FEDERICO GARCÍA LORCA OMENTZEKO KONTZERTUA IZANGO DA BARIKUAN BIDEBARRIETA KULTURGUNEAN

Kontzertua emango dute Lina Tur Bonet biolinistak eta Álex Ramírez Gama pianistak Bidebarrieta Liburutegian, arratsaldeko 19:30ean. Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunea espazioan egingo da datorren barikuan, urtarrilak 22, Federico García Lorca omentzeko kontzertua. Lina Tur Bonet biolinistaren eta Álex Ramírez Gama pianistaren eskutik, ikuskizun musikala Bidebarrieta Liburutegiaren areto nagusian izango da eta Granadako poetak Bilbo bisitatu zuenekoa gogoratuko da; zehazki, Bidebarrieta Liburutegian izan zen berak idatzitako poema batzuk irakurtzen.

Kontzerturako sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. Claude Debussy, Maurice Ravel, Francis Poulenc eta Manuel de Fallaren zenbait pieza joko dira, 27ko belaunaldiko poeta garrantzitsuaren gogoko konpositoreak denak ere. Omenaldiko kontzertua amaitzeko, García Lorcaren beraren abesti espainol zahar batzuk eskainiko dira.

PROGRAMA

Sonata biolin eta pianorako- 1917, C. Debussy
Allegro vivo
Intermède (Fantasque et léger)
Finale (Très animé)

Sonata biolin eta pianorako-1927, M. Ravel
Allegretto
Blues (Moderato)
Perpetuum mobile (Allegro)

Atsedena

Sonata biolin eta pianorako (Federico García Lorcaren oroimenez)- 1942, F. Poulenc
Allegro con fuoco
Intermezzo (Très lent et calmé)
Presto trágico (1949ko bertsioa)

Espainiako suite herrikoia multzotik (P. Kochanski-ren moldaketa)- 1914, Manuel de Falla
El paño moruno
Nana
Asturiana
Polo

Abesti espainol zaharrak multzotik (biolin eta pianorako bertsioa)- 1930, Federico García Lorca
Anda Jaleo
Las morillas de Jaén
Zorongo
El café de chinitas
Nana de Sevilla

FEDERICO GARCÍA LORCAREN OROIMENEZ

Barikuan Bidebarrieta Kulturguneko kontzertuko arduradunak Lima Tur Bonet biolinista eta Álex Ramírez pianista izango dira.

Gazte-gaztetik musika barroko, erromantiko eta gaur egungo musikako artistarik ospetsu askorekin lan egin ondoren, LINA TUR BONET biolinistak 400 urte baino gehiago biltzen duen errepertorio zabala dauka. Horrez gain, konpositore bakoitzaren musika instrumentu egokiarekin jotzen du: biolin barrokoa edo biolin erromantikoa.

Bere aldetik, ÁLEX RAMIREZek sariak irabazi ditu zenbait lehiaketetan bakarlari eta ganberako musikari modura. Gaur egun ganbera-musikan dabil batez ere, baina beste diziplina batzuetan ere interesa dauka eta kolaborazio batzuk egin ditu: Camerata Gramenet, “Joans Valls” Ganbera-Orkrestra eta Andorrako Orkestra Nazional Klasikoa.