FANTEN, BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAREN XXII. EDIZIOAK, MAIATZAREN 6TIK 13RA EGINGO DEN HURRENGO EDIZIORAKO LANAK AURKEZTEKO EPEA ZABALDU DU

Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatutako zinemaldiaren barruko “FANT laburrean” sekzioan, Epaimahaiak eta Ikus-entzuleek Film Labur Hoberenari ematen dioten Saria, 3.000 eurokoa, eta Epaimahaiak Euskal Film Labur Hoberenari ematen dion Saria, 2.000 eurokoa, azpimarratu behar dira.

Beste urte batez, Sekzio Ofizialeko generoko Film Luze Hoberenari ematen zaion saria ere banatuko da. Horrez gain, telefono mugikorrez grabatutako film laburren lehiaketaren I. edizioa deitu da. Lehiaketa horrek 2.250 euro banatuko ditu saritan.

Ikusteko kopiak aurkezteko azken eguna 2016ko MARTXOAREN 15a izango da.

Maiatzaren 6tik 13ra bitarteko astean, Bilbo zine fantastikoaren hiriburu bilakatuko da berriro ere, FANT-en XXII. edizioa ospatuko baita. Bilboko Udaleko Kultura Sailak, lehiaketan parte hartuko duten filmak aurkezteko epea zabaldu du. Aurtengo edizioan ere, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak izan diren film laburrei ematen zaizkien 3.000 euroko bi sariekin eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur hoberenari ematen zaion 2.000 euroko sariarekin jarraituko da.

Film laburren alorreko hiru sari horiek ezin daitezke banatu barik geratu, eta Kultura eta Hezkuntza Sailak zinegile gazteen lanari laguntzeko hasi duen lana indartzea dute helburu, izan ere, hori baita Zinemaldi Fantastikoaren nortasun ikurretako bat.

Aipatutako sari horiez gain, FANT-en hurrengo edizioak, diru-saririk ez duten baina erreferentziazkoak diren sariekin jarraituko du: sekzio ofizialeko genero fantastikoko Film Luze Hoberenaren Saria, filmaren egileari emango zaiona, eta FANTROBIA Saria, azken urteetan, zine fantastikoaren barruan, gorantz doan balio gisa azaldu den pertsonari emango zaiona.

Horrez gain, beste urte batez, Sekzio Ofizialeko film luzeei ematen zaizkien sari hauekin ere jarraituko da: Gidoi hoberenaren Saria, Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak ematen duena, eta zuzendaritza berritzaileenari ematen zaiona, FAS Zine Klubaren eskutik.

FILM LABURRAK MUGIKORRAREKIN
Berrikuntza gisa, FANT-en hurrengo edizioak, telefono mugikorrarekin grabatutako fantasiazko edo beldurrezko film laburren lehiaketa berria jasoko du. Proposamen bakoitzak gehienez ere 10 minutuko iraupena izango du, eta oinarrietan adieraziko diren kalitateari eta formatuari buruzko zenbait betekizun bete beharko ditu.

Zinemaldiaren antolatzaileek, aurreko urteetan egindako trailer faltsuen lehiaketa ordezkatuko duen lehiaketa berri hori martxan jartzea erabaki dute, partaideek, gaur egun, baliabide xumeekin, baina irudimen handiarekin, istorio bikainak konta daitezkeela erakuts dezaten.

Lehiaketa honetatik aukeratzen diren film laburrak FANT 2016ko saio batean emango dira. Saioa amaitu ondoren, ikus-entzuleek zuzenean bozkatuko dute, eta boto gehien jasotzen duen lanak 750 euroko saria jasoko du. Zinemaldiko epaimahaiak 1.500 euroko beste sari bat ere emango du.

Kasu guztietan, ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna 2016ko MARTXOAREN 15a izango da. Materialak lehiaketara aurkezteko prozedura eta beharrezkoa den gainerako informazio guztia, zinemaldiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsulta daitezke: www.fantbilbao.eus