HARINO PANADERAREN ERAIKINAK JASOKO DU MODU EGONKORREAN IRALABARRI AUZOAREN HISTORIA IRUDIEN BITARTEZ AZALTZEN DUEN ERAKUSKETA

Bilboko Udalak, Irala 100 urte batzordea auzokide elkartearen laguntzarekin, antolatu duen “Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena”, ondarearen hedapenerako BILBAO IZAN programaren barruan sartzen da, eta aurretik Kirikiño Etorbideko plazan erakutsi zen.

Jaso duen harrera bikaina ikusita, Bilboko Udalak modu egonkorrean erakustea erabaki du Iñaki Llamas Iralabarriko auzokidea eta, Arantza Pareja ikerlari eta UPV/EHUko Historia Garaikide irakaslea komisario izan dituen “Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena” erakusketa Harino Panaderaren eraikinean. Erakusketak, antzinako argazkien, prentsako aipamenen eta material dokumental anitzaren bitartez, erakusten du Bilboko txoko berezi honen historia, XX. mendearen hasieran Juan José Irala industria gizonak lantegia eraiki eta garai hartako asmo handiko hirigintza proiektua martxan jarri zuenetik.

Orain auzoko eraikin enblematikoenetako batean modu egonkorrean instalatuko den erakusketa ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan sartzen da, eta bere jatorria, Irala 100 urte batzordearen ekimen batean dago. Hainbat hilabetez, erakusketa osatzen duten argazkien eta bestelako dokumentuen bilaketa sustatu zuen batzordeak.

Orain arte kanpoaldean, Kirikiño Etorbideko plazan, bisitatu ahal izan den erakusketak, leku egonkorra hartuko du orain Harino Panaderaren eraikinean, Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitzan, Iralako auzokideek behin baino gehiagotan eskatu duten bezala. Urte osoan zehar, auzoaren mendeurrena ospatzeko zenbait jarduera bultzatu dituzte, partaidetzan oinarritutako aurrekontuetan horretarako onetsitako aurrekontu partidari esker.

“Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena” erakusketak Iralabarri auzoaren panoramika eskaini nahi du, jatorrietatik gaur egunera arte, txoko berezi horren eraikuntzaren amaieratik mende bat betetzen den urtean, hain zuzen ere. Erakusketak, auzoaren jatorriari, Juan José Irala ameslariaren ezinbesteko lanari, eraiki zen etxebizitza motari, enpresa gizonak umeen osasunaren eta hezkuntzaren aurrean zuen ardurari, elkarte mugimenduei eta auzoaren hirigintza eta arkitektura berezitasunei buruzko irudi eta azalpen testuak biltzen dituzten formatu handiko hamabi panel ditu.