ANE ZABALA ETA GALDER PEREZ, FAROLIN ETA ZARAMBOLAS 2016KO ARATUSTEETAN

Jai Batzordeak Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak aukeratu ditu: Farolin eta Zarambolas. Aurten Ane Zabala (Kazetaria. Radio Euskadin denbora luzez dihardu eta gero, gaur egun Hamaika Telebistan lanean dabil) eta Galder Perez (Aktorea eta gidoilaria. Hainbat lan eta filmetan parte hartu du. Gainera, Radio Euskadin lanean egon da ia 20 urtez eta ETBko hainbat programen gidoilari izan da) izango dira Farolin eta Zarambolas hurrenez hurren.

Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da – ez du zertan Bilbon jaiotakoa izan behar-, Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen duen pertsonaia da, eta Semper Plus Ultrak (Beti haratago) laburbildu dezake bere ustea. Zarambolas, aldiz, gibel-handi bat da, Bilboko hiritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duen jauntxoa, Carpe Diemek laburbiltzen du bere bizi-lema.

1984ko Aratusteetan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zarambolasen epaiketa Bilbon, aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.

Gure hiribilduan gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agerian uzteko.