrantzitsu ere irabazi ditu arlo horietan.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren hedapena duen gunea da.