Bilboko poetaren literatur lanen artean euskaraz argitaratzen lehenengoa den lan horren itzulpena Andrés Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak egin du, jatorrizko testua prosa poetikoan ere jasoko duen ospakizuneko argitalpenerako (El Gallo de Oro arg.).
Horrez gain, urte osoan luzatuko diren jarduera bereziak programatu dira, Blas de Otero Fundazioarekin lankidetzan. Jarduera horien artean hitzaldiak, literatura topaketak edo erakusketa bibliografiko bat daude.
Martxoaren 21ean, “Historia (casi) de mi vida” lanean oinarrituta Ramón Bareak zuzendu duen antzerki ikuskizuna estreinatuko da Azkuna Zentroko auditorioan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Infopuntuan eta www.bilbaokultura.eus webgunean
Datorren martxoaren 15ean ehun urte beteko dira Blas de Otero (1916-1979) olerkaria gure Hirian jaio zenetik. 50eko hamarkadako gizarte poesiak izan zuen ahotsik azpimarragarrienetakoa eta gaztelaniaz idatzitako literatura garaikidearen egile garrantzitsuenetakoa izan da. Ospakizun hori dela eta, Bilboko Udalak, idazlearen izena daraman eta haren ondarea zaintzen duen fundazioarekin elkarlanean, prosa poetikoan idatzitako “Historias fingidas y verdaderas” lanaren euskarazko edizioa aurkeztu du, Andrés Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak itzulia “Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak” izenburuarekin.
Liburua, euskarara itzultzen den Oteroren lan guztien artetik lehenengoa, Blas de Oterok Kuban egon zen garaian –1966tik 1968ra– idatzi zuen lan horren gaztelaniazko jatorrizko testua ere jasotzen duen ospakizuneko argitalpena da (El Gallo de Oro arg.). Lana Madrilera itzuli aurretik idatzi zuen, dagoeneko minbizia diagnostikatuta zuela. Gaixotasun horren ondorioz poetak gertuago ikusi zuen heriotza, eta bere bizitzako azken urteetan biderkatu egin zuen bere poesia lana. Edizio berezi horrek, Kuban poetarekin egon zen eta liburu hori “desagertu ezin eta eder” gisa definitzen duen J.M. Caballero Bonalden sarrerako testua jasotzen du.
Liburua eta poetaren jaiotzaren mendeurrena dela eta prestatu den programazio berezia, gaur goizean aurkeztu dira Bilboko Udaletxean. Bertan egon dira Nekane Alonso Kultura zinegotzia –eta Blas de Otero Fundazioko kidea–, Andres Urrutia, eta prosaz idatzitako “Historia (casi) de mi vida” testua antzerkira moldatu duen Ramón Barea. Antzezlana MARTXOAREN 21ean estreinatuko da Azkuna Zentroan, ospakizuneko programaren barruan.
Izan ere, urte osoan zehar kultur jarduera bereziak prestatu dira, Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Jarduera horien artean hitzaldiak, literatura topaketak poeta garrantzitsuekin edo erakusketa bibliografiko bat daude. Jarduera horien egoitza nagusia Bidebarrietako Liburutegia izango da.
“Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak” lanaren mila ale inprimatu dira. Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak itzuli du euskarara, eta Sabina de la Cruzen eta 2013an Cervantes Saria lortu zuen Caballero Bonald (Jerez de la Frontera, 1926) poeta andaluziarraren testuak jasotzen ditu hitzaurre gisa. Azken horrek La Habana gogoratzen du bere lerroetan, “han ikusten genuen elkar, liburu desagertu ezin eta eder hau idazten zuen bitartean”. Eta Bondaldek gehitzen du “‘Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak’ lanaren tonu orokorra batzuetan prosaren argitasun esplizituz betetzen den arren, egileak azaltzen, aztertzen, interpretatzen… duena poesian tinko instalatuta dago”.
EGUN INSTITUZIONALA
Bestetik, eta poeta Bilbon jaio zela ehun urte betetzen direla eta, datorren MARTXOAREN 15ean, jende guztiarentzat zabalik egongo den ekitaldi instituzionala egingo da. Horrela, goizeko 11:00tik aurrera poema irakurketa egingo da Egaña kalean, Blas de Otero oroitzen duen bustoa dagoen lekuan. Lore eskaintzaz gain, hainbat agintarik, Juan Mari Aburto alkatea buru dela, poemen aukeraketa bat irakurriko dute, gure poeta handienetako baten bizitza eta lana gogorarazteko.
Egun horretan bertan, arratsaldez, 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak, Bernardo Atxaga eta Joan Margarit idazleek eta Andres Urrutia lanaren itzultzaileak berak, Blas de Otero gogoratuko duten ekitaldia jasoko du. Poetaren arlo guztiak gogoratuko dituzte, pertsonala eta literaturarekin lotutakoa, zenbait poema irakurriz. Atxagak “Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak” lanaren zati bat irakurriko du. Topaketa Sabina de La Cruzek, fundazioaren presidente eta Blas de Oteroren lana gehien aztertu eta ondoen ezagutzen duen pertsonetako batek, aurkeztuko du.
Literaturako figura garrantzitsuenen arteko topaketek, maiatzaren 30etik ekainaren 4ra egingo diren jardunaldiekin izango dute jarraipena, Bidebarrieta Kulturgunean. Topaketak Oteroren lanaren zenbait alderdiren azterketan zentratuko dira, eta bertan parte hartuko dutenen artean Pere Gimferrer, Antonio Sarrión eta Marcos Ana idazleak edo Paco Ibáñez kantautorea daude.
Beste alde batetik, eta Poesiaren Munduko Egunarekin bat etorriz, MARTXOAREN 21ean –20:00etan–, “Historia (casi) de mi vida” lanean oinarrituta dagoen eta Ramon Bareak zuzendu duen antzezlana estreinatuko da Azkuna Zentroaren auditorioan. Bertan, Blas de Otero saltoak emanez arituko da, bere bizitzari eta lanari buruzko azalpenak emanez. Oraingo honetan, Felipe Lozak, José Luis Estradak, Mikel Losadak eta Irene Bauk jarriko diote ahotsa poetari, eta Naiel Ibarrola marrazkilari, musikari eta jazz kritikariak musikaz lagundu eta grafismoa egingo du. Antzerkirako moldaketa lan horretan José Fernández de la Sota poeta bilbotarrak ere hartu du parte.
Sarrerak gaurtik aurrera eskura daitezke Info Puntuan eta Bidebarrieta Kulturguneko webgunearen bitartez, 12 euroan (10 euro Azkuna Zentroko bazkideentzat).
POESIA SARIA
Martxoaren 15ean bertan zabalduko da Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Sariaren IX. Ediziora lanak aurkezteko epea. Sari hori 2008an jarri zuen martxan Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Sariaren helburua literatura sorkuntza sustatzea eta hiriak emandako egile garrantzitsuenetako baten irudia Bizkaiko hiriburuko biztanleei hurbiltzea da. Sariak 5.500 euro banatuko ditu bere modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz.
2015ean ospatutako zortzigarren edizioan, gaztelaniazko modalitateko irabazlea Ramón Pérez Parejo idazlea izan zen, “Gremios” poesia liburuarekin, eta euskarazko saria Mikel Etxaburu Osak lortu zuen, “Hirian zainetan” lanari esker. Azken edizio horretan 449 poesia liburu aurkeztu ziren –10 euskaraz– horietako asko Amerika erdialdetik eta hegoaldetik bidalitakoak. Horrek argi eta garbi uzten du erabat finkatuta dagoen sariaren nazioarteko izaera.
Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Sariaren IX. Ediziora lanak aurkezteko epea 2016ko maiatzaren 30ean amaituko da. Sariaren oinarriak helbide hauetan daude:
www.bilbao.eus/premioblasdeotero (gaztelaniaz)
www.bilbao.eus/blasdeoterolehiaketa (euskaraz)