IBAIONDOKO BARRUTIAK, ZINEAREN, MUSIKAREN, LITERATURAREN EDO ARTEAREN BITARTEZ IKUS-ENTZULEAK BESTE GIZARTE ERREALITATE BATZUETARA HURBILDU NAHI DITUEN “GIZAZINEA” EKIMENAREN EDIZIO BERRIA JASOKO DU BIHARTIK AURRERA

Bilboko Udalak, Caostica elkartearekin batera, antolatutako kultur programa Ibaiondoko barrutiko hainbat lekutan eskainiko da, MARTXOAREN 19ra arte.

Zine dokumental saioez, zinegileekin egingo diren solasaldiez eta hitzaldiez gain, egitarauak erakusketak eta zuzeneko musika ere jasoko ditu.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak “Gizazinea” programaren edizio berria inauguratuko du bihar. Programa martxoaren 19ra arte luzatuko da, Ibaiondoko barrutiko hainbat lekutan, San Frantziskoko Udaltegian, Bidebarrietako Liburutegian, Bilborocken edo BilbaoArten, besteak beste. Caostica elkartearen lankidetza duen ekimenaren barruan, ikus-entzuleei, gizarte errealitate eta arazo desberdinetara hurbiltzeko aukera emango dieten film laburrak eta luzeak –dokumentalak eta fikziozkoak– eta musika eta beste arte proposamen batzuk eskainiko dira.

“Gizazinea” programak, arte eta ikus-entzunezkoetako sormenarekin lotu nahi ditu balioetan oinarritutako hezkuntza eta giza eskubideak, gaurkotasuna duten gai batzuetara hurbiltzeko, nazioarteko gatazketara, emakumeak munduan bizi duen egoerara, haurren babesera, pobreziara edo elkartasunera, besteak beste, zinearen, arte plastikoen, musikaren edo literaturaren bitartez, gogoeta, solasa eta tolerantzia sustatzeko. Egitarauak, Donostiako Zine eta Giza Eskubideen Jaialdiaren lankidetza izango du lehen aldiz, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren urtean, eta jaialdi horren azken edizioan saria lortu zuten bi film eskainiko dira.

Horrela, joan den astelehenetik “Emakumezko idazleak Islamen” erakusketa bisitatu ahal izango da San Frantziskoko liburutegian. Erakusketa horretan hainbat material jasotzen da –liburuak, DVD-ak, etab.– Islam izen horren barruan ematen den kultura, hizkuntza eta emakumeen literatur sorkuntza lan zabala erakusteko. Erakusketa horri, “Begira iezadazu ondo” izenekoa gehituko zaio bihar, MARTXOAREN 3an, San Frantziskoko liburutegian, baita ere. Erakusketa horrek, urritasun psikikoa edo intelektuala duten pertsonen arte plastikoen alorreko prestakuntzan ari den Bilbao FormArte eskolako ikasleen lan aukeraketa jasotzen du.

Zine programazioaren zati nagusia MARTXOAREN 9an hasiko da, Donostiako Zine eta Giza Eskubideen Jaialdiarekin elkarlanean gauzatuko den saioarekin. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, San Frantziskoko Udaltegiak, jaialdiaren azken edizioan saritutako Italian ekoiztutako “Bring the sun home” film luze dokumentalaren eta “Diszipline” film labur suitzarraren emanaldia jasoko du.

Ikus-entzuleen saria lortu zuen “Bring the sun home”, eguzki ingeniari gisa prestakuntza jasotzeko Indiara bidaiatzen duten zenbait kontinentetako emakume talde baten esperientzia dokumentatzen duen istorio baikor eta biziaz betetakoa da. Asko ia analfabetoak diren eta ingelesik ulertzen ez duten arren, sei hilabeteko ahalduntzearen ondoren euren herrialdeetara heldu eta bizi diren landa guneetako herri urrunetara argi elektrikoa eraman ahal izango dute.

Programazioak MARTXOAREN 10ean jarraituko du, giza eskubideei buruzko Europako zenbait jaialditan saria lortu duen beste dokumental baten emanaldiarekin. Emakumeen egoeran zentratzen diren lanak direla eta ezaguna den Raquel Castells zinegile gaztearen lana da. Oraingo honetan, “A tiro de piedra de la cárcel” (2013) filmak Palestinako lurralde okupatuetara eramango gaitu, familien beldurra eta, ezer egin barik, poliziak atxilotzeko eta desagertzeko arriskua duten haurren eta gazteen zaurgarritasuna irudikatzeko.

“Gizazineko” programazioaren barruan Fernando León de Aranoaren azken filma “Un día perfecto” (Jatorrizko Gidoi Hoberenaren Goya Saria 2016) eskainiko da, eta baita Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko – Zinebiko azken edizioan parte hartu zuten zenbait film labur, Caostica jaialdiko euskarazko film laburren eta bideoklipen saioa –Kimuakekin lankidetzan–, ArtHouseZinema BilbaoArten eta Fran Araujoren eta Ernesto de Novaren “El rayo” lanaren emanaldia, Hassamek Espainiatik Marokora itzultzeko traktorean egiten duen bidaiari buruzkoa. Film hori zuzendarietako batek, Ernesto de Novak, aurkeztuko du MARTXOAREN 18an, Bidebarrietako Liburutegian, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Horrez gain, edizio honetan, “Emakumezko idazleak Islamen” erakusketarekin erlazionatutako hitzaldia eskainiko da San Frantziskoko liburutegian, Islam izenez ezagutzen den eta kultura, hizkuntza eta literatura eskaintza zabala hartzen duen aterki handi horren azpian emakumezkoek egindako literatur ekoizpen aberatsera hurbiltzeko.

Ohikoa denez, programari jai batekin emango zaio amaiera. Oraingo honetan “Anai-Arrebak” eta DJ Eneko Yaniz arituko dira Hika Ateneoan, MARTXOAREN 19an, gaueko 21:00etatik aurrera. Rocka, metala eta beste estilo batzuk etengabe lantzeaz nekatuta, Pasai Donibaneko zenbait musikarik “Anai-Arrebak” taldea sortu eta dantza egiteko musika egiten hasi dira, logia endogamikoa sortuz, gitarran oinarritutako sustrai indartsuak ezkutatu ezinik. Jousilouli, NaizRoxa, Trigger Travis eta beste talde batzuetan aritutako boskoteak disko-musika errebindikatzen du, garai hau zuri beltzean koloreztatzen du, ezintasuna arrakasta bilaka daitekeela sinesten du eta bere indar intrinsekoa dantzara bideratzen du.

Jarduera guztiek sarrera librea izango dute, leku guztiak bete arte.

AGENDA

OTSAILAK 29– MARTXOAK 19
San Frantziskoko liburutegia. Erakusketa “Emakumezko idazleak Islamen”.
Islam izenaren azpian bizi diren kultura, hizkuntza eta literatura anitzak ezagutzeko aukeratutako liburu, DVD eta bestelako material erakusketa.

MARTXOAK 3 – 19
San Frantziskoko Udaltegia. “Bilbao FormArte” eskolako   “Begira iezadazu ondo” Erakusketa.  (Inaugurazioa martxoaren 3an, 20:00etan).

MARTXOAK 9
19:00 San Frantziskoko Udaltegia. Zine dokumentala
“Bring the Sun Home”, Film Luze Hoberenaren Ikus-entzuleen Saria eta “Discipline” Film Labur Hoberenaren Epaimahaiaren Saria Donostiako Zine eta Giza Eskubideen Jaialdian. Aurkezlea: José Miguel Beltrán, Donostiako Zine eta Giza Eskubideen Jaialdiaren zuzendaria.

MARTXOAK 10
19:00 San Frantziskoko Udaltegia. Zine dokumentala
“A tiro de piedra de la cárcel” (2013). Solasaldia Raquel Castells zuzendariarekin eta Carlos Gil argazki zuzendariarekin.

MARTXOAK 11
20:00 Bilborock. Emanaldia eta solasaldia
Fernando León de Aranoaren “Un día perfecto”.

MARTXOAK 12
20:00 HikaAteneo. Caostica jaialdiko euskarazko film laburren eta bideoklipen emanaldia, Kimuakekin lankidetzan, eta ondoren saioa DJ Paco Merluzorekin eta DJ Anisakisekin.

MARTXOAK 15
18:00 San Frantziskoko liburutegia. HItzaldia: “Emakumezko idazleak Islamen”, Josune Muñoz.

MARTXOAK 16
19:00 San Frantziskoko liburutegia. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko – Zinebiko azken edizioan parte hartu duten “Princesas”, “Digpa Ning Alti”, “Blackstone Children” eta “Lanbide y la dignidad” film laburren emanaldia, Juan Carlos Idirin “Lanbide y la dignidad” film laburraren zuzendariaren presentziarekin.

MARTXOAK 17
18:00 BilbaoArte. ArtHouseZinema. Pedro Costa zikloa. “Juventud en marcha (Juventude em marcha)” (Portugal, 2006) filmaren emanaldia.  

MARTXOAK 18
19:30 Bidebarrietako liburutegia. “El Rayo” filmaren emanaldia eta solasaldia, Ernesto de Nova zuzendaria bertan dela.

MARTXOAK 19
21:00 Hika Ateneoa. Kontzertua
Amaierako jaia, Anai-Arrebak taldearen eta DJ Eneko Yanizen emanaldiarekin.

Jarduera guztiek SARRERA LIBREA IZANGO DUTE, LEKU GUZTIAK BETE ARTE.

+ INFO: www.kulturabarrutik.eus